Historia hau azken 75 urteetan errepikatu da Palestinan. Nakba (arabiarrez ‘hondamena’), Israelek egindako garbiketa etnikoa eta palestinarren exodoa ekarri zuena, 1948an hasi zen eta, zoritxarrez, ez da oraindik amaitu. Mendebaldeko herrialdeek beste alde batera begiratzen dute eta itxurak egiten dituzte. Izan ere, ezin ahaztu duela pare bat aste Eurovisión musika eta “herrialdeen arteko bake” ekitaldiak abeslari israeldarraren aurkako txistualdia ezkutatzeko artifizialki sortutako txaloak jarri zituela.
Une honetan gure mendeko sarraski edo genozidio handiena bizi dugu, lerro hauek idaztean Gazako 36.000 palestinar baino gehiago hil dituena, aurkitu gabe dauden gorputzak eta desagertutako pertsonak barne hartu gabe. Haien hiri, etxe, ospitale, eskola eta abar suntsitu eta erre ondoren, palestinarrak ihesi dabiltza, baina ezin dute hori ere egin.
Urtarrilean, Israelek Gazaren ebakuazioa agindu zuenean, Hind Rajab, sei urteko ume palestinarra, bere senideekin autoz zihoan ihesi tanke israeldar batek eraso zituenean. Layan Hamadeht, 15 urteko lehengusina, izan zen Ilargi Gorri Erdiaren anbulantzia deitu zuena, laguntza eske. Tiro soinuak entzun ziren, eta telefonoaren beste aldean medikuek Hinden ahotsa entzun zuten, beste guztiak hilda zeudela eta bakar-bakarrik oso beldurtuta zegoela esanez. Hamabi egun geroago, gurasoak leku horretara itzuli ahal izan zirenean, autoa bala zuloz josita ikusi zuten eta barruan Hind eta familiako kide guztiak hilda. Metro batzuetara anbulantzia zegoen, Israelgo misil batek guztiz sun- tsituta.
Hebe de Bonafini aktibista argentinarraren hitzekin amaitu nahiko nuke: “Munduan ama eta aita balaz galtzen dituen ume bakar bat dagoen bitartean, jostailu eta abestien ordez egunero heriotza eta tortura ikusten dituena, zertarako balio dute eskola pedagogikoek? Zertarako balio dute psikologoek, filosofoek, antropologoek edo soziologoek, haur bat une honetan hiltzen bada?”.