Kaixo, Siri! OK, Google! Agur, Ben Hur!

Erabiltzailearen aurpegia t: Xabier Diaz / a: tecnonucleous.com 2019ko abe. 23a, 12:27

Inoiz egin dut, bale… Entzungailuak ipinita eta telefonoa eskuetan “Okei Google” esan dut ahopean; gero, ozenago…, eta askoz ere ozenago… Eta telefonoak erantzun egin dit. Jarraian, helbide bat esan dut eta Google Maps-en agertzen den ibilbideari jarraitu diot, niri so egon den jendeari saiheska begiratuta, lotsaren lotsaz. Geroz eta gauza gehiago egiteko gai dira adimen artifizial hauek; Appleen Siri, Amazonen Alexa, Microsoften Cortana, Movistarren Aura, Linuxen dabilen Mycroft edo besteren bat izan.

Ez da bakarrik eguraldiari buruz galdetu, musika bat edo beste bat aukeratu, agendan hitzordu bat gehitu edo izena esanda bakarrik dei bat egin: inoiz aipatu dugun Internet Of Things (IoT) honetan, sarera konektatuta dagoen ia edozein traste edo aplikazio kontrola liteke adimen artifizial haiekin; esaterako, bonbilla adimendunen kolorea eta argitasuna ezarri, barazkiak Internetez erosi edo sukaldeko robotean ahozko aginduen bidez janaria prestatu. Gainera, tabletetan eta sakelako telefonoetan laguntzaile adimendu gisa hasi baziren ere, orain bozgorailu adimentsuetan daudenak ipini dira modan; Estatu Batuetan, adibidez, salmentak % 78ko gorakada izan zuen iaz.  Eskaintzen dituzten aukerak gero eta zabalagoak dira: pertsianak igo eta jaitsi, eguraldia iragarri eta tokiko albisteak ematen dituen iratzargailua, berogailua zein aire egokitua doitu, erosketa-zerrendak ahoz egin eta Internet bidez eskatu, “bizum” bat egin, podcastak entzun, garajeko atea itxi edo zabaldu, osasun-aholkuak eman, bizikletaz egiteko ibilbideak iradoki…

Baina horiek zabaldu ahala kezka batzuk ere agertu dira. Ezagutuko dituzue ordenagailu eramangarrien kamerak estaltzeko plastikotxo itsasgarriak, ezta? Horrelakorik ote dago bozgorailuetarako zein beste trasteen mikrofonoetarako? Izan ere, Googlek, Facebookek, Amazonek eta Applek onartu dute euren erabiltzaileen audioak erabiltzen dituztela. Ustez, transkripzioak hizkuntzak eta beren erabilera hobeto ulertzeko baino ez dituzte baliatzen, baina hain azalpen “garbiak” badira, zergatik eman dituzte salaketak izan eta gero?

 

Neurriak; ez partxeak

Eta ez hori bakarrik: Berkeleyko  Kaliforniako Unibertsitateko eta Georgetown Unibertsitateko  ikasle batzuk 2016an gai izan ziren Siriri, Alexari eta Google Assistanteri audio eta YouTubeko bideo batzuetan agindu entzunezin batzuk bidaltzeko, eta ikertzaile batzuek laserra erabilita gauza bera lortu dute.

Horrelako hackerrei eta eskrupulurik gabeko enpresei aurre egiteko, hainbatek “Privacy by Design” edo “Pribatutasuna Diseinutik” bultzatzen dute eta Europako Datuen Babeserako Araudi Orokorrak ere horrela jasotzen du; hau da, neurriak hardwarearen zein softwarearen diseinuaren lehenengo urratsetik hartu behar dira, eta ez amaituta daudenean partxeak gehitu. Hortaz, ordenagailu eramangarriek eurek kamerarako estalkia eduki beharko lukete, eta bozgorailuek, itzaltzeko etengailuak, plastikotxoa itsatsi edo atzamarra mikrofonoan jarri beharrean.

Dena den, ez pentsatu horrelakorik ez hartzea gomendatzen nabilenik: ni neu ere bonbilla eta xurgatzaile horiekin “jolasteko” irrikan nago. Kontua da zertarako erosten ditugun, arriskuak zeintzuk diren eta horiek zelan kudeatzen ditugun.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).