Lehenengoak dio: “Ibili munduan txapela buruan”, eta horrela ibili izan naiz, neure euskalduntasunaz harro, baina besteen kultura eta izaera errespetatuz; bestea, maitasunezkoa, esaten hasten dena: “Pasaporte hau daramanak ez ditu beste gizaki baten eskubide oinarrizkoak inolaz ere urratuko…”. Eta badiotsuet: ez dut sekula arazorik izan aske ibiltzeko. Horrez gain, aspaldi honetako “pandemia” arazoak bitarteko, hirugarren pasaporte bat ere sartu dut nire motxilan, zientifikoa deiturikoa: “COVID-19: stigmatising unvaccinated is not justified”, The Lancet medikuntzako aldizkari ospetsuan 2021eko azaroan argitaratua. Eta zelan diren gauzak, geure bertako agintariek eskatzen dutena aldean edo mugikorraren barruan izan ezik, ezin lekuetara sartu neure herrian. Eskatzearen arrazoiak osasunaren aldekoak izango baziren, ba tira, beste neurri batzuk bezala gustatu ez arren beteko nukeen, baina agintarietako batek baino gehiagok esplizituki esanda “neurri soziala edo zibila” dela, derrigorrezkoa (gaur arte behintzat) ez den zerbait bultzatzeko… Barkatu, ez al da hori pedagogia autoritarioa? “Nik esaten dudana egiten ez baduzu, hau edo bestea kenduko dizut, edo ez emango…”askotan entzun behar izan duguna. Non da pedagogia demokratikoa, denok ezagutzen duguna, pertsonek zerbait egin dezaten arrazoiekin eta ereduarekin konbentzitzen duena?
Badakit gauzak ez direla hain sinpleak eta testuinguruko beste aldagai asko ere hartu behar direla kontuan, baina, esanak esan, neure barru-barruan ukituta utzi nau debeku honek, nire ustez, Francoren garaitik gaur arte nire eta gure askatasun eskubideek sufritu duten erasorik gogorrena: hain inportanteak diren gauza bi ukatu dizkigute geure etxe aurrean, kultura eta sozializazioa. Zer da osterantzean modu bidegabean eta arrazoirik gabe antzokietara (Miribillara, Arriagara, Euskaldunara, Txorierriko Gabon kontzertuetara…) edota taberna-jatetxeetara ezin sartu ahal izatea? Eta esan gabe doa sistema honek etorkizunean ekarriko duena, Txinan ondo frogatu duten bezala. Laster, egunero “zintzomantso” izeneko pilula bat hartu beharko dugu asteburuko Athleticen partiduetarako baimena irabazteko.