Estigmak geureganatzen

Erabiltzailearen aurpegia t: Azler Garcia, Ingeles Filologia ikaslea 2018ko aza. 28a, 10:58

Aurreko egunean, telebista ikusten nengoela, euskaratutako telesail katalan batekin egin nuen topo eta, jatorrizko bertsioan azpitituluen laguntzaz ikusita neukan arren, berriro ikustea erabaki nuen. Ezagutzen dudan hizkuntza batean ikusteak hori hobeto ulertzen lagunduko zidala pentsatu nuen.

Poztu barik, haserretu egin ninduen entzun nuenak: jatorrizko bertsioan bakarrik espainolez zekien pertsonaia, bizkaieraz berbetan, azentu eta guzti. Mendebaldeko euskarak bereizgarri dituen hitzak ere erabiltzen zituen, gura, barik, zelan... Tipikoak, topikoak. Neure buruari galdetu nion ea zerikusirik zuten bizkaierazko hiztunek eta Kataluniako hiztun espainolek, baina ezin erantzunik aurkitu.

Azentu andaluziarren eta AEBtako afroamerikarren hizkeraren zapalkuntza etorri zitzaidan burura. Hizkuntzak itzultzean, aurreiritzi eta estigmak ere itzultzen dira, eta kontuz ibili behar da horiek mingarriak ez izateko. Gurean espainolez baino ez dakien lagunik ez dugu ala? Bertokoa eta kanpokoa, gu eta zu mugatzeko osatzen gaituena erabiltzen badugu, inoiz ez gara konturatuko zati ezberdinek eraikitzen gaituztela. Ez hobeak, ez txarragoak; ezberdinak baino.