Anaia Nagusiaren begi zorrotzak

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Diaz 2020ko ots. 25a, 13:34
a: www.dailydot.com

Abereen etxaldea irakurri nuen ikastolan, eta Orwellez liluratuta 1984 ere irakurri nuen. Esan gabe doa bigarren liburua irakurtzea zailagoa egin zitzaidala, bai konplexuagoa zelako, bai irudikatzen zuen gizarteagatik: hor topatu nuen lehenengoz “anaia nagusia”. Azken egunotan, eztabaida sutsua piztu da Estatu Batuetan, Clearview aplikazioa dela eta. Aplikazio hori edonoren argazkia ateratzeko eta pertsona identifikatzeko gai omen da. Non dago gure pribatutasuna?

Zientzia fikzioan ohikoak dira estatu totalitarioen menpeko gizarteak. Etxean, lanpostuan, garraio publikoetan… edonon mikrofonoak eta kamerak jartzen dituzte, eta informazio horretaz baliatzen dira doktrinamenduen, propagandaren edo zigorren bidez gu kontrolatzeko. Are gehiago, Phillip K. Dick-en Minority Report eleberrian artean gertatzeke zeuden delituak zigortzeraino ere iristen ziren! Egun, Black Mirror edo Electric Dreams telesailetan ildo berdinari jarraitzen diote; hau da, zientzia fikzioaren bidez honelako arriskuak salatzen dituzte eta, bide batez, eskura ditugun teknologiaren eta kontsumismoaren gaineko gogoeta egiten dute. Izan ere, 1984 eleberriko kontrol teknologikoak gainditu ditugu; eta ez hori bakarrik: abenduko artikuluan esan nuenez, mikrofono eta kamera espioi horiek geuk zabaltzen ditugu bazter guztietatik, nahita.

Hatz-marka, begia, aurpegia, ahotsa, non gauden, gure familia eta lagunak nortzuk diren, noren argazkiak ditugun eta euren argazkiak, zenbat denbora ematen dugun leku bakoitzean, zer erosten dugun, norekin egiten dugun berba, bihotz-taupadak, zein kirol egiten dugun, zer idazten dugun, zein hizkuntza erabiltzen dugun... Egia da gure mesederako ere erabiltzen ditugula. Ondo ordainduta.

Minority Report pelikulan, Tom Cruiseren pertsonaia ihesi doala bere aurpegia identifikatzeko gai diren pantailak agertzen dira. Aditzera ematen denaren arabera, horien erabilera primarioa pantailen publizitatea erabiltzailearengana egokitzea da, baina poliziak ere informazioa jasotzen du eta Cruise gixajoaren atzetik jarraitzen dute. 2018an jakin genuen Txinako polizia aurpegiak antzemateko errealitate emendatuko betaurrekoak erabiltzen hasia zela. Euren esanetan, 10.000 laguneko datu-base batean 100 milisegundoan pertsona bat identifikatzeko gai ziren, eta lehenengo saiakera pilotuan sistemari esker hainbat gaizkile atxilotu zituzten.

 

Pribatutasuna, non?

FBIk, Segurtasun Nazionalerako Sailak eta hainbat udalek edo estatuko poliziak jadanik erabili dute arestian aipatutako Clearview aplikazioa. Hori aurpegiak berehala identifikatzeko adimen artifizialean oinarritzen da, eta, horretarako, hiru mila milioi irudi baino gehiago bildu ditu Facebooken, YouTuben, Venmon eta horrelako lekuetan; gureak ere bai, agian. Pertsonaren argazkia atera, eta sistemak hainbat irudi aurkezten ditu irudi horiek dauden webguneen informazioarekin batera. Sare sozial pribatu gehienetan, gure informazioa helburu komertzialetarako lagatzea bat dator erabilera-baldintzekin. Horrelako erabileretarako ere? Non dago gure pribatutasuna? Kasualitatea da segurtasun-indarrak lehenak izatea aplikazioa erabiltzen? Human Rights Watch erakundeak salatu du Txinako zaintza-sistemak beste helburu batzuk ere badituela, eta Clearview-ek webgunean ipini dituen mezu alarmistak ikusita, ez zait batere fidagarria iruditzen. Zer nolako erabilera justifikatu nahi dute?

La Mecanica del Caracol podcast-ean entzun dudanez, Mojo Lens konpainiak smart lentilla batzuk aurkeztu ditu, kamera eta guzti. Imajina dezakezue zer nolako abantaila den ikusmen-arazoak dituen pertsona batentzat, objektuak edo arriskuak hobeto antzemateko? Eta Clearview aplikazioari lotuta, aurrean ditudan pertsonen lana, historiala, nortasun-agiria, helbidea, zaletasunak, lagunak… begi bis­tan izatea haiek konturatu barik?

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).