CRISPR, bioteknologia edonoren eskura

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Díaz, BTEK-eko zuzendaria 2017ko mai. 23a, 10:54

a: www.sciencemag.org

CRISPR  tresna material genetikoa editatzeko teknika berria eta merkea da, adituen ustez bioteknologia eta genomika “demokratizatzera” etorri dena.  Tresna horrek ez du orain artekoek behar zituzten baliabide tekniko edo ekonomiko handien beharrik,  eta horregatik ahalbidetzen du ia edozein laborategik proiektuak garatzea.

Azkeneko lau urteetan zientzialariak, bakterio batzuek birusen kontra erabiltzen duten CRISPR defentsa-mekanismotik abiatuta, geneak editatzeko gai izan dira.  Sistema horren bidez, geneak moztu, gehitu, aldatu, adierazi, isilarazi…. daitezke, inoiz baino zehatzago, arinago eta, garrantzitsua, merkeago.

Geneak edozein izakirenak izan daitezke, edozein gizakienak ere, eta horrek eztabaida handia sortu du, “neurrira” egindako umeak berehala etorriko direlakoan. Gure ezaugarriak, gure gorputzaren eta bere funtzioen funtzionamendua, gaixotasun genetikoak eta beste batzuk edukitzeko arriskua, gaitasunak, abileziak … genetan idatzita daude maila batean edo bestean, eta gauza bera gertatzen da beste izaki bizidun guztiekin.  CRISPR tresnak eskaintzen dituen itxarobideak, beraz, itzelak dira.

 

Gaixotasun genetikoak

Adibide gisa gaixotasun genetikoak ipin ditzakegu.  Gogoratuko duzue House telesaileko “13” medikua edo Poch Derribos Arias taldeko musikari donostiarra.  Biek jasan zuten gene bakar batekin lotuta dagoen Huntington gaixotasuna.  Hemofilia eta daltonismoa ere gaixotasun genetikoak dira eta, horrela izanik, zuzena ez den genea aldatuz edo modulatuz ekidin ahal izango litzateke gaitza. Laborategiko zeluletan lortu da jadanik, eta arazo batzuk badaude bideratuta. Beste batzuk ordea ez dira hain errazak. Helduen kasuan, esate baterako, CRISPR tresna zelula askotan sartu behar dugu, eta hortxe daukagu erronka nagusietako bat.

Edozein izaki bizidunetan erabili badaiteke ere —eta hor ere eztabaida handia dago—, edizio genetikoa gizakiekin lotzen dugunean sortzen dira eztabaida sutsuenak. Dopin genikoa? Neurrira egindako umeak?  Esperimentuen porroten ondorioak gizakiengan? Nortzuek erabakiko dute mugak non dauden? Hain erreza eta merkea izanik, zelan kontrola liteke?

Neurrira egindako umeen haritik, horrelakorik egitea zaila da oraindik, definitzen gaituzten ezaugarriak eta gure gorputzaren funtzioak gene askoren eta ingurunearen araberakoak baitira. Dena den, hobe dugu kontu horiek aurreikusten joatea, ez baditugu erantzunak eta erabakiak beste batzuen eskuetan utzi nahi.

 

 

Iturriak:

Francisco Mojicari, Ángeles Martinezi eta Manuel Sánchez Angulori egindako elkarrizketa, Mikrobiologia Espainiako Elkartearen Sem@foro aldizkarian, 61. alea, 2016ko ekaina.

https://www.semicrobiologia.org/pdf/actualidad/61/07_Entrevista.pdf

 

SINC agentzia

http://www.agenciasinc.es/Entrevistas/Estoy-viviendo-la-revolucion-CRISPR-con-agobio-y-felicidad

CRISPR, genoma editatzeko teknika: onurak eta kezkak

http://zientzia.eus/artikuluak/crispr-genoma-editatzeko-teknika-onurak-eta-kezkak/

A simple guide to CRISPR, one of the biggest science stories of 2016

http://www.vox.com/science-and-health/2016/12/30/13164064/crispr-cas9-gene-editing

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).