Gemma Verdaguer, masajista: “Erreflexoterapiak lagundu ahal digu pilula-kaxa albo batera uzten”

Erabiltzailearen aurpegia Berbalagun 2009ko api. 30a, 00:00

Erreflexoterapia txinatarrek erabiltzen zuten antzinako teknika da. Egiptiarrek eta hinduek lantzen zuten probak ere badaude, eta batzuen ustez, erreflexoterapia erabili zuten lehenengoak amerindiarrak izan ziren. Eurak inkengandik jaso zuten teknika. Gemma Verdaguer sondikoztarrarengana jo dugu, terapia hau apur bat hobeto ezagutzeko.
Zer da? Gaixotasun batzuk osatzen lagunduko digun terapia: estresa, haizeak, idorreria, zirkulazio-arazoak... Eta beste batzuk hobetuko dizkiguna: buruko mina, muskuluen kontrakturak, menopausiak eragindako beroaldiak...
Zertan datza? Gorputzaren nerbio-bukaera guztiak oinetan ditugu; hau da, gorputz atal guztiek isla dute oinetan. Oinetan egiten ditugun pultsazioen bitartez bizkortu egiten dira bertan islatuta dauden gorputz atalak. Pultsazioak nerbioen bidez ailegatzen dira lantzen gabiltzan organora, eta energia-kanalak bizkortu egiten dira. Ondorioz, gorputzak berak osatzen du gaixorik dagoen organoa.
Oinei buruz ari zara, baina gorputzeko beste ataletan ere egiten omen da: eskuetan, sudurrean eta belarrietan, hain zuzen ere. Bai, horietan ere egin daiteke, baina oinak askoz sentikorragoak dira eta zuzenagoa da bertan egitea. Gutxi zaintzen ditugu oinak eta ezinbestekoak dira guretzat, gure oinarria direlako; ibiltzeko erabiltzen dugun gorputz atala. Beste alde batetik, erreflexoterapia zientifikoek egiaztatu duten terapia da: buruak oinetan duen erreflexu-puntua anestesiatzen bada, buruko mina kentzen da.
Badu kontraindikaziorik? Minbizia dutenei ezin zaie erreflexoterapia egin, gaixorik dauden zelulak gorputzean zehar zabaltzeko arriskua baitago. Eta gauza bera gertatzen da infekzioren bat dutenekin. Haurdun daudenek ere ezin dute haurdunaldian lehenengo hiruhilekoan erreflexoterapia-saiorik jaso, badaezpada.
Eta gaixotasunik ez badago? Egokia da edozein pertsonarentzako; oso egokia, erlaxatu eta estresa kentzeko. Gaur egun kasu gutxi egiten diogu geure buruari. Normalean korrika ibiltzen gara eta ez dugu erlaxatzeko astirik. Horregatik ez legoke batere txarto ordubetez masajea egitea. Informazio gutxi dugu erreflexoterapiari buruz, baina pilula-kaxa albo batera uzten lagundu ahal digun terapia da. Hori bai, profesional batengana jo behar dugu beti.
Kataluniatik Txorierrira
Gemma katalana da, Terrassakoa, eta Sondikara 1996. urtean etorri zen bizitzera. “Badakizue, maitasun kontuak; Deustuko batekin ezkondu nintzen!”. Ondo moldatzen da Txorierrin, eta berton oso pozik dagoela dio. Hala ere, txikitatik du harremana Euskal Herriarekin, amama Hondarribikoa baita.
Euskara ikastera animatu da Gemma. “Katalunian bizi nintzela amorrua ematen zidan kanpotik etorritako jendeak katalana ez ikasteak; orain berton nago eta euskara ikasi behar dut. Errespetuagatik eta neure buruarekin koherentea izan behar dudalako”.
Adierazi digunez, euskara katalana baino askoz zailagoa da, eta kalean euskara gutxi entzuteak ez du asko laguntzen hizkuntza ikasteko orduan. Horregatik, izena eman du Berbalagun egitasmoan. Duela gutxi erreflexoterapiaren gaineko ikastaroa eman die berbalagunei. Jendea oso gustura egon da; are gehiago, hain pozik ibili direnez ikastaroa luzatu egin behar izan duela azaldu digu. “Oinarrizko ikastaroa izan da, baina inportanteena euskaraz egin dugula izan da”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).