Naturarekin kontaktuan

Erabiltzailearen aurpegia Jon Goikouria Larrabeiti 2017ko mai. 22a, 10:04

Keko Alonso Larrabetzuko lorezaintza eraldatzen ari den biologoa eta promotorea da. Naturarako egiten du lan, bai Besaia enpresan bai Gym Berdea ekimeneko koordinazio-lanetan. Gym Berdea eraldakuntzako lorezaintza da, lorezaintza tradizionaletik urruntzen dena. Proiektua 2016ko otsailean jaio zen Larrabetzun, eta denbora eta pazientziaz, emaitzak loratzen hasi dira bertan.

Lorezaintza kasualitatez ezagutu zuen eta berehala maitemindu zen Keko. Larrabetzuko jubilatu batek bertan behera utzita zeukan lorategia, nagusiegia izateagatik mantendu ezin zuelako. Horregatik, lursaila aztertu eta diseinu berezi bat egin zion. “Lehenengo momentutik konturatu nintzen lorezaintzako gauza asko gustatzen ez zitzaizkidala”, adierazi du biologoak. “Frantziatik iparraldera joaz, lorezaintzarekiko bestelako ikuspegia dago, lorezaintzaz haratago doan mundua erakutsiz”. Momentu hartan ezagutu zuen ekolorezaintzaren unibertsoa.

Agroekologiarekin gertatzen den bezala, lorezaintza tradizionaletik urruntzen den kontzeptua da ekolorezaintza. “Lorategia sistema bat da, eta bertan elkarrekin bizi diren elementu asko daude”, azaldu du biologoak. Momentu honetan Alberto Albaizar larrabetzuarraren lorategia zaintzen dabil, besteak beste. Bistan da lorategia baino askoz gehiago dela. Lorategia eta etxea etxebizitza modernoez inguraturik daude, baina horrezaz jabetzea zaila da, lorategian pantaila funtzioa betetzen duten zuhaitz erraldoiak daudelako. “Larrabetzuko Central Park-a da honako hau”, adierazi du Kekok barre eginez, Larrabetzuko erdigunean sorturiko baso partikularrean.

Basoa da eta espazio bakarrean marrubiak, ereinotzak, hurrondoak… daude. “Zenbat espezie daude bertan?”. Kekok barre egin du. “Kontua galdu dut, egia esateko”. Zuhaitz, landare eta lore horiekin hainbat espezietako intsektuak bizi dira: inurriak, eltxoak, erleak... denak elkarrekin bizi dira Kekok mantentzen duen basoan. “Ez dugu mehatxurik plagak direla eta: landare-zorriak ez ditugu soberan; bertako ekosistemak kudeatzen ditu eta horretarako marigorringoak daude”. Landare eta lore guztien artean Erleen Hotela dago, eskuz egindako zuloez beteriko etxetxoa. “Bertan erle basatiak bizi dira, polena hanketan eraman baino, sabelean daramatzatenak. Eztia sortu ez arren, poz-pozik bizi dira polena landareetatik etxera eramanez”.

Ekolorezaintzak erabat txunditu zuen Alonso lehen momentutik eta Gym berdea sortzea erabaki zuen momentu hartan. Aitzindaria Erresuma Batuan dago, Green Gym izenekoa (Gym Berdea, inglesez). “Green Gym-a ez da profesional mailakoa: ez da handinahikoa eta boluntarioek egiten dute lan bertan, mantentze-lanetan. Arrakasta izugarria izan zuen jaio zen momentuan”, azaldu du Kekok. Gym Berdea Green Gym-aren aldaera da: “Lorezaintzaren sustapena da, naturari on egiten diona. Horrezaz gain, osasunari ere on egiten dio ekimenak ikuspuntu integraletik alde emozional, espiritual eta mentalean, errutinak ekiditen baititu”. Ideia bururatu zitzaionean proiektua martxan jartzea erabaki zuen, eta Larrabetzuko Udalaren, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako eta Osasun Sailaren laguntzaz sustatu zuen.

 

15 eta 95 urte arteko gazteentzat

Astebetean ordu biko saio bakarra eskaintzen du Gym Berdeak, Larrabetzun. Aurtengo ikasturtean 12 ikaslek eman dute izena, eta pasa den urtekoaren arrakasta ikusita, aurtengoak harkor daudela adierazi du Kekok. Komunitatearekin konektatzeko, adin bakoitzari on egin diezaiokeen esparruan arreta deitzea du helburutzat Gym Berdeak: “Lan gogorrenak gazteei uzten dizkiegu, horretarako indar handia daukatelako, esaterako. Larrabetzuko eskolako gazteei, ostera, herriko zuhaitz zaharretan ezarriko diren egurrezko habiak eraikitzera gonbidatu diegu”. 

“Emaitzak ezin hobeak dira, denek hartzen dutelako parte”: errutinan murgildurik eta bakardadean dauden nagusiak, galduta dauden gaztetxoak, haurrak hezten dabiltzan eta aisialdirako denborarik ez duten pertsonak, lanean hasteko prest dauden gizarte-bazterketako pertsonak… askotarikoak dira Gym Berdeko parte-hartzaileen profilak. Momentuz, ekimena Larrabetzun garatzen ari da, batez ere Alonsoren jarduera profesionala bertan garatzen delako. “Ortu eta baliabide ugari daude herrian, baina batez ere auzo-lanetan aritzeko gogo handia dauka bertako jendeak: lan egiteko kultura handia dago”.

Basagurenalde kaleko lorategian goitik beherako aldaketa egin zuten Gym Berdekoek. Biologoak azaldu du zonaldeari hasieran emandako tratamenduak ez zuela harrera onik izan auzotar batzuen artean, lorategi arrunta baino basoaren antza duelako. “Landaredi irla naturala sortu dugu bertan. Nortzuk dira eltxoez libratzen gaituzten ugaztunak?”, galdetu digu Kekok, lorategi aurrean egonda. “Saguzarrak”. Aho bete hortz utzi gaitu. “Basagurenaldeko lorategiak ekosistema batek behar dituen elementu guztiak dauzka: zuhaitzak, belarra, eguzkia eta errekatxo bat. Errekan eltxoak jaiotzen dira udan, eta saguzarrak doaneko intsektujale naturalak dira; ez dago inolako sprayren beharrik”, azaldu du.

Gizakia eta natura kontaktuan daude zonalde honetan, bertako Haritzen gerizpean egurrezko eserlekuak ezarri dituztelako. “Zonalde hau ikusezina zen, eta orain harmonia da nagusi, bai ekosistemako elementuen artean, bai gizakiok naturarekin dugun harremanarekin”, esan du gerizpean.

Kekoren asmoa naturarekin konektatzeko espazioak ahalbidetzen duen proiektua Txorierri osotik, baita Bizkai osotik ere, hedatzea da, lorezaintzari aplikaturiko ekologia mundu osoak ezagun dezan. Horretarako, lan gogorra egiteaz gain, pazientzia bertan parte hartzeko beste faktorea da, eta hori ikusteko begiak ireki egin behar dira: Larrabetzuko zonalde berreskuratuetan landatutako landare eta zuhaitzak loreak ematen hasi dira, apopilo eta guzti.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).