Joan den mendean, Einsteinen erlatibitate orokorraren teorian oinarritutako ereduek zulo beltzak zeudela aurreikusten zuten; hala ere, 60ko hamarkadara arte alor hori ez zen benetan nabarmendu. Zulo beltzak hain dira masiboak, ezen beraien grabitate-indarrak argia ere harrapatzen baitu: beraien ekarpen-indarretik ezin da ezer irten; ezta argia ere. Hortik datorkie izena: zulo beltzak.
Eta horrela bada, nola egiaztatu daiteke “hor” daudela? Alde batetik, horien inguruan dauden gorputzetan duten eragina neurtu dezakegu. Adibidez, Sagitario A* ez dugu oraindik ikusi, baina bere inguruan biraka dauden izarren mugimendua aztertuta, horiek indar handiko zerbaitek erakartzen dituela ondorioztatu dezakegu. M87* zulo beltzaren kasuan, ekarpen-indarra neurtuz gero, kalkulatu da haren masa gure eguzkiarena halako 6.500 milioi aldiz dela; ezagutzen den masiboena. Bestalde, zulo beltzek xurgatzen duten materia asko azeleratzen da, eta hori dela-eta kargatuta dauden partikulek energia igortzen dute uhin elektromagnetiko gisa. Materiak oso azelerazio handia jasaten du eta, ondorioz, kargatuta dauden partikulek X izpiak igortzen dituzte, eta horiek irrati-uhinak sortzen dituzte. Event Horizon Telescopea (EHT) irrati-uhinok antzemateko gai da.
Teleskopio hori ez da benetan teleskopio bakar bat, batera erabiltzen diren zortzi teleskopio baizik. Eta hemen dator berrikuntza teknologikoa (zeren, azken batean, orrialde hau teknologiari buruzkoa da, ezta?): horrelako irrati-uhinak detektatzeko oso teleskopio handia behar da, eraikiezina; horregatik, zortzi teleskopio jarri dira batera lanean, ia Lurraren diametroa duen teleskopio birtual bat eratuta. Hori guztia kudeatzeko, hardware eta software itzelak behar dira. Pentsa ezazue guk zelako “makina” dugun burmuinean, begi biren informazioa bateratzeko; kontuak atera, beraz, zelako sistemak beharko diren zortzi teleskopio batera kudeatzeko eta hortik datorren informazioa bateratzeko eta ulertzeko.
Batzuetan, zalantzan jartzen da programa horietan inbertitzen den dirua; nik argi dut merezi duela. Egitasmo hauek balio dute zientzia eta teknologiaren garapena azkartzeko eta, hortaz, gizartearena. Erronkarik ez dagoenean errazagoa da moteltzea, eta oinarrizko ikerketa hauetatik gizarte osora iristen diren garapen teknologikoak sortzen dira. Kasu konkretu honetan, hasi dira berrikuntzak medikuntzan eta optikan erabiltzen. Era berean, egitasmook gizakion beharrizan eta motor ezinbesteko bi asetzeko balio dute: jakin-mina eta edertasuna.
https://naukas.com/2019/04/10/la-primera-imagen-de-un-agujero-negro/
https://www.scientificamerican.com/article/at-last-a-black-holes-image-revealed/