Zer da Basa?
Eleberri laburra eta trinkoa dogu. Protagonista Sabina Gonejola izeneko andra basa da, baserri munduan bizi dana. Urteetan pilatutako bizitzako pisua aldean daroa eta lehertzear dago. Bere bulkada muturrera doan heinean ingurukoen egoera baldintzauko dau.
Pertsonaia oso definitua da.
Eleberria Sabinatik abiatu zan: emakumea, baserritarra... idealizazinoan jausteko arriskua neukan heroi bat eraikiz, eta nire asmoa guztiz kontrakoa zan: lurreko pertsonaia gura neban, askorentzat antiheroia dana. Pertsonaia estiloa landu, eta hortik aurrera tramea eta testuingurua heldu ziran eta irakurleari Sabina maitatu eta gorrotatzeko atxakiak emoten joan naz: auzokideekin daukan hartu-emona, seme-alabak zelan zapaltzen dituan…
Errealidadearen ikuturik al dauka istorioak?
Danetarik dago. Sabina berez ez da existitzen, baina Sabina neure inguru hurbilean euki dodazen estilo horretako emakumeen egindako collagea da. Pertsonaia izanda, aspektu horreek eraikitzeko andrearen testuingurua eraikitzen hasi nintzan: baserria, koinatua, seme-alabak… horrelaxe eraiki nebazan tramea eta ukitu nahi nituan gaiak.
Publiko zehatzik dauka Basak?
Banekien publiko jakin batekin enpatia sortuko nebana: baserri mundua usaindu dauen jenteak errazago ulertuko dau istorioa. Publikoaren feedbacka jaso dodanean baserri mundukoek esan eustien nolabait identifikauta sentitu zirala. Banekian danak ez ebela hurbilpen hori era berean egingo. Idazkereagaitik be konziente nintzan irakurle batzuk errazago bajatuko zirala irakurketatik: elipsi asko dagoz eta idazkera trinko samarra dauka.
“Baserri mundua usaindu dauen jenteak errazago ulertuko dau Basa”
Zelangoa izan da sormen-prozesua?
Motela. Motela naz edozertarako: idazten, jaten, ibilten… eleberri hau idazteko XX. Igartza saria irabazi neban 2017ko irailean, eta beka haretan zer egin gura neban idatzi behar zan, txosten halango bat. Txosten haretan nire bizitzako liburua idatziko nebala jarri neban, baina idazten hasi bezain pronto konturau nintzan hasierako proiektu ha eta egin nahi nebana ez etozala guztiz bat. Lehenengo fase baten, ideia osoa perfilatu behar izan neban, eta eleberria uste baino motzagoa izango zala konturatu nintzan.
Basa ez zan lehenengo titulua izan.
Proiektuaren izena Paperezko Txoriak zan. Liburuaren ardatza Basarena zan, baina Paperezko Txoriak izeneko tituluagaz Sabina egoera zaurgarriagoa irudikatzen neban: bakardadea, zahartzaroa, heriotza… aditzera emoten. Beste buelta bat emon behar jakon horri.
Basak, ganera, konotazino ugari daukaz.
Basaz, lokatzaz ari garenean, Sabina erako andrakaz lotzen dodan hitza da: edozein etxeko zapatilak garbiak dira, alfonbra ganean egoteko modukoak; amamarenak, osterantzean zikinak, bazaztuta egon ohi dira. Beste adiera bat salbaia edo basatia da, domestikau bakoa eta basoan era naturalean hazi egiten dana. Azken adiera batek biolentoa izateri egiten deutso erreferentzia. Adiera guztiak bat datoz ez bakarrik protagonisteagaz, baita liburuaren beraren kontaereagaz be.
Eraginik izan al dau bertsolaritzak Basan?
Esplizituki ez, baina bai hizkuntzaren lanketan. Hitz egokiaren bila nabil 12 urte nituanetik eta modu inkonzientean eragina izan dau bertsolaritzak. Bertsolaritza entrenamendu paregabea da ni bezalako pertsona perfekzionista ia obsesiboentzako: esaldi perfektua bila daiteke, baina gogorarazten deusku dana ez dala guk uste genuan bezala urtengo. Ganera, paperekoa paperean geratuten da eta bertsoa bota egiten dozu, gaur egun grabetako aukerea egon arren.
"Bertso, parranda eta lagunengaitik oso hurbila egiten jatan herria da Larrabetzu”
Zuzenketa asko egin al dozu argitaratu baino lehen?
Pilo bat. Entregau neban gehiago ezin zalako luzatu. Bestela… itxi izan baeustien... oraindik aldaketak egiten egongo nintzateke. (barreak)
Bertsolaritza eta eleberrigintza. Diferenteak bezain paretsuak.
Ez dira konparagarriak, egoteko modu diferente dira eta: bertsotan oholtza ganean egon ohi gara, zutunik, barrutik kanporako ariketea egiten. Idazkerean, ostera, jarrita egon ohi gara, espazio itxi baten eta kanpotik barrurako ariketea egiten. Osagarriak izan daitekez, edo ez, goizetan pertsianak zabaldu eta kaleko argia bat-batean etxera sartzen iztea bezalakoa da. Erritmo ezbardineko ariketa oso diferenteak dira biak.
Larrabetzuk parekotasunik al dau Basan eraikitzen dozun baserri munduagaz?
Bai, noski! Herri txikia da, bai, baina Basakoa hutsitzen ari dan herria dogu. Halan da be, herri hurbila dogu. Larrabetzuko herria baino uri handi baten kokatu beharko baneban, seguruenik periferiako auzoan biziko zan Sabina, eta baserritarra barik harakina izango zan, esaterako.
Ezaguna da zuretzat Larrabetzu.
Bai, bertsoetatik eta Hori Baiko poteoetatik, baita Goikolexeagaitik be. Bertso, parranda eta lagunengaitik oso hurbila egiten jatan herria da. Malen Amenabar ilustratzaileagaz hartu-emonetan egoten naz eta beti esaten dogu Larrabetzun beti dagoala zeozer (barreak).
Aita ere Derion egondakoa da.
Betidanik kontatu deusku Seminarioko kontu ugari fantasia handiarekin (beti bezala) eta zuri-baltzean imaginatzen dot Derio. Amak eta aitak bertan ikasi eben eta txikitan behin baino gehiagotan ibili ginan hortik.