Ilargian apartamenturik nahi?

Erabiltzailearen aurpegia t. Xabier Diaz; a: www.hips.hearstapps.com 2023ko uzt. 18a, 11:02

Mundakako Santa Luciatik Echo & The Bunnymen rock taldearen Killing Moon abesten hasi, eta Ilargi betea Ogoñotik irten berria zela ikustea ikusgarria izan zen.  Ez dago kulturarik Ilargia miresten ez duenik; eta ez da harritzekoa. Imajinatu orain zelakoa izango litzatekeen fenomeno bera, baina alderantziz. Hau da, Ilargiko gure apartamentuan gaudela, esfera urdin distiratsu bat Mons Agnesetik[i] irteten ikustea… Ederra, seguru. Momentu hori, hala ere, ez dago edonoren eskura, baina badirudi laster hautatu gutxi batzuek aukera izango dutela.

Orain urte batzuk berton idatzi nuen bezala[i], Artemis proiektuak gizakiak lehenengo Ilargira eta gero Martera eramatea du helburu. Bere gorabeherak izan baditu ere, proiektua berriz ere pil-pilean dago Artemis I misioan[ii] erdietsitako arrakasta dela eta; ondorioz, gizakiak Ilargira eramango dituen Artemis III misioa 2025erako aurreikusita dago. Horren guztiaren asmoa da aurrerago Ilargian base iraunkor bat izatea, eta horrek erronka handia suposatzen du hainbat esparrutan: adibidez, nola eraikiko dugu gure apartamentua?

Adituen arabera, gizakientzako instalazioak “lur” azpian jartzea da onena.  Kontuan izan behar dugu Ilargiak atmosferarik ez duela eta bere eremu magnetikoa ere ez dela oso indartsua; beraz, hori da izpi kosmiko eta meteoroideetatik[iii] babesteko erarik errazena.

Baina, noski, hormak beharko ditugu, eta instalazio batzuk nahitaez jarri beharko dira lur gainean, eta ezin ditugu adreiluak  edo zementua hara eraman, kostua kilo bakoitzeko 1,2 milioi dolarrekoa da eta[iv].  Hala ere, zientzialari eta ingeniariak ez daude besoak antxumatuta.  Logikoena da han dagoen materiala erabiltzea; zergatik ez gainazala estaltzen duen erregolitoa[v]?

Harri txikiz eta meteoroide-puska zein beste sedimentu batzuez osatutako materiala da erregolitoa. Moon to Mars Planetary Autonomous Construction Technology (MMPACT) taldea lanean hasi da jada:  euren ideia[vi] da laser edo mikrouhinak erabiliz erregolitoa urtzea eta, gero, 3D inpresora handiak erabiliz beharreko egiturak eraikitzea. “Sinplea” dirudien arren, kontuan izan erregolitoak arazoak ekartzen dituela: guztiz urratzailea da eta muturreko tenperaturak hartzen ditu Ilargiaren gainazalean. Gainera, bere hautsak osasun-arazoak sortzen ditu.

Marteren gainazalean dauden harea eta hautsak eta erregolitoa simulatzen dituzten materialekin probak egiten hasi dira, eta emaitzekin nahiko baikor agertu dira. Esan bezala, ez da bihar gertatuko den gauza bat, baina neu behintzat Lurra protagonista izango dituen egunsenti eta ilunabar horiekin ametsetan hasi naiz.

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).