Baina bi hizkuntza horiek zientzian asko erabiltzen dira, edo, behintzat, beraietatik eratorritako hitzak. Alfabeto grekoa, esate baterako, matematikan poligono baten angeluak izendatzeko edo fisikan erradiazio mota ezberdinak adierazteko erabiltzen da: alfa, beta, gamma. Edo egun koronabirus berriaren aldaerak izendatzeko.
Biologiako hainbat hitz esaterakoan badakigu zer esan nahi duten beraiek duten jatorriagatik eta hitz osaketagatik. Horrela, birus hitza latinezko pozoi hitzetik dator, zerbait kaltegarria dela adieraziz; antigeno hitzak grekoko anti aurrezkia du eta gen hitza, bere esanahia kontrakoa sortzen duena izanik. Eta horrela hainbat hitz eta termino.
Medikuntzan ere hainbat gaixotasunen izenek latinezko edo grekozko jatorria dute: hepatitis (hepat-, gibela eta –itis, inflamazioa), pneumonia (pneumon-, birika eta –ia, ezaugarria).
Zientziaren arlo ezberdinek ere horrelako jatorria dute: mikrobiologia (mïkro-, txikia, bio-, bizitza eta–logia, ikasketa), oftalmologia (ophthalmo-, begia eta –logia, ikasketa),
Zientziaren hainbat alorretako adibide horiek eta beste askok adierazten dute bi hizkuntza klasiko hauek jakintzaren eta gure kulturaren esentzian bertan daudela. Ezagutza etimologikoa, hau da, jatorria, erakustea komenigarria litzateke, horrek hiztegi zientifikoa ondo ulertzea, gogoraztea eta ondo erabiltzea erraztuko lukeelako. Azken finean, hitz zerrenda amaigabe bat buruz ikastea inolako loturarik gabe askoz ere zailagoa baita, hitzen esanahia lehenago zuten esanahitik ondorioztatu baino. Zientzia bat ikastea bere terminologia ondo ulertzea baita.