Bilboko Arte Ederren Museoak produzitutako erakusketa hau emakumeari buruzko Erdi Aroko ikerketen gaineko funtsezko ekarpen gisa planteatu da. Helburu horrekin, objektu artistikoen errepertorio zabal eta anitza eskainiko du, betiere, irudi edo eszena femeninoak jasotzen dituzten gaiak erakutsiz. Modu horretan, XIII. mendetik XV. mendera bitarteko arteak emakumeari buruzko ikonografiari egin dizkion ekarpenak aztertuko dira, horrela, gertakari artistikotik abiatuta, ikonografia horrek Erdi Aroko gizartean zeukan funtzioa baloratzeko eta denbora-tarte horretan izan zuen bilakaera aztertzeko. Horretarako, arte-komisario independentea eta proiektuaren arduradun zientifikoa den Corinne Charlesek lau urte baino gehiago eman ditu ikerketan, lan multzo harrigarri bat bildu arte; tartean daude oso baliotsuak diren margoak, eskulturak, ehunak, urrezko gauzak, eskuizkribuak, altzariak eta arte aplikatuetako piezak, denak ere Europako museo garrantzitsuetakoak. Hainbat museok kolaboratu dute erakusketarekin, euren lanak mailegatuz; hauek dira aipatutako erakundeak, besteak beste: Madrilgo Thyssen-Bornemisza Museoa, Museu Nacional d’Art de Catalunya, Musée du Louvre, Frantziako Liburutegi Nazionala eta Parisko Dekorazio Arteen Museoa, Clunyko Musée National du Moyen-Âge, Londresko National Gallery, Kopenhageko National Museum of Denmark, Bergamoko Accademia Carrara edo Basileako Historisches Museum.Gotiko goiztiarrean nabarmen idealizatzen ziren eredu femeninoetatik abiatuta, eta Ama Birjina ikur gisa hartuta, bildu diren berrogeita hamar bat piezek agerian utziko dute nolako roletan agertu izan den emakumea eta nolako eraldaketa izan zuen Erdi Aroan zehar. Hain zuzen ere, XV. mendeko eskuizkribuen bildumagile flandestar ospetsu eta ikasia zen Louis de Brugesen ezaugarria jasoz, Gehiago dago zugan erakusketaren izenburuak aipatutako rol eta irudien aniztasuna islatu nahi du: Ama Birjinari buruzko gotiko berantiarreko ikonografia; gorteko literaturako eszena beroak; emakumearen bekatuzko izaera azpimarratzen duen literatura satirikoa; emakumezko heroiak; letretako emakumeak; plazeraren emakumeak…Erakusketan beste aditu garrantzitsu batzuek ere hartu dute parte; horrela, katalogoari egiten dioten ekarpenekin, gaiari buruzko panorama osoa zirriborratzen dute, funtsezkoak diren gaiak aztertuz: emakumea eta boterea; emakumeen hezkuntza, osasun eta edertasun ereduak; estatus juridikoa; edo emakumearen rol ekonomiko eta politikoa.
Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?
WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.
Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.
Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).