Bada bestelako turismo mota bat, ostera, Done Jakue bidea egiten ari direnena. Duda barik, askoz ere osasuntsuago dugu erromesen turismoa. Egunero ikusten ditugu erromesak, eta udan gero eta gehiago gainera. Baina behin baino gehiagotan galdetu izan diot nire buruari ea zer pentsatuko duten erromes horiek gure bailaraz. Zer ulertuko ote dute gure ingurua ikusita? Herritarrekin duten harreman apurretan, euskararik entzungo al dute? Ziur naiz irudi lausoa eraikiko dutena euren memorietan. Izan ere, bailara erdia baino ez dute pasatzen; hortaz, beste erdia ezin ezagutu, noski.
Eta zer eskatuko diogu, bada, turista horri, guk geuk ere gure eskualdea ez badugu behar beste ezagutzen? Bertakook ere turismoa Txorierrin egin genezake, badago-eta zer ezagutu. Uda sasoian, gainera, aukera ezin hobea izaten da ingurua ezagutzeko, eguraldia lagun izateaz aparte, herri eta auzoetako jaiak aukera ederra izaten direlako horretarako. Halandaze, egin dezagun turismoa jairik jai! Lekuan lekuko errealitatea ezagutzeko modu atseginagorik?
Txorierrin berton badago non aukeratu udako jaietan: Zamudioko santomasetatik hasi, eta Lezamako edo Sondikako santakurtzeetara. Oraintxe pasa berri ditugu Goitioltzako, Goiherriko eta Asuako jaiak, denak ere “autentiko-autentikoak”. Laster datoz Aldekonekoak ere, -horiek egingo digute uztaila eta abuztua arteko zubi lana-. Eta gero abuztua, iraila…
Ikusten duzunez, ondo pasatuz Txorierri ezagutzeko aukerak egon badagoz. Jaien agenda bateratua prestatu beharko genuke, ez duzu uste? Aldizkari honetan bertan egin liteke, agenda digitalean. Ondo legoke, ezta? Zer deritzozu?