Futbolean ere euskaraz

Erabiltzailearen aurpegia tximintx 2010ko ira. 28a, 08:00

TOTOAN Txorierriko Euskara Elkarteen Federazioak eta ITZARRI aholkularitza enpresak futbol entrenatzaileen eskola euskaraz jarri dute abian, Txorierrin. Horretarako, Mankomunitatearen eta Foru Aldundiaren diru-laguntzak jaso dituzte, baita eskualdeko futbol kluben oniritzia ere.

Futbola izugarrizko indarra duen kirola da. Milaka eta milaka lagunek ikusi zuten lehengo udan Hegoafrikan jokatutako Munduko Txapelketa, eta urtean zehar normalean gehien ikusten diren telebista saioak futbol partidak dira. Gainera, hainbat hedabidek futbolean gertatzen diren gorabehera guztiak ematen dizkigute behin eta berriro. Bere eragina nabarmena da, eta edozein zeharkako helburu sustatzeko ere lagungarria da. Esate baterako, euskararen erabilera bultzatzeko. Horren haritik, TOTOAN Txorierriko Euskara Elkarteen Federazioak eta ITZARRI aholkularitza enpresak futbol entrenatzaileen euskarazko eskola jarri dute martxan gure bailaran.

“Gazteek azterketekin-eta identifikatzen dute euskara, baina ez dute atseden edo gozamenenarekin lotzen. Hori aztertuta, pentsatu genuen futbola kirol arrakastatsua zela eta, beraz, hor sustatu behar zela hizkuntza: ezagutzatik erabilerara pasatzea nahi dugu”, dio Xabier Goienetxe TOTOANeko presidenteak. Koikili Lertxundi Athleticen jokalaria eta ITZARRI enpresaren kideak ere uste du hizkuntza gizartearen esparru guztietara zabaldu behar dela. “Euskara gutxi erabiltzen da kirolean, eta zaila da eredu erdalduna aldatzea”.



ITZARRI eta TOTOAN dira proiektuaren sustatzaile nagusiak. Alde batetik, ITZARRIk saio teorikoak eta praktikoak egin ditu; bestetik, TOTOANek eskolako irakasleek erabiliko duten materiala landu du. “Futbolari buruz euskaraz idatzitako oso material gutxi dago eta guk liburu bat argitaratu dugu. Bertan teoria jorratu dugu. Era berean, laster beste liburu bat eramango dugu plazara Kirolplanning enpresaren laguntzarekin. Bigarren ale horretan saio praktikoak hartuko ditugu hizpide”, aipatu du Goienetxek.
Futbol entrenatzaileen eskolak Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Txorierriko Mankomunitatearen babesa du. “Guk ere bagenuen eskola egiteko ideia, baina ez genekien egitasmoa zelan bideratu. Orduan ITZARRI eta TOTOAN agertu ziren eta azkenean proiektuari ekin genion”, esan digu Gorka Carro Mankomunitateko presidenteak. Egitasmoa aitzindaria da Euskal Herri mailan, eta non eta Txorierrin gauzatu da. “Proiektuak agerian utzi du Txorierrin euskara bultzatzeko grina dugula. Euskara normalizatzea nahi dugu eta horretarako gizartearen esparru guztietara zabaldu behar da. Adibidez, Txorierrin gidabaimena euskaraz lortzeko aukera dago. Eta orain futbolera hedatu nahi dugu gure hizkuntza”.

Txorierrin, “egoera ezin hobea”
Horrekin bat dator Koikili. “ITZARRItik egoera ezin hobea ikusi genuen Txorierrin proiektua aurrera eramateko, eta horretarako aparteko bidaia-lagun batekin egin genuen topo, TOTOANekin, alegia. Gainera, erakunde publikoak eta kirol elkarteak laguntzeko prest agertu dira beti”. Halaber, “Txorierrin proiektu guztietara nahiko zabalik gaude, beste leku batzuetan baino jarrera baikorragoa dugu”, Goienetxeren esanetan. “Proiektua oso eraginkorra izan daiteke gazteek euskara erabil dezaten”.
Proiektua zenbait fasetan garatu da: iaz bilera pilo bat egin ziren lankideen irizpideak adosteko; maiatzean eta ekainean eskola teorikoak eman ziren Bilbon; irailean eta urrian eskola praktikoak ematen dabiltza Sondikako futbol zelaian; aurrerago, ikasleek eurek egingo dituzte entrenamenduak euskaraz. “Gaur egun, umeak euskaldunak dira. Proiektua ume txikienei dago zuzenduta oinarritik, hasiera-hasieratik umeengan euskaraz egiteko ohitura sustatuko baitugu. Horrela jarraituz gero, denboraren poderioz talde nagusiek ere euskaraz egingo dute bai entrenamenduetan, bai partidetan”, uste du Carrok.



