Ameriketara heldu eta berehala itaundu euskuen zertara goazen. Bada, turismoa egitera. Aduanakoaren aurpegiak, Guillaume Apollinariek abstraktutik zehatzagora ekarririko subrealismo berbea dakarsku gogora ato berean. To Eugene? To do what?- dino begiak izarrik disdiratsuenaren moduan ipinirik. Beste hainbeste gertatu jakun txakur txiki eta guzti hegazkinean joian oesteko kaktus sikua bera baino amerikarragoa emoten eban emakumeak: Are you going to Eugene! Why?! Ailegau eta batera kargutu ginen hainbeste harriduraren arrazoiaz. Eugene herri Hippya da, turismo gidetan leidu leitekena baino askoz hippyagoa!
Antza danez, Kalifornia garestitik alde egin eta milakak joan ziran Eugenera. Barazkijale, ekintzaile eta marihuana erretzaileek hirurogeigarren urtea ezkero defendatzen dabe maitasuna egitea eta ez gerrea. Peace and love. Batzuk komunetan bizi dira, beste batzuek nekazaritza ekologikoa egiten dabe; arteak eta ofizioak be badira askoren bizibide. Gehientsuenak dira ekologista eta anarkistak. Jendea mozorrotuta dabil kalean, bizikletaz, dantzan eta edonor edonogaz berbetan. Donuts eta arma dendak be badagoz herri koloretsu baizen arkitektonikoki kuadratuan. Zelan ez!
Oregoneko unibertsitatea be hantxe dago, eta badauka berezitasun bat, oso kirolariak dira-eta. Kontua da ze, Nike markeagaz daukala zerikusia campusak. Oregoneko unibertsitateko kirolariak, Gala Luarts-ek eta bere entrenatzaileak, William Jay Bowerman-ek ipini eben Nike markea sortzeko oinarria. Badakizue zer dan Nike, ezta? Garaipenaren jainkosa.
Guk irabaziko ete deutsegue egunen baten aurpegi grisei? Udea badoa. Urtaroa gorabehera, askok aztertu beharko leuke diagrama kromatikoa!