Txertoen funtsa gure gorputza trebatzea da: gure sistema immunologikoari etsaia nolakoa den adieraziko dugu eta horrela nola borrokatu ikasiko du; hortaz, erasorik jasoz gero, badaki etsaia nola deuseztatu, eta ez dugu gaixotasunik izango. Elgorriaren kasuan, adibidez, ahuldutako birusak erabiltzen dira. Ahulduta daudenez, birusek ezin dute gaixotasunik eragin; hala ere, gorputzak etsaitzat hartzen ditu eta ezabatzen ikasten du. Ondorioz, benetako birusekin topo egiten badu, berehala ezabatuko ditu. Beste kasu batzuetan, esaterako, amorruaren kasuan, birus desaktibatuak erabiltzen dira. Nolanahi ere, azken batean, estrategia beti da berbera: erasorik egingo ez digun sasi-patogeno bat erabilita gure defentsak trebatzea.
Sasi-patogeno horietan ere patogenoetan dauden molekulak azaltzen dira, antigenoak, alegia, eta gakoa horietan ere badago. Txertoari esker, besteak beste, gorputzak antigenoen aurkako antigorputzak sortzen trebatzen da, eta, horregatik, erasoa etortzen denean badaki haren kontra nola borrokatu. Aurre-babes hori izateak behintzat gaitza arinduko du. Beraz, gakoa antigenoetan badago, zergatik ez jarri molekula horiek jomugan? Bioteknologia erabilita, hori hain zuzen ere saiatzen ari da zenbait gaitzen kontra, eta Pfeizer/BioNTech konpainien txertoaren kasuan hala egin da, gainera.
DNAn dauden instrukzioak jakinarazteko, zelulek mRNA edo RNA molekula mezularia erabiltzen dute. Pfeizer/BioNTech konpainien txertoari dagokionez, mRNA sintetikoa diseinatu da eta horri COVID-19 birusaren antigenoak sortzeko agindua eman zaio: mRNA molekula horiek lipido-burbuiletan zeluletara bidaltzen dira eta, informazioa irakurri ondoren, zelulek antigenoak sortzen dituzte; zelulek sortutako antigenoekin topo egiten duenean, gorputzak haien kontrako antigorputzak sortuko ditu eta orduan prest egongo da birusaren aurka egiteko.
Segurtasuna eta eraginkortasuna
Alabaina, mRNA berehala degradatzen da eta ez du DNAn aldaketak eragiteko gaitasunik. Bestalde, nahiz eta txertoa benetan azkar garatu den –diru publikoari zein pribatuari esker–, egin beharreko pauso guztiak egin dira, probak 44.000 boluntariorengan egitea tartean. Noski, txertoa milaka milioi pertsonari jartzea ez da gauza bera, baina aurkeztutako txostenetan ez da segurtasun-kezkarik aurkitu.
Halaber, txostenetan aipatzen den eraginkortasuna % 90 baino handiagoa da, eta baikor agertzeko moduan gauden arren, kontuz ibili behar dugu. Izan ere, eraginkortasuna adierazten denean sintomak hartzen dira oinarritzat eta baliteke boluntarioren batek gaixotasuna sintoma barik pasatu izana. Era berean, ez dakigu babesak zenbat iraungo duen: gripearen kasuan, esate baterako, txertoa urtero jarri behar da.
Azkenik, 70eko hamarkadan txertoari esker baztanga ezabatzea lortu zen ustea dago… Bada, ez: txertaketa-kanpainari esker lortu zen. Biztanleen ehuneko handi batek txertoa hartzen ez badu, berdin dio hori oso eraginkorra den edo ez, patogeno gordailuak beti egongo direlako. Beraz, musukoa, distantzia, ganora eta, ahal denean, txertoa hartu! Guztion onerako izango da.
Gehiago jakiteko:
- Hasi da txertaketa kanpaina Erresuma Batuan, Edu Lartzanguren, 2020ko abenduak 8, https://labur.eus/aikortxertoa1
- COVID-19aren txertoa ikuskizun, Ana Galarraga, Berria.eus, 2020ko azaroak 24, https://labur.eus/aikortxertoa2
- Itxialdirako genetika, 100 artikulu baino gehiago COVID-19 eta ingurukoak azalduz, Koldotxu https://labur.eus/aikortxertoa3
- Teknopolis, COVID-19aren txertoa: galde-erantzunak , https://labur.eus/aikortxertoa4
- Qué son las vacunas de ARN mensajero y por qué no van a alterar tu ADN, Maldita Ciencia. https://labur.eus/aikortxertoa5
- Is the Covid vaccine safe?, Michelle Roberts, BBC, 2020/12/09 https://labur.eus/aikortxertoa6