Big Bang Theory telesailaren saio batean ere agertu da eta Irune Lasak horren inguruan hitz egin digu Berrian[1]. Baina zer dira bitcoina eta bere atzean dagoen blockchain teknologia?
Satoshi Nakamoto[2] ezezagunak sortu zituen biak batera 2008an, eta 2009an hasi ziren mugitzen. Blockchain teknologiak modu ziur eta deszentralizatu batean kudeatu eta gorde dezake edozein informazio era. Eta informazio horrek aldaketaren bat jasaten badu, hori ere gordetzen du. Adibide bat ipinita errazagoa da ulertzen, beharbada. Demagun ogia erosi nahi dudala, baina diru arrunta erabili beharrean, elektxanp dirua darabildala: 12345 zenbakia duen elektxanp-a nire poltsiko elektronikotik hartu eta okinari eman diot, eta berak bere e-poltsikoan gorde du. Nork bermatzen du bion artean adostutako elektxanp horrek beste transakzio baterako balioko duela? Eta berriro erabili ahalko dut nik?
Diru “arruntaren” kasuan[3], banku zentralek ematen dute bermea; eta diru elektronikoaren kasuan –kreditu txartelak, adibidez– norberaren bankuak. Kripto-txanponei dagokienez, transakzioa sarean eta bata besteari konektatuta dauden hainbat eta hainbat nodotan gordetzen da zifratuta, blokchain edo bloke-kate teknologia erabiliz. Erabilitako 12345 elektxanp-a berriz erabiltzen saiatzen banaiz, kontsulta egingo da hainbat nodotan eta horiek iruzurra salatuko dute. Baina, bestalde, okinak txanpon hori beste transakzio baterako erabil dezakeela ziurtatuko dute.
Lehen aipatu bezala, blokchain teknologiak edozein informazio gordetzeko balio du. Informazioa zifratuta gordetzen da kable publiko eta pribatuen sistema bat erabilita[4]. Sistema horrek nahi beste kable publiko eta pribatu eduki ditzake, informazioa hainbat nodotan gordetzen denez nodo gehienak pirateatu beharko liratekeelako iruzurra egin ahal izateko. Gainera, nodo kopurua oso altua denez, ezinezkoa da hori birtualki egitea. Bestetik, kontrola ez da erakunde, enpresa, talde edo gobernu bakar batena, baizik eta guztiz deszentralizatuta dagoen sistema batena. Hau da, ez dago autoritate berezia duen nodorik; sarean dauden nodo guztiek dute erabakitzeko ahalmena.
Automobilgintzan, horniketa-katean, gero eta hedatuago dago teknologia horren erabilera[5], eta medikuntzan[6] ere bai, adibidez farmako baten saiakeran gardentasuna eta fidagarritasuna bermatzeko. Kripto-txanponen transakzioetan ez da bitartekaririk behar, ezta erakunde bermatzailerik eta, ondorioz, merkeagoak –edo dohainik– dira. Hauteskunde prozesu batean, autoritatea nodo sarearena denez, gobernu batek ezin izango lituzke emaitzak lapurtu edo ezkutatu, edo pertsona batek botoa bi aldiz eman… Ezin da manipulatu, onerako zein txarrerako.
UBS, Deutsche Bank, Santander, BNY Mellon eta ICAP bankuak settlement coin deitzen den kripto-txanponarekin hasi dira lanean[7]. Baina horren blockchain nodo guztiak euren kontrolpean egongo dira, deszentralizazio zentralizatu baten teknologia baliatuta, baina ez horren filosofia…
Mr Robot seriea badabil honen inguruko hausnarketa egiten[8]… Zientzia fikzioa beste behin etorkizun hurbila aurreikusten?
[1]
[1] Iraultza berria... edo burbuila berria, @IruneLasaA, Berria.info, https://goo.gl/qmdwWV
[2]
[2] La última teoría de quién es Satoshi Nakamoto,@gabriela2400, genbeta.com, https://goo.gl/skzh1k
[3]
[3] Salgai dirua eta diru fiduziarioa, wikipedia, https://goo.gl/bqGmT8
[4]
[4]Julio Zesar edo MZOMR CHXDV. Zein da seguruagoa?, zientziakaiera.eus, @xa2,https://goo.gl/dfuu9H
[5]
[5] Blockchain for automotive supply chain, Matthew Jones, ibm.com, https://goo.gl/KVHMTW
[6]
[6] Blockchain is good for your health, ando your business, IBM, https://goo.gl/1HufcH
[7]
[7] Settlement Coin' is All About Banks, Not Blockchain, Frances Coppola, coindesk.com, https://goo.gl/hvqrjS
[8]
[8] Mr. Robot y bitcoin: lecciones sobre el presente y futuro de la criptomoneda, Jaime Sandoval, criptonoticias.com, https://goo.gl/RCxZ24