Bihotza

Erabiltzailearen aurpegia t: Xabier Diaz / a : Engin Akyurt (Pexels) 2022ko ots. 21a, 09:10

Artikulu hau idazten nabilela, San Balendin eguna da; bihotzak nonahi telebista eta sare sozialetan… Egia esateko, ez ditut horrelako ospakizunak oso gogoko eta sare sozialetan jartzen diren bihoztxo horien oso zalea ere ez naiz. Maite dituzun horiek zaintzeko horrelako egun eta parafernaliaren beharrik badaukagu, jai dugu.

Azaldu da nire barru-barruko murrukutuna… Baina bihotzaz ari garela, badaude horretaz arduratzeko beste arrazoi batzuk. Izan ere, zirkulazio-sistemari lotutako gaixotasunak dira emakumeen heriotzen kausa nagusia; bigarrena gizonezkoengan.

Bihotza elikatzen duen arterietako bat buxatzen denean, ez zaio behar beste odol iristen eta elikagai eta oxigeno barik gelditzen da; arteria laster libratzen ez bada, muskulua hil egiten da.   Arrazoiak batez ere sortzetikoak eta ohiturakoak dira. Sortzetikoei dagokienez,  ezer gutxi egin daiteke; ohitura egokiak izatea da, beraz, arriskua murrizteko aukera bakarra.

Egungo tratamenduak dira tronbolitikoak, koaguluak disolbatzen dituzten botikak, eta stent-ak ipintzea. Azken horiek hodi-formako saretxoak dira: arterian sartu, zabaldu eta odola berriz hortik pasatzea ahalbidetzen dute. Baina zer egin, kaltea eginda badago eta bihotzaren zati bat “hil” bada?

Oso kaltetuta badago, aukera bakarra transplantea  egitea da. Nahiz eta 1967tik egiten den, ez da ebakuntza erraza eta, gainera, emaile egokia topatu behar da. Oztopo hori gainditu guran, orain dela gutxi gizon bati txerri baten bihotza transplantatu diote, eta nahiko ondo irten dela ematen du oraingoz. Hori bai, txerria genetikoki eraldatu behar izan zen, gizonak organoa arbuiatu ez zezan.

Aspalditik, gizaki-zelulak laborategian hazteko gai gara. Orduan, zergatik ez gure gihar-zelula batzuk hartu, laborategian hazten jarri, eta behar dugun ordezkoa osatzen denean kaltetuta dagoen zatiaren ordez ipini? Gure zelulak dira, ez digute arazorik eragingo… Hala ere, ez da horren erraza, gihar-zelulak ezin direlako edonola hazi edo eragin. Eratu ahala, beharrezkoak diren egiturak eta odol-hodiak ere hazi behar dira, horiek barik ez bailukete beren funtzioa beteko.

Orain dela gutxi, Tel Aviveko Unibertsitateko ikerlari-talde batek, 3D inpresio-teknikak erabiliz arazo hori gainditzea lortu du.  Horretarako “omentu-a”, peritoneoan dagoen mintz moduko bat, garbitu eta euskarri gisa erabiltzen da. Software bat erabilita, lortu nahi den forma diseinatzen da, egiturak, ehunak, odol-hodiak…. Eta 3D inprimagailura bidaltzen da.

Plastikoa, egurra edo beste osagai batzuk erabili beharrean, 3D inprimagailuak hartzailearen zelula-amak erabiltzen ditu. Egituran ezartzean, eta aurretik egindako diseinuaren arabera, gihar, odol-hodi edo behar den zelula-mota bihurtuz joango dira zelula-amak eta lortu beharreko egitura konplexua osatuko dute. Hartzailearen zelulak direnez, ez da arbuiorik egongo eta murriztuko dira ebakuntzaren ondorengo arriskuak.

Bioteknologiak lagundu dezakeen arren, tartean emaileak behar ditugu, eta Euskal Herrian zentzu horretan harro egon gaitezke, bai, baina, kontuz: kopurua jaisten ari da.

Teknologiak teknologia, izan zaitez emaile.

 

 

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).