Izenburuak esaten duen bezala laster berbalagun talde bat soloan hasiko da lanean, eta ez edozein solotan, ez! Solo ekologikoa izango da eta!
Horretarako, Jose Antonio Lekuek hitzalditxo bat eman zigun horren gainean eta geuk galderaz josi genuen. Zein da sasoi hoberena Txorierriko itxaropen loreak landatzeko? Eta lurra? Zelan prestatzen da lurra, bitaminak behar ditu ala zizareei utziko diegu oxigenatzen? Eta tresnak? Zer beharko dugu gure lur zatitxoko fruitua jasotzeko? Eskuak, izerdia, gogoa eta aitzurra, hori izan zen erantzuna. Horra hor, txorierritar gaztedia jo eta ke, izerdia aurpegian aitzurra lepoan, oraingoz behingoz, ama lurra zaintzen eta horrekin batera euren burua.
Klase teoriko horren ostean, soloa falta zitzaigun, lurra ikusi, bizi eta izan. Zuhaitz fruitudunekin hasi ginen, sagarrondoak, madariondoak, kiwiak… denak batera, lagun, auzo berean elkarrekin bizitzen. Fruituak jasotzeko arbola pare batekin nahikoa da, zuhaitz bakar batek 50 kg fruta eman baitezake.
Ibilbidearekin jarraituz, negutegietan sartu ginen, txapel itzelezko lorategi ederrean, eguzkiaren bila hasten diren barazkien tenpluan. Bertakoak ez diren frutak eta barazkiak nekez hasten dira gure lurretan, eguraldia alde batera eta lurraren propietateak bestera, laguntza behar dute sendo hasteko eta ezetz asmatu zer den hoberena? Txapela. Euskaldunen ikurrak ere ortuan bere garrantzia dauka, landarea babesteko, landarea maitatzeko. Bizitzan berean bezala, aurrera jarraitzeko babesa behar da, momentu txarretan altxatzen zaituen pertsona bat alboan izatea eta landareekin gauza bera gertatzen da, eguzkiaren laztana, uraren lasaitasuna, amaren babesa… hori dena eta gehiago behar dute, eta ezin dutenean jaso, orduan geuk egingo dugu lana, geu izango gara natura.
Satsa eta konpostetatik ere buelta bat eman eta jakin izan genuen mila modutara prestatu ahal dela. Harrituta gelditu ginen natura beti emateko prest dagoelako; hain ona da natura non satsean ere perretxikoak hasten baitira, mongiak hain zuzen ere!
Amaitzeko gure lagunak, LekueK, bertoko produktuen hamaiketakoa eskaini zigun, Larrabetzuko txakolina, ardi gazta, intxaurrak eta ogia. Beraz, bihotza ilusioz eta burua jakinduriaz beteta, eta sabela goxo-goxo bueltatu ginen etxera.
Eskerrik asko Lekue!
Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?
WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.
Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.
Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).