Negazionistek proposaturikoa egia balitz, nola azaldu litezke martxotik hona gertatu den guztia, ospitaleetan egon diren gaixo-kopuru handia edo zoritxarrez hainbeste hildako egotea? Gutariko bakoitzak ezagunak ditu gaixotu egin direnak, eta, tamalez, hil egin direnak ere bai.
Negazionisten iritziz, esate baterako, 5G teknologiak zerikusia du birusaren hedapenarekin. Baina teknologia hori uhin elektromagnetikoak dira eta bertatik energia garraiatzen da, besterik ez. Uhin horien bidez zerbait gehiago garraiatu ahalko balitz, zientzia-fikzioan ikusi dugun leku batetik besterako teleportatzeari buruz hitz egin beharko genuke. Eta hori, agian, noizbait helduko da, baina momentu honetan ezinezkoa da.
Maskaren erabileraren ukazioa ere egin dute: egia da pandemia honen hasieran nahaste handia egon zela, eta osasun agintariek ere ez zetozen bat gai honekin. Baina une honetan ebidentziak argi eta garbi dio maskarak erabiltzeak infekzio-arriskua gutxitzen duela. Negazionistak pilatuta eta maskara gabe ikusten direnean, osasunerako arrisku bat da, eurentzat eta guztiontzat ere bai.
Pertsona batzuek ebidentzia zientifikoa ez onartzea proposatzen dute, azken finean gure interesekoa ez dena baztertu egin nahi dugun leloarekin (maskara deserosoa denez, eraginkorrak direla dioten ebidentzia ukatzen dugu). Baina frogatuta dagoenari begiak ixtea ez da irtenbidea.