Jakina, izango dira gure artean ederki gidatzen dutenak, arauak errespetatuz eta, inportanteagoa dena, gainontzeko gidariak errespetatuz.
Izan ere, nahi dugun bezala gidatzen dugu, errepidean bakarrik joango bagina bezala. Arau-hausteak aipatzen hasita, bereziki batek molestatzen nau gehien: hiru erreieko autobidean/autopistan, inor ez doala eskuinekotik. Hamaika aitzakia daude: ‘kamioiek erabat kiskalita dute eskuineko erreia’, ‘seguruago gidatzen dut erditik’, ‘ez banaiz autobidetik/autopistatik irtengo, ez naiz eskuinetik joango’. Inozo aurpegiarekin uzten naute, eta momentuan ez dakit zer erantzun. Hobe esanda, badakit zer erantzun nahi diedan, baina ez dakit modu egokian egiten, une horretan deabruak hartzen nauelako.
Jarrai dezagun bestelako arau-hausteekin. Keinukariak. Aizue, ematen duela autoek keinukaririk ez dutela, eta badute, jakina badutela! Eta erabiltzen ez ditugun bakoitzean, arriskuan jartzen ditugu gainontzeko gidariak. Izan ere, zergatik igarri behar dut nik zu nora zoazen? Zergatik aldatzen zara errei batetik bestera atzetik datozenak abisatu gabe? Ez da justua. Ondo gidatzea zure esku dago eta zure erantzukizuna da.
Biribilguneak. Ba al dakigu nola egin behar diren? Ba ez. Ez daukagu ideiarik. Teoriak dio kanpoaldetik eman behar ditugula, baina nahi dugun bezala egiten ditugu, eta keinukaririk erabili gabe! Barrutik, kanpotik, bi edo hiru erreiak gurutzatuz, ispiluetatik gure atzetik inor badator ikusi gabe… jarraitu nezakeen, baina biribilguneek kapitulu berezia merezi dute.
Eta arau-hausteak aipatzen ere segitu nezakeen (abiadura, seinaleei kasurik ez egitea, oinezkoentzako pasabideetan ez gelditzea…) baina azken paragrafo honetan, erreflexiorako deia egin nahiko nuke. Errepideak ez dira Bat Formulako zirkuitoak. Ez goaz bakarrik, errespetua zor diegu gainontzeko lagunei, eta askotan arrisku-egoerak saihestu ditzakegu. Edo zerbait larriago gertatu behar al da ondo gidatzeak duen garrantziaz ohartzeko?