Herri-basoak

Erabiltzailearen aurpegia Sabin Arana 2019ko mar. 28a, 10:46

Oraindik ere, herri batzuek badituzte herri-basoak edo baso komunalak. Larrabetzuk 1488an zatitu eta banatu zituen herri-basoak herritarren artean. Hurrengo lerrootan azalduko dugu zergatik eta nola.  

XV. mendearen amaieran, Larrabetzun errekako burdinola edo zeharrola bi zeuden: Sarrikolea eta Goikoola burdinolak. XVI. mendearen hasieran, Udalak Urkulu burdinola eraiki zuen; eta Zugasti leinukoek, bestalde, Olatxu-Zubieta burdinola. Zeharrola horiek ikatz asko behar zuten menaren burdina ateratzeko, eta kontuan hartu behar da ikatz-zama bat egiteko bost egur-zama behar zirela. Gainera, basoetako egur-kopurua mugatua zen, eta beste herri bateko egurra lortzeak arazo legalak zekartzan. Ondorioz, Zugasti leinukoak, olagizon nagusi moduan,  eta beste olagizon batzuk basoetako goi-aldeetan haritzak landatzen hasi ziren, abeltzainen eta baserritarren kaltetan, zeren eta goi-alde horietako larreak oso preziatuak baitziren. Hor dugu, beraz, Larrabetzun sortu zen gatazka, interesak zirela medio halako iraultza ekarri zuena. 

Hala ere, akordioa lortu zutela pentsa daiteke, guztiek abantailaren bat ikusi zutelako. Izan ere, segidan jo zuten Bizkaiko Anderearengana –Isabel Gaztelako erregina– basoak zatitzeko baimena eskatzera. Gaztelako errege-erreginek ez zuten inolako trabarik jarri, Bizkaiko Jaurerriari lotutako interesak burdinean baitzituzten: haien gerra-grinak ez zuen mugarik eta Bizkaiko burdinolek burdina erruz emateko gertu-gertuan ei zeuden. Lur-neurtzaile adituek lagunduta, ehun eta hamasei zatitan banatu zituzten basoak, garai hartan ehun eta hamasei sutegi (etxebizitza) zeudelako. Bestalde, esan beharra dago etxebizitzetan bizi zirenak etxebizitza horien jabeak ere bazirela –XVIII. mendean, berriz, ia etxebizitza guztiak eman ziren errentan–, nahiz eta, noski, etxe guztiak ez ziren handiak eta aberatsak. Agirietan jaso den moduan, gehienak sutegi osoa zuten etxebizitzak ziren, sutegi erdikoak edo laurdenekoak ere bazeuden arren. Zugasti leinukoek, Larrabetzuko jauntxorik handienek, sei sutegi zituzten, aspalditik herriko elizatearen patroiak ere baziren eta. Bestetik, Uriko kaleko etxe batzuei sutegi erdia edo laurdena egokitu zitzaien, ondasun txikiak baitzituzten: ortua eta gauza gutxi. Bakoitzak bere sutegiaren arabera ordaintzen zuen hamarrena, baita baso-zatiaren tamainaren arabera ere. Gaur egun ere igarri dezakegu basoak nola zatitu ziren: guztiek antzeko baso-lurra izan dezaten, basoak marraz banatu ziren goitik behera. 

 

Gehigarria 

Abeltzainek bizimodua ateratzeko bi­de berria topatu zuten ikatzari esker. Beren ohiko lanaz gain, ikazkintza lan gehigarritzat zuten eta, hortaz, esan dezakegu ikatzak aberastasuna ekarri zuela baserrira. Era berean, elizek eta baselizek beren baso-zatia zuten, eta hortik ateratzen zen ikatza gehienbat eraikuntzen mantenurako erabiltzen zuten. Gainera, garai hartan, Larrabetzun, hiru errementari-tailer zeuden, eta hori ere ikatzak ekarri zuen aberastasunaren adierazgarri izan zen.

Argi dago 1488. urtean gertatutakoa iraultza izan zela, baina ez zen betiko iraultza, beste era bateko ikatzak eta labeek sistemaren aldaketa ekarri zutelako eta, ondorioz, beste iraultza bat.

Handitze azkarreko pinuek, garai batean, baserriari aberastasuna ekarri zioten; hala ere, badirudi  gaur egun jasaten duten gaitzak aldaketaren bat eskatzen duela, eta argi dago horren gaineko hausnarketa egin beharko genukeela. Zergatik ez aprobetxatu espezieen aniztasunari aukera emateko? Zer egin behar da goi-lurretan aurrera begira?    

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).