Azken batean, Koikiliren ustez, “funtsezkoa da ohitura sortzea, eta horregatik bidea luzea izango da”. “Kirolariek normalean gazteleraz egiten dute. Hori dela-eta, txikien taldeetan —eta ez nagusienetan— jarri dugu martxan egitasmoa. Izan ere, maila horietan aldaketa errazagoa da. Horrek esan nahi du, irakaskuntzan bezala, umetxoak hasiko liratekeela proiektu berri honekin. Orduan futbola euskaraz lehendabizi ezagutuko lukete klubetan, eta horrek ohitura sortuko luke denbora pasa ahala. Hamabi urte barru denak euskaldun izatea izango zen helburua”, dio Goienetxek.
Baina xede hori bete dadin, umeek jarrera ona adierazi behar dute. Eskolako sustatzaileen arabera, izugarrizko atxikimendua eman diote txikienek proiektuari. Eta horiek guztiak ez ezik, entrenatzaileak ere agertu dira zalantza barik proiektuaren alde. “Entrenatzaileak edo hezitzaileak dira ekimen horren zutabe garrantzitsu bat: izan ere, eurek motibatu behar dituzte umeak euskaraz aritzeko eta azken batean eurek dira boterea dutenak”, esan du Koikilik. Kirol elkarteen lana ere aipatu du Athleticen jokalariak. “Klub bakoitzak konpromisoak hartu ditu eta inplikazio handia izan dute proiektuan”.



Eskola zabaldu
Futbol entrenatzaileen eskola Txorierriko klubetan ezarri dute, baina proiektua ahalik eta gehien hedatu nahi dute antolatzaileek. “Aurten lehendabiziko aldiz egin dugu egitasmoa. Ondo ateraz gero, beste urrats batzuk emateko prest gaude. Gustatuko litzaiguke Bizkai osora eta, posible izango balitz, Euskal Herri osora zabaltzea”, dio Koikilik. Goienetxe ados dago Athleticen jokalariarekin. “Guk uste dugu proiektua benetan eraginkorra dela, eta beharrizan handia dagoela. Hori guztia ikusita, posible da Bizkai osora zabaltzea eta bertan ere arrakastatsua izatea. Beste kirol batzuetan egiteko aukera eta gogoa ere badago. Baina lehenik eta behin futbolean finkatu behar dugu. Arlo horretan proiektua sendotu eta gero, beste kirol batzuetara zabaltzen saiatuko gara”.
Eskolak zenbait arazori egin beharko die aurre, baina sustatzaileak ziur daude guztiak gaindituko dituztela. Esate baterako, Txorierriko talde —eta herri— guztietan ez dago euskararen ezagutza bera, eta ume guztiak euskaldunak badira ere, erabilera mailan oso alde handiak daude herri batetik bestera. Baina zer gertatuko da euskalduna ez den jokalariren bat badago? Koikilik argi dauka. “Entrenatzaileak hori kontuan izan beharko du, noski, baina ezin du aitzakiatzat erabili euskaraz ez egiteko; alderantziz, euskara eta erdara normaltasunez erabili beharko du saioetan eta era horretan integratuko ditu euskaldunak direnak eta euskaldunak ez direnak, guztiak taldeko kideak senti daitezen. Ez da gauza bera izango hitzaldia jokalari guztien aurrean, edo multzo txiki baten aurrean. Horrelako oztopoak gainditzeko tresnak eman behar zaizkie entrenatzaileei eta horretarako dago gure lana”.



Eskola dibertigarriak
Lehengo ekainean eskola teorikoak amaitu ziren eta bertan Mikel Aramaio ondarrutarra ibili zen irakasle. “Ikasle kopurua oso handia izan ez zenez, eskola hurbilagoak egin ahal izan genituen. Gazteek oso jarrera ona adierazi zuten, eta niretzat oso esperientzia ederra izan zen. Nik teoria apur bat eman nien ikasleei, eta gero euren ekarpena egiteko aukera ere bai. Eta eurek gogoz hartu zuten gonbidapena”. Mikelen ustez, ona izan zen entrenatzaile gazteen maila, baina batzuetan “arazoak zituzten kontzeptuak euskaraz adierazteko”. “Ekimen horri esker, zailtasun horiek gainditzen saiatu ginen”. Mikel irakaslea izateaz gain, lehenengo liburuaren egileetako bat ere bada, Koikilirