Matilda efektua

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Díaz 2021ko mar. 15a, 12:34

Otsailaren 11n hasi nintzen lerro hauek idazten, emakume eta neska zientzialarien egunean. Aspaldi ere, Aikor! aldizkarian, mintzatu nintzen emakume teknologoen egunaz. Euskararekin eta hainbat aldarrikapenekin gertatzen den bezala, halako egunak ez dira zorionekoak, adierazten baitute oraindik ere beharrezkoak direla. Baina horrek ez du esan nahi betiko horrela izango denik: egunen batean, arazo horiek konpontzen ditugunean (euskara, generoa, gaixotasunak…), orduan bai benetan ospatuko ditugula. 

Dena dela, eta semeekin, ikasleekin eta zenbait lagun eta lankideekin izandako eskarmentuagatik, gai hauek hain ondo ulertzen ez diren susmoa daukat. Zergatik emakume zientzialariak edo teknikariak goraipatu, eta ez gizon zein emakumeak? Azken finean, eta generoari erreparatu barik, gizarteari, guri guztioi ondo etorriko zaigu zientzian eta teknologian interesa duten gero eta pertsona gehiago egotea, ezta? Gainera, Historian emakume zientzialaririk edo teknologorik egon ez bada, zer egingo diogu, bada? 
Mateo efektua Robert K. Merton soziologoak definitu zuen 1968an. Azaldu zuenez, ondasun asko edo ondo baloratuta dauden pertsonak hobeto baloratzeko joera daukagu, eta, beraz, geroz eta ondasun gehiago izango dute eta hobeto baloratuta egongo dira, gutxiago dutenen edo ospe gutxiago dutenen kalterako.Efektu hori argitalpen akademikoetan ere gertatu ohi da: zientzialari ospetsu batek ikertzaile ezezagun batek baino sinesgarritasun handiagoa lortzen du, nahiz eta haien lanak parekatuak edo antzekoak izan. Horrek eskola porrotean ere eragina duela ikusi da ikerketa batzuetan. Matilda efektua Margaret W. Rossiterrek definitu zuen 1993an: emakume zientzialarien lorpenak ez aitortzea da, haien lana askotan bakarrik gizon lankideei egotzita.
Lerro hauek idazten nenbilela, Lorena Fernandez Alvarez @loretahur ingeniari informatikoaren bidez jakin izan nuen otsailaren 14an 75 urte bete zirela ENIAC historiako lehenengo ordenagailu elektronikoa jendaurrean aurkeztu zela. Proiektu militarra izanik, isilean gorde zuten Bigarren Mundu Gerran, baina gerra amaituta proiekturako dirua ere amaitu zen. Dirua lortu nahian, proiektuaren sortzaileek – Presper Eckertek eta John William Mauchlyk– film bat egin zuten, besteak beste, pizten eta amatatzen ziren argi distiratsuak eta “burmuin elektroniko” moduko hitzak erabilita. Oso marketin arrakastatsua izan zen. Programatzaileei buruz, ordea, ez zen ezta aipamenik ere egin; programatzaileak matematikariak eta fisikariak ziren sei emakume izan ziren. Are gehiago, batzuek esan zuten ordenagailuaren ondoan posatzen zuten modeloak zirela. 

Matilda efektua da emakume zientzialarien lorpenak ez aitortzea, haien lana askotan bakarrik gizon lankideei egotzita

Anonimatuan 
Laurogeiko hamarkada arte anonimatuan egon ziren Betty Snyder Holberton, Jean Jennings Bartik, Kathleen McNulty Mauchly Antonelli, Marlyn Wescoff Meltzer, Ruth Lichterman Teitelbaum eta Frances Bilas Spence. Eurek egin zituzten lehenengo algoritmoak, software aplikazioak eta programazio ikastaroak, baina inork ez zien inongo aitorpenik eskaini. Historian hainbat emakume egon dira zientzian eta teknologian lanean, garapenak egiten, ikerketak, aurkikuntza… inongo aitorpen barik. Informatikan, Ada Lovelace, arestian aipatutako emakumeak, auzoko neska informatikaria… Interneten #emakumeakzientzian bilatuta hainbeste daude gure inguruan. 
Beraz, has gaitezen emakumeen balioa aitortzen, zabaltzen, erakusten… Neska gazteek merezi dute eredu horiek ezagutzea; denok merezi dugu. Eta bukatzeko beste kontu bat: aitortza ez da gure gizarteak maila praktikoan talentu gehiago behar duelako, baizik eta emakumeen berezko eskubidea delako eta merezi dutelako. 

 

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).