“ Txorierri ermitaz ermita eta + ” 3.etaparen kronika: Derio-Zamudio

Erabiltzailearen aurpegia Berbalagun 2009ko mar. 12a, 00:00

… eta hirugarrena ere egin dugu!! Goizean goiz elkartu ginen Derioko plazan, 9etan. Zirimiripean hasi ginen oinez, Uribe parkerantz. Parkean oraintsu ipini dituzten plakak ikusi genituen, mendi-tontorren izenak ipintzen dituztenetakoak, ederrak benetan! Uribe Parketik gora, Aldekoneko Sª Isidro elizara joan ginen lehenengo eta Sª Kristobal elizara gero, eta hara heldu orduko… aterri! Beraz, euriagatik etorri ez zinetenok badakizue, hurrengoan etorri, eguraldia alde daukagula ematen du eta! (DERIOKO Sª KRISTOBAL ELIZA AURREAN) Kanpandorrera begiratu eta hara!! Punta falta zen! Osteguneko tximistak (Txorierrin jisturia edo inisitua esaten da) bete-betean jo ei zuen Derioko eliza honetako kanpandorrea eta orain goitik behera arrakalatuta dago. (KANPANDORREA) Eta non dago dago erlojua??? Baten batek topatu du antza. Erakutsi, erakutsi zelan dagoen! (ERLOJUA APURTUTA) Txikizio honen ondorioz, astebururo Sª Kristobalen Eliza ortodoxoko kideek ospatzen duten meza lekuz aldatu dute eta horixe esaten omen du ikusi dugun kartel honek. Ea nork ulertzen duen, errumanieraz dago eta! Eta gero euskara gaitza dela esango dute! Bai zera!! (OHARRA ERRUMANIERAZ) (IRAKURTZEN) Bidean aurrera egin genuen Zamudioko Geldo auzorantz. Auzora sartu eta Zubieta baserriarekin egin genuen topo. Geldora bidean, erreka pasa eta ezkerretara dagoen Zamudioko lehenengo baserria da Zubieta. Auzotarrek diote, antzina sorginak bizi omen zirela bertan. Orain abandonatuta dago. Sorginen eragina ote?? Badakizue, “izena duen guztia omen da” dio esaerak. (ZUBIETA BASERRIA) Bidean aurrera egin… (BIDEAN) … eta Geldo auzoko bihotzera heldu ginen, auzoko eskola zaharrera. Bertan, hasteko, zein egun den gogoratuz argazkia atera genuen. Hori, hori mutilak! Eutsi banderatxoari! (GELDOKO ESKOLA ZAHARRA) Ostean, gurekin etorri zen Amagoiaren azalpen zabala entzun genuen denok adi-adi. Eskola hauen sorrera; bertan egondako maestren eta ikasleen gora-beherak; Geldon Pietro ostonduta egon zeneko gertaerak eta bide asfaltatuaren “misterioa”, … Baten bat zur eta lur geratu zen Amagoiaren jakituria ikusita. Eskerrik asko zure laguntzagatik Amagoia! Luxua da zure azalpenak entzutea!!! (AMAGOIAREN AZALPENEI ADI) Eskola zaharretik Sª Bartolome ermitarantz joan ginen. Bidean, Goikoetxe baserri ederraren albotik pasatu ginen. Oraindino aurreko horma anilarekin urdinduta dauka baserriak eta baita alboko leihoak ere, gurutze eta guzti. (GOIKOETXE BASERRIA) (LEIHOA) Sª Bartolomen ermita honen leku aldaketaren ingurukoak komentatu genituen. Orain dagoena XVI.mendetik dago hori, baina lehenago Berreaga mendi gailurrean ei zegoen, aurkikuntza arkeologikoen arabera. Berreaga mendiko asentamenduaren inguruan ere aritu ginen luzaro, honek duen garrantzia handia aipatu genuen. Sª Bartolometik Sª Migelera joan ginen, Geldo auzotik Daño auzora. Ermita hau ere XVI.mendekoa da eta auzotarrek jaiak irailaren 29an ospatzen dituzte, ohi denez. (Sª MIGEL ERMITA) Behean Argiñene eta Etxandi baserriak eta beherago Jule baserriak, Dañogoko eta Dañobeiti. (DAÑOBEITI BASERRIA) Daño auzoaren barrenean Arkotxe baserria dago. Bertako bidegurutzean elkartzen ziren lehenago auzotarrak zein auzolan eta zelan egin behar zen erabakitzeko. Baserriaren alboan, erreka bazterrean, arropa garbitzeko errekako harria (latsarria) ikusi genuen. Zenbat eta zenbat andre joango ote ziren Bilbora esnea saltzera eta bueltan asto bete arropa errekan garbitzera! Txorierriko andre piloa seguru! Gaurko egunez ezin ditugu ahaztu andre langileok. (LATSARRIA) Sª Tomas ermitara heldu gara. Ingurune paregabean dago ermita hau eta bertako jaiak ere oso politak izaten dira. Sª Tomas abenduaren 21ean izanik, eguraldi txarra saihestu nahian, auzotarrek ekainera pasatu zuten jaia. Orain auzo honetako jaiak Sª Antonio (ekainak 13) osteko domekan ospatzen dira. (SAN TOMAS) Ibilaldia amaitzeko, herrira joan gara. Zamudion, Amagoiak Sª Martin elizaren eta Zamudiotorreren ingurukoak kontatu dizkigu. Amagoiak berak eliza barruan dauden armarrien inguruko ikerketa egin du eta liburua argitaratu du oraintsu. Baina ez digu hori azaldu, jakin nahi duenak badaki nora jo. Dorretxearen garrantzia azpimarratu du. Besteak beste, Erdi Aroko gertakizunak; XX.mendera arte jendea bizi zela bertan; Carmen Mendiguren irakasle zamudioztarrak bertan eman izan zituela eskolak; e.a. Gehiago jakin gura duenak badaki zer egin, HURRENGOAN ETORRI!!! OHARRA: Hurrengo mendi ibilaldia APIRILAREN 26an izango da.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).