Kortan ere sareari lotuta

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Díaz 2017ko aza. 17a, 13:25

a: thatsfarming.com

IoT[1], 4G sareak[2], m2m komunikazioa[3]… Gure gizartean siglak maiz erabiltzen dira hizki gutxitan informazio asko sartzeko. Hala ere, batzuetan, esanahia bidean galtzen da. Ezer onik atera daiteke letra zopa horretatik? Tira, oraingo honetan traste bitxi batekin natorkizue.

 

Niall Austin abeltzaina da, Irlandakoa, eta bere behietariko bat erditzear zegoela arazoak sortu ziren. Laguntza heldu orduko ezin izan zuten ezer egin, eta bai behia, bai txekorra hil egin ziren. Orduan hasi zen buruari bueltak ematen…

Bere eskarmentuagatik, uste zuen seinale batzuk bazeudela erditzeko momentua ailegatua zela adierazten zutenak; buztanaren mugimendu berezi batzuk hain zuzen ere. Eta ustea Moocall enpresako beste fundatzaile bi izango zirenei jakinarazi zien. Arazoa aztertzen hasi, eta konturatu ziren hilkortasun-tasa asko jaitsiko zela, laguntza eskatzeko edo albaitariari deitzeko sistema egokia edukiz gero. Horrela lotu zituzten abeltzaintza, telefono sareak eta IoT/m2m direlakoak. 

Moocall erditze sentsorea[4] behiaren buztanera lotzen den tramankulua da. Buztanaren mugimenduak antzematen ditu eta mugimenduek behia erdituko dela adierazten dutenean, abisua bidaltzen du sarearen bidez. Sistemak denbora errealeko jarraipena ahalbidetzen du eta, horretarako, oso energia gutxi eta oso hedapen handia duten IoT eta m2m sare protokoloak erabiltzen ditu. Sare protokolo horiek erabiltzeko, haririk gabeko telefono sareaz baliatu egiten da, antenak eta haien potentzia aldatu barik. Egin beharreko gauza bakarra softwarea eguneratzea da.

Sareak abeltzaintzari laguntzeko erabiltzea ez da hain gauza berria. BTEKen horren adibide bat azaltzen dugu: GPS eta GPRS sareak erabiltzen dituen sistema, ganadua non dagoen eta zelako mugimendu-joerak dituen erregistratzen duena. Egitasmoa Mendinet elkarteak ipini zuen martxan 2009. urtean, Neiker-Tecnaliaren laguntzarekin, eta lagungarria izan da abeltzainentzat. Abereak jagotea lan handia da. Ongi etorriak lan hori erosoagoa egiten duten teknologiak!



 

 

[1] IoT, “Internet of Things”, Gauzen internet https://goo.gl/VJu8sH
 

[2] 4G edo LTE, “Long Term Evolution” sare mugikorren azkeneko estandarra (oraingoz) https://goo.gl/DZ8is5
 

[3] m2m, “machine to machine”, makinen arteko komunikazioa
 

[4] https://moocall.com

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).