ARAIA-ARATZ mendi ibilaldia

Erabiltzailearen aurpegia Berbalagun 2009ko mai. 19a, 00:00

Maiatzaren 23n, larunbata. 10:00etan Araiako Ajuria fabrikan.
Topaguneko Mintzapraktika sailak lehenengoz mendi irteera bateratu bat antolatu du Euskal Herriko mintzapraktika egitasmoetan parte hartzen duten berbalagun, mintzakide, mintzalagun, solaskide guztientzat. Bertan, elkar ezagutu eta egun pasa ederra egiteko parada ezin hobea izango dugu. Gure moduan, mintzapraktika proiektu asko dira mendi irteerak antolatzen dituztenak, horiek guztiak egun batez ibilaldi bat elkarrekin egitea da ibilaldi bateratu honen helburua.
Oinak arin eta mingainak dantzan! Izen-emateak: mintzapraktika@topagunea.com helbidera idatziz, MAIATZAREN 21a baino lehenago. IBILBIDEA: Araia-Aratz ( Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldearen web orritik hartua)
Ibilaldia Arabako Araia (621 m) herrian hasiko dugu, Arabako Lautadan kokaturik dagoen Asparrena bailarako hiriburuan hain zuzen. Geure urratsak, abandonaturik dagoen AJURIARREN FABRIKArantz zuzenduko ditugu, 1985ean itxitakoa, OLAZAR izeneko burdinola zahar batean jatorria zuena. Fabrikara heldu baino berrehun bat metro lehenago, GR-25 (Arabar lautadari bira) zidorraren adierazle baten ondoko ezkerrerantz abiatzen den pista maldatsu bat hartuko dugu. Ezkerrean ur-tanga bat utziko dugu, eta apur bat geroxeago bi etxeren artean igaroko gara. Hurrengo bidegurutzean zuzen jarraituko dugu eta —BAGONETEN ALDAPA— izenez ezaguna den aldaparen hasieraraino iritsiko gara (hemendik igaro ziren haitzaren magalean dagoen harrobitik behera, bertan erauzitako harriz kargaturik jaisten ziren bagonetak). Aldapa piko honetatik jarraituko dugu, eta pista batera aterako gara; zidorretik jarraituko dugu, zeharkatuko dugun beste pista batera iritsi arte; alanbre-hesia zeharkatu (adierazlea bertan) eta bidean gora jarraituko dugu. Beste adierazle batek ZIRAUNTZA IBAIAREN ITURBURUrako bidea adieraziko digu, toki bitxia bera, non ura harritik jario den erreka ederra sortzen den bertatik; honi egiteko bisita beste baterako utzi beharko dugu. SAN MIGEL HAITZaren ondoko GAZTELEPOra (835 m) iritsiko gara, eta bertan basoaren erdi-erdian sartuko gara, iparralderantz jarraituz; metro batzuk geroxeago, adierazle batek ZALDUONDOrantz jarraitzen duen GR-25aren desbideraketaren berri emango digu. Hemendik aurrera adi ibili beharko dugu iparralderantz, muinoaren gainaldetik beti jarraitzearren; bidean adierazle batzuk (PR-11 eta PR-12) zalantzan jarriko gaituzte; bidegurutzetan beti ezkerrerantz hartuko dugu; zedarri batzuk bide zuzena aukeratzen lagunduko digute; igoeran ere, aurrera egiten traba jarriko digun ZUHAITZ-BAKANKETA egin den INGURU batetik igaro beharko dugu; dena dela ere, onena denok batera aurrera egitea izango da inor nahas ez dadin. Pista batera aterako gara (ZUMARRAUNDIko adierazlea) eta metro batzuk geroago ITURRIOTZ ITURRIarekin egingo dugu topo (1.055 m): komenigarri izango zaigu bertan ura hartzea. Zidor argirik gabe eta PR-12ko zein zaharragoak diren beste zenbait marka jarraituz, AZKOSAROIko ZELAIaren bila iparralderantz igoko gara (Azkosaroiko zelaian adierazle bat aurkituko dugu): 1.198 metroko garaieran gaude, pagaditik irten gara eta aurrean Aratzeko menditzarra dugu. Zelaiaren barrenean, iparralderantz kokaturik, —BEGIBAKARRAREN BORDA— ikusiko dugu, baina oraindik ez gara bertara iritsiko: horren aurretik Aratz mendiaren tontorrera eramango gaituen zirkuitu bat osatu behar dugu-eta. GR-121a jarraituz, hego-ekialderantz bira egingo dugu (Gipuzkoako Bira - marka zurigorriak). Markek ARATZARTE LEPOra eramango gaituzte (1.275 m.), eta handik bira emanda iparraldera (puntu horiak), harritzan egindako xendra eder batek gaineraino eramango baita. ARATZ GAINA (1.442 m), Altzaniako Mendien tontorrik garaiena eta Arabako lurraldean laugarren tontorrik garaiena, Gorbeia (1.481 m), Larrasa (1.453 m) eta Palomares (1.446 m) mendien ondoren. Eguraldia lagun bada, panorama ikaragarri ederra da norabide guztietan: AIZKORRI, ARALAR, URBASA, ANDIA eta ENTZIA mendilerroak, DURANGALDEKO mendiak, etab., baita ere ARABAKO LAUTADA, DEMANDA Mendia, PIRINIOAK eta ezin jakin zenbat mendi eta silueta ezagun horizontean.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).