2006ko inkesta soziolinguistikoaren datuak hartuta, Derion euskararen egoera zertan den azalduko dugu labur-labur.
Derion euskaldunen kopurua Txorierrin baino dezente baxuagoa da, Bizkaian pare gutxi gorabehera eta Euskal Autonomia Erkidegotik behera dago.
Urtez urteko eboluazioari dagokionez, azken 25 urtetan Derion erdaldunen kopurua asko jaitsi da. Dena den, galera horiek erdibana gutxi gorabehera jaso dute bai euskaldunen kopuruak zein ia-euskaldunen kopuruak. Gainera, 81eko eta 96ko egoerara itzuli gara. Hau da, euskaldunen kopurua ia-euskaldunena baino handiagoa izatera (2001ean ere, baina ia-ia parekoak ziren kopuru biak). Azkenik, aipatu behar da behingoz Deriok %30eko muga gainditu duela.
Derioko etxeetan erabiltzen den hizkuntza nagusia gaztelaniak jarraitzen du izaten, alde handiz. Aipatzekoa da euskara eta gaztelania ez den hizkuntzen erabilerak izan duen igoera.
Ama-hizkuntzari dagokionez, azken 25 urteetan ez da aldaketa nabarmenik gertatu. Gaztelania jaitsi da (batez ere azken 5 urtetan) eta euskara igo da (batez ere azken 5 urtetan). Eta %25eko marrara ailegatu da. Aipatzekoa da Derion euskadunen kopurua %32koa izanik, euskara ama-hizkuntza dutenen kopurua (bakarrik ala gaztelaniarekin) ia-ia parekoa izatea.