Egunero entzun eta irakurtzen ditugu komunikabideetan eraso matxisten inguruko berriak; emakume izateagatik erasotu dieten emakumeen inguruko berriak. Urrun geratzen zaizkigu, gelditu eta kontaketarekin hasten garen arte.
Urtebetean zortzi emakumeri eraso diete Derion. Gure kaleetan bizi diren, lan egin edo bizitza soziala egiten duten emakumeak dira. Basakeria bat da Derio moduko herri batean urte bakarrean zortzi eraso egon izana! Eta, gainera, jakin badakigu gehiago izan direla, gure belarrietara iritsi direnak zortzi direla, baina beste hainbeste ezkutuan geratu direla argitara irten gabe.
Erasotzaileak ez dira bikotekideak eta bikotekide ohiak soilik. Derioko erasoetan, bikotekideez eta bikotekide ohiez aparte, herriko gizon ezagunak eta ezezagunak izan dira erasoak egin dituztenak. Mehatxu, indarkeria, eraso fisiko eta hitzezko erasoen bidez era askotako espazioetan gertatu dira erasoak: leku publiko zein pribatuetan, kalean, lanean, etxean... Zortzi erasoetatik zazpi herrian bertan gertatu dira, eta bakar bat baino ez da jai giroan izan. Erasotzaileen adina 17 urtetik 60 urtera artekoa da; gehienak adin ertaineko gizon zuriak izan dira.
Horrekin adierazi nahi dugu erasoak oso gertu pairatzen ditugula, edozein espaziotan eta edozein modutan: kaleko jazarpenak, sexu askatasunaren kontrakoak, mehatxuak, eraso fisikoak… eta erasotzaileek inolako zigorrik jaso gabe, ez eremu judizialean, ezta gizartearen aldetik ere. Haien bizitzarekin ezer gertatu ez balitz bezala jarraitzen dute, gure saltokietan erosten dute, gure espazio berberak erabiltzen dituzte... Emakumeok, aldiz, erasoak jasateaz gain gizartearen gaitzespena, zurrumurruak, begiradak... jasan behar ditugu; inorekin ez topatzeko ogi bila zein bide hartu pentsatu behar dugu, oraindik ere emakumea baita bizimodua aldatu behar duena. Nazkaturik gaude kontuz ibili eta gure burua babestu behar izateaz!
Argi dugu erakundeek ez gaituztela babesten. Geratzen zaigun aukera bakarra elkar babestea eta zaintzea da.
Eta zuk? Nola jokatuko duzu?
Nor babestuko duzu, erasotzailea ala erasoa jasan duena?
GORA AUTODEFENTSA FEMINISTA
GORA BORROKA FEMINISTA