Iphone eta Ipaden sistemak, berriz, nonbaiten, erdi ezkutuan, idatzita duten arren, galdetu ere ez du egiten. Guk informazioa eta galderak irakurri, eta ados bagaude, onartu egiten dugu. Irakurri, onartu baino lehen irakurtzen dugulako, ezta?
Non bizi eta lan egiten dugun (GPSa), pertsona aktiboak garen (mugimendu-sentsorea), lagun askorik dugun eta haiekin zelako hizkuntza mota erabiltzen dugun (mezu aplikazioak), interneten zer erosten dugun (posta elektronikoa)… Telefono mugikorrak informazio asko gordetzen du guri buruz, eta Haystack proiektuaren (1) emaitzen arabera, hamar aplikaziotatik zazpik hirugarren batekin partekatzen du informazio hori (2).
Noski, ibilbideak erakusten dituen aplikazio bati GPSrako sarbidea onartu beharko diogu, edo argazkiak editatzen dituen aplikazio bati fitxategiak dauden karpetan sartzen utzi. Eta erabili nahi baditugu, baimenak bai ala bai emango beharko dizkiegu aplikazio batzuei. Baina zertarako nahi du bere kabuz abiatzeko aukera xake joko batek? Zertarako nahi du gure kokapena WhatsApp aplikazioak?
“Doakoak” diren aplikazio askok, hala nola Facebook, WhatsApp eta Snapchat, gure datuak euren zerbitzuaren truke erabiltzen dituzte eta, gainera, horrela agertzen da irakurtzen ditugun (ezta?) erabilera-baldintzetan. Enpresa horientzat, geu gara produktua; beno, gure datuak. Datuak aplikazioan iragarki jakin batzuk sartu edo euren produktuak saltzeko, adibidez, erabiltzen dituzte. Baita datuak eurak hirugarren bati saltzeko ere. Beste aplikazio batzuetan traker-ak (azterkariak) erabiltzen dira, ezkutuan, gure datuak beste batzuei bidaltzeko. Eta batzuetan garatzaileak berak jakin barik ere!
Azterkariak
App bat garatzen denean ez da dena zerotik egiten, baizik eta beste batzuek garatutako programatxoak eta liburutegiak erabiltzen dira. Ideia hauxe da: norbaitek jada GPSa kontrolatzeko programatxo bat garatu badu eta hori librea bada, zergatik garatuko dut neuk berri bat zerotik? Eta arazoa hurrengoa: batzuetan horiek traker batekin kutsatu dira aurretik, eta garatzaile berriak jakin barik, aplikazioak datuak partekatzen ditu.
Google Play zein iTunesen dauden aplikazioek gutxieneko arau batzuk bete behar dituzte, eta horrek berme osorik ematen ez duen arren, bada zerbait. Beste gune batzuetan ez dago inongo kontrolik, ez traker, ez beste segurtasun edo pribatutasun arazoen kontra.
Datuak partekatzea, baimenarekin zein baimen barik, energia eta datuak kontsumitzen ditu. Gainera, agerian uzten ditu gure pribatutasuna eta segurtasuna. Beraz, badakizue, baldintzak irakurri eta ganoraz ibili. Sarean ere bai.
(1) The Haystack Project ICSI—UC Berkeley https://goo.gl/VhpexN
(2) 7 in 10 Smartphone Apps Share Your Data with Third-Party Services, Scientific American. https://goo.gl/KGEfXB