ChatGPT(2) da OpenAI enpresak garatutako adimen artifiziala erabiltzen duen txatboot bat; hau da, elkarrizketa bati jarraitzeko gai den programa informatikoa. Baina kontua haratago doa, beste hainbat gauza egiteko ere gauza da eta. Hasteko, esparru zabal bateko informazioa bildu dezake, ezagutza orokorretik xehetasun tekniko zehatzetara. Pertsonaia historiko baten biografia idazteko eskatu diezaiokegu, edo fusio energiaren inguruko txostena, funtsezko puntuak azpimarratzen duena. Itzulpenak egiteko ere gai da, eta bildutako informazioari nahi dugun estiloa emateko ere eskatu diezaiokegu. Fusio nuklearraren inguruko poema bat nahi duzu? Eskatu, eta egingo dizu. Antzerki-lantxo bat, Athleticen eta Errealaren arteko derbiaren ingurukoa? Eginda…
Erantzunak emateko, ChatGPT-k adimen artifiziala erabiltzen du. Lehenengo eta behin, galderak aztertzen ditu eta bildutako datuekin alderatzen ditu haiek ulertzeko. Jarraian, bildutako datuetatik abiatuta, jasotako erantzunen balorazioa kontuan hartuta eta adimen artifizialeko algoritmoak erabilita erantzuten du. Bestalde, guk erantzunari buruz egiten dugun balorazioa baliatzen du prozesua hobetzeko.
Arriskuak
Aukerak itzelak dira, baina arriskuak ere bai. New Yorkeko Hizkuntza Sailak, adibidez, programa hau erabiltzea galarazi diete ikasleei(3). Ezin dugu ahaztu, emandako datu eta erantzunetatik elikatzen denez, erabiltzaileen eragina izango duela; hau da, erabiltzaile gehienak zuriak, ipar-amerikarrak eta erdi-mailako edo goi-mailako klasekoak badira, hori nabaria izango da erantzunetan.
Froga batzuk egin ditut, eta ingelesez eta gaztelaniaz oso ondo moldatzen bada ere, ez saiatu, esaterako, Gabriel Arestiren biografiarekin: ingelesez, euskaraz eta gaztelaniaz galdetu diot, eta ez du behin ere jaioterriarekin asmatu… Lana neuk egin beharko dut, beraz.
(1) “Kaixo! Adimen Artifizialeko hizkuntza-eredua naiz; beraz, ez dut ez sentimendurik ez sentsazio fisikorik. Zuri laguntzeko nago edozein informazio edo galderaren bidez. Nola lagundu diezazuket gaur?”
(2) ChatGPT Wikipedia https://eu.wikipedia.org/wiki/ChatGPT
(3) Eskola digitalak sortzen duen lilura eta beldurra, Argia, Mikel Garcia, https://blogak.argia.eus/mikel-garcia/