Hidrogeno berdea

Erabiltzailearen aurpegia t: Xabier Diaz 2021ko api. 27a, 09:06

Orain dela urte batzuk orrialde honetan bertan etorkizuna hidrogenoan ote zegoen galdetu nion neure buruari. Azkeneko egunetan geroz eta gehiago entzuten ari naiz “hidrogeno berdearena” eta horren harira artikulua berreskuratu eta eguneratzea pentsatu dut.

Zergatik berdea? Hidrogeno-auto batean, adibidez, erregai pila bat erabiltzen da, hidrogenoa eta oxigenoa elkartu eta elektrizitatea lortzeko; prozesuan bakarrik ura isurtzen da  atmosferara. Beraz, auto berdea da? Alde batetik, kontuan hartu behar da, ziur asko zeozer kutsatu dela autoa egiteko behar diren lehengaiak lortu eta prozesatzeko eta autoa bera egiteko. Beste alde batetik, eta hidrogenoari dagokionez, ez da bakarrik kontuan hartu behar amaierako erreakzioan zer gertatzen den, baizik eta hidrogeno hori zelan lortu, garraiatu eta gorde den ere.

Hidrogenoa hidrokarburoetatik lortzea da hura ekoizteko erarik errazena eta merkeena. Ez da batere harrigarria petrolioari lotutako enpresak hidrogenoaren industriaren sustatzaile nagusiak izatea, hornitzaileak eurak dira eta. Baina prozesu horretan, beste substantzia arriskutsu batzuen artean, karbono dioxidoa askatzen da. Orduan, prozesuaren zein momentutan esan dezakegu hidrogenoa berdea dela?

Hidrokarburoetatik lortzen den hidrogenoari “grisa” esaten zaio, edo “urdina”, askatzen den CO2-a “bahitzen” denean; hau da, berotegi efektua eragiten duen gas hori atmosferara isuri beharrean, eraren batean edo bestean gordetzen dugunean. Hidrogeno berdea, berriz, energia-iturri berriztagarriak eta garbiak erabilita eta uraren elektrolisiaren bidez lortzen da.

Eolikoa da egun elektrizitatea lortzeko gehien erabiltzen den energia-iturri garbia, eta gero hidraulikoa eta fotovoltaikoa. Hirurek dute arazo bat: aldagai naturalen araberakoak direnez, oso aldakorrak dira. Argi-indarra sobera dagoenean, esaterako, parke eolikoak gelditu egin behar izaten dira, sare elektrikoa kaltetu lezaketelako. Kasu horietan hidrogenoa irtenbidea izan daiteke: sobera ekoizten den energia garbia da eta uraren elektrolisian erabil daiteke hidrogenoa lortzeko.    

Berde argia, berde iluna ala...?

Zoritxarrez, aipatutako prozesuak ez dira hain eraginkorrak. Termodinamikaren 3. legeari jarraikiz (entropiarena), erreakzio kimiko guztietan energia-galera dago, eta elektrolisiaren kasuan gaur egun maila industrialean erabiltzeko modukoak direnek % 25 baino gehiagoko galera dute; handiagoa, baldin eta ura purifikatu edo gatzgabetu beharra badago. Gainera, hidrogenoa oso dentsitate gutxiko gasa denez, bolumen handia hartzen du eta konprimatu egin behar da gordetzeko edo garraiatzeko; eta horrek energia-kostu bat du.   

Beste aukera bat da hidrogenoa metal jakin batzuekin erreakzionaraztea eta hidruro moduan gordetzea, baina prozesu horietan berriz ere energia behar da. Amaitzeko, energia berreskuratu nahi dugunean, Termodinamikaren 3. legeak azaltzen duen moduan, prozesuan galerak daude berriro, % 30 - % 50 bitartekoak.   

Hidrogenoa ez da panazea izango, lagungarria bai; espero dezagun garapenak eta diru publikoa gizartearen onerako izatea

Berdetzeko bidean?

Arazoak arazo, prozesu horiek egunen batean behar besteko eraginkortasuna izan dezaten ikertzen eta sistema berriak garatzen jarraitu behar dugu, eta bai Europa, bai gobernuak horren aldeko apustu handia egiten ari dira.

Hidrogenoa lortzea petrolioari lotutako enpresen menpe dago, eta horiek dira gehien ikertzen ari direnak. Grisetik berderako bidean? Ala energiaren merkatua kontrolatzen jarraitzeko beste pauso bat? Hidrogenoa ez da panazea izango, lagungarria bai, eta espero dezagun ikerketa, garapenak eta diru publikoa gizartearen onerako izatea.

 

  • Etorkizuna hidrogenoan?, Aikor aldizkaria 2012-05-29 Xabier Díaz Silvestre, https://labur.eus/HBerdea00
  • Las 10 técnicas emergentes más prometedoras del momento (2021), investigación y ciencia, Una energía libre de carbono como complemento a la eólica y la solar. 2021-02, Jeff Carbeck, https://labur.eus/HBerdea01
  • Un breve análisis de la eficiencia de ciclo completo de la economía del hidrógeno verde, revista 15/15\15, 2020-12-07 Pedro Prieto https://labur.eus/HBerdea02
  • Energia elektrikoaren jatorria denbora errealean (estatu penintsularrekoa), https://labur.eus/Hberdea03

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).