Energia eolikoari etekina ateratzeko beste bide bat dira off-shore plataformak. Kasu honetan, haize-turbinak lurrean jarri beharrean, itsasoan jartzen dira, gas- edo petrolio-plataformen antzera. Mendietan ditugun sorgailuekin aldaratuta, itsasoan haizeak abiadura handiagoa izaten du eta haize-boladak egonkorragoak dira: ondorioz, etekina handiagoa da. Ingurumen-inpaktuari dagokionez, badirudi txikiagoa dela, baina ezin da arbuiatu, eta, adibidez, AZTI badabil hura neurtzeko tresnak eta metodologiak garatzen.
Noski, aerosorgailuak itsasoan jartzea eta lurrean jartzea ez dira gauza bera. Sakonera txikiko lekuetan, plataformak hondoaren gainean eraikitzen dira. Gure kostaldean, berriz, berehala hartzen da sakonera handia, eta hortaz, plataformak egitura flotatzaileetan ipini behar dira, eta kateen bidez beherantz lotu. Beste arazoetako bat da mantentzea: itsasoan egoteak zaildu egiten du egitura horietara hurbiltzea eta sortutako energia elektrikoa lehorrera ekartzea; eta zer esanik ez dago egiturak herdoiltzen direla.
Arazoak arazo, gure kostaldean hasi da horrelako egiturekin probak egiten. Hala, demosath prototipoa jadanik dago itsasoan. Prototipo hori da erakunde biren arteko elkarlanaren emaitza: Bimep, Armintzan dagoen itsas energien ikerketarako plataforma, eta Saitec enpresa. Bestalde, inguruko hainbat enpresa eta erakundek ere egin dute honen aldeko apustua.
2021ean, 35 gigawatt ekoiztuta, off-shore eolikoa munduko energia elektrikoaren ekoizpenaren % 0,5 baino ez zen, eta gehiena Txinan eta Europan zegoen. Hala ere, hazkundea gero eta handiago da eta espero da 2030erako 10 aldiz handiagoa izatea.
Etorkizun jasangarria nagi badugu, ezin dira energia garbia lortzeko aukerak baztertu. Kasuak aztertu, eta alde onak eta txarrak baloratu beharko dira; eta noski, hori baino arinago gure eta gure gizartearen kontsumoa (norberarena, enpresena, garraioarena…) txikitu.