Txosten horretan Internet ekosistemaren osasuna aztertzen da giza ikuspegi batetik. Teknologia konpainiak gero eta boteretsuagoak dira, sare sozialak jazarpen tresna moduan erabiltzen dira, gure datu pertsonalak lapurtu dituzte eta zenbait prozesu demokratikoetan sare komunikabide eta iragarkiak erabili dira iritzia manipulatzeko. Facebooken inguruko azkeneko albisteak tartean, gero eta gehiago gara sare unibertsal horren inguruko kezkak ditugunok. Eta hori alde ona da, hortik abiatuta erabakiak hartu eta politiketan eragina izan baitezakegu.
Aipatutako txostena bost eremutan ardazten da: Pribatasuna eta segurtasuna, irekitasuna, integrazio digitala, sare alfabetatzea eta deszentralizazioa. Gainera, 2017ko hiru arazorik larrienen azterketa egiten da: “gauzen Internet babesten”, “fake news” (edo gezurretako albisteak), eta “Too Big Tech?” (enpresa teknologiko handiegiak?).
Mamitsua da benetan eta hainbat orrialdetarako ematen duenez, begirada bat botatzeko gomendioa egiten dizuet. Jarraian gosegarri pare bat:
Segurtasunik gabeko segurtasun kamerak:
Shangaiko denda batean, gizon bat zapatak erosten; Argentinako etxebizitza batean, ume bat bere etxeko patioan jolasten; Bilboko metalurgia enpresa batean, langileak hodi bat soldatzen… eta denak, zure saguaren “klik” batera. Espazio publiko zein pribatuetan segurtasuna bermatzeko dauden kamera asko Internetera lotuta daude zuzen zuzenean. Pasahitz bidez eta beste teknika batzuk erabilita segurtatu daitezkeen arren, askotan ez da egiten edo lehenetsita dituztenak uzten dira ezjakintasun edo arduragabekeriagatik. Insecam guneak horixe salatu du, eta munduan zeharreko 70.000 kamera baino gehiago zerrendatu ditu. Eta ez hackeatuta daudelako, babes barik daudelako baizik.
2020rako 30 mila milioi kamera, sentsore, … online egotea espero da. Irudiak, soinua, etxe barruko tenperatura, auto, pakete zein pertsonen posizioa… Atera kontuak…
Rusia eta EEBBetako hauteskundeak:
Rober Mueller Estatu Batuetako fiskal bereziaren txostenaren arabera[2], Errusiako gobernuarekin lotutako hainbat erakundek Facebook-eko iragarkiak ordaindu zituzten hauteskunde aurretik eta ondoren. Baina ez hori bakarrik, dozenaka orri faltsu sortu ere egin zituzten, “BlackMattersUS” edo “Heart of Texas” modukoak, politikako mutur batekoak zein beste muturrekoak ere. Era horretan, benetako protestak bultzatu zituzten… Eta era berean, horien kontrako protestak ere bai!
Facebook-en erantzuna, berandu iristeaz gain, ez da oso ona izan… Eta ez pentsatu Google atzean gelditzen denik. Indiako “antitrust” erakundeak 21 milioi dolarreko izuna jarri berri dio, hori bai, zazpi urte iraun duen prozesu baten ostean. Legea erabilita zeozer egin daitekeela baieztatzen digu horrek, gizarteak “Big Tech” enpresak kontrolatzeko erremintak badituela… Baina zazpi urte asko dira Internetaren munduan, baita “mundu arruntean” ere.
Konturatzen hasi gara, eta ez da gutxi. Erramintak baditugu, garaiko erritmoetara egokitu behar direnak. Teknologia mesedegarriari bai, gure eskuetan eta gure ardurapean baldin badago.
Mozilla Fundazioaren txostean Internet ekosistemaren osasuna aztertzen da giza ikuspegi batetik
[1] Mozilla Foundation https://labur.eus/8KIVe
[2] A Facebook executive apologizes to his company and to Robert Mueller, Nicholas Thompson, wired.com, 2018/02/19 https://labur.eus/YDQAb