Hamaika dira Facebooken metaverso-a gogor kritikatu dutenak, distopikotzat ere joz. Gehienok, gazte zein heldu, irentsi egin dugu zapoa, asaldatuta egon beharko genukeen arren. Espazio pribatua galdu dugu, gure datuak merkatuan darabiltzate saldu-erosian.
Hori gutxi balitz, unibertso paraleloan, onlinekoan, bizitzeko proposamena jaso dugu publikoki. Honetan ez du lar lagundu pandemiak ekarritako egoerak; teknologien uholdeak itsutu egin gaitu, beharbada. Hots, digitalizazioa oso garrantzitsua dela onarturik ere, ez da irtenbidea. Ekosistema osoa behar du teknologiak: urgentziazkoa da hizkuntza teknologikoa hezkuntzara ekartzea, komunitateak eraikitzea, teknologiaren erabileraz hausnartzea. W. Holmes Londresko University Collegeko irakasleak argazki bat erakusten du bere berbaldien hasieran, ume jaioberria txip baten ondoan. Jarraian, entzuleei zuzentzen die itauna: Hezkuntza ezagutza transmititzean baino ez badugu oinarritzen, zergatik ez dugu ezagutza guztia txip batean jartzen eta umeei txertatu? Ezen, bera beratara edo bere kabuz bakarrik ez delako nahikoa.
Hala ere, zergatik ez egunean sare sozialei ematen dizkiegun 20 bat minutuak, esate baterako, zerbait sakona irakurtzeari eskaini? Sarean ez digute Wittgensteine filosofoaren Tractatus Logico-Philosophicus irakurtzeko aholkatuko, ezta René Descartesen, filosofiaren klasikoa ere, Metodoaren Diskurtsoa; ezta Platonen elkarrizketak ere; zertarako irakurri, Sokratesekin batera, gai unibertsalak, maitasuna, egia, bertutea, edertasuna, lantzen dituen liburua?