Itxialdirako eta beste garai batzuetarako teknologia

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Díaz 2020ko eka. 17a, 12:57

COVID-19 birusak gizartearen balazta sakatu du aurtengo udaberrian. Hain ederra izan ohi den sasoi hori, kalera irten eta naturaz gozatzera animatzen gaituena, beste era batekoa izan da aurten. Gure arteko harremanak, merkataritza, kirola, kultura... dena kaltetu da, eta bai itxialdian, bai erritmoa berriro hartzen gabiltzan une honetan, ohitura, jokabide eta jarduera asko aldatu dira; asko, gainera, betiko aldatu dira.

Gizartearen parte den aldetik, teknologia bera aldatu da, eta batez ere teknologia erabiltzeko eta baloratzeko erak. Aitak, adibidez, mugikorra gorroto du: nork esango zion berari Zoom eta whatsapp bidez ilobekin harremanetan egongo zela?

Itxialdian, aipatutako aplikazio horiek biak zein beste batzuk –GoToMeeting, Meet eta Skype kasu– erabili ditugu senideak eta lagunak ikusteko. Tresna horiek negozioetarako ere onuragarriak dira, posta elektronikoak baino harreman pertsonalagoa eskaintzen baitute. Hala ere, betiko bezeroak nola mantendu eta berriak nola erakarri? Amazon edo Zara moduko denda erraldoiekin nola lehiatu? Ez da erraza, eta erantzuna ezin da bakarrik teknologikoa izan. Nor da gure bezeroa? Aplikazio teknologikorik erabiltzen du? Zer espero du hurbileko denda batetik? Hausnarketa egin ondoren, has gaitezke baliabide teknologikoetan pentsatzen.

Instagram aplikazioa, esaterako, gero eta gehiago erabiltzen da bezeroengana heltzeko. Argazkiak partekatzeko gizarte-sarea da eta Facebook-ek 2012an erosi zuen: horregatik sinkronizatzen dira gizarte-sare biak hain erraz.Gazte gehienek Instagram erabiltzen dute, eta nagusiok hori zein Facebook. Beraz, oso sare aproposa da gure produktuak, abantailak, zozketak eta abar zabaltzeko. Udazkeneko arropa berria etorri da? Telefono mugikorra hartu eta argazkiak igo. Merkealdiak dira? Argazkietan beherapenak txertatu eta igo. Gainera, sarea kudeatzen lagunduko diguten hainbat aplikazio daude. Era berean, deskontu-kodeak edo zozketak baliatu ditzakegu bezeroak gure gizarte-sareetan harpidetzeko, hitzorduak adosteko edo zalantzak argitzeko. 

Facebooken zein Instagramen kontua sortzea doakoa da, baina ordainetan gure datuak eta edukiak erabiltzen dituzte eta hori dela-eta komenigarria da erabilera-baldintzak ondo irakurtzea. Halaber, ordainpeko zerbitzuak eskaintzen dizkigute, hala nola adin-tarte bateko lagunentzako kanpainak eta erabiltzaileen zerrendetan gure argazkiak sarriago agertzea.

Beste aukera bat Internet bidezko salmenta da, baina, aplikazio teknologikoaz gainera, horrek beste konplexutasun bat dakar: norberaren logistika, hau da, inbentarioa kudeatzea, pakete-enpresa, ordainketa-sistema... Dendago.com webgunea aukera izan daiteke horretarako.

 

Hodeia

Beste aldetik, hodeiak dokumentuak gordetzeko aukera ematen digu: mugikorra, tableta zein ordenagailua erabilita dena ipintzen digu eskura. Laguntza baterako, administrazioak nomina eskatu digu? Begiratu, hodeian. Iazko oporretako argazkiak? Hodeian. Irakasleak eskatutako errugbiari buruzko lantxoa? Hodeian. Zerbitzu hau oso egokia da edozein dokumenturen eta argazkien kopia egiteko. Google Drive, One Drive, Dropbox, Box... hodei-plataformak doakoak dira eta, ondorioz, horien kasuan ere oso ondo irakurri behar dira erabilera-baldintzak. Edukiera mugatua izan arren, oso plataforma eraginkorrak dira eta edukiak gordetzeko aukera ez ezik horiek editatzeko aukera ere eskaintzen digu, baita kalkulu-orriak edo beste baliabide batzuk erabiltzeko abagunea ere. Hautabidea da erabilera pertsonalerako edo baliabide gutxi dituen negozio baterako; hala ere, nik segurtasun eta pribatutasun handiagoa eskaintzen duen enpresa batera joko nuke. Txorierrin batzuk daude.

Ikusi dugunez, teknologiak gure eskura aukera asko ipintzen ditu aurrera jarraitzen laguntzeko, baina bidea betikoa da: hausnartu, saiatu, erratu, ikasi, hausnartu, berriz saiatu...

 

 

 

 

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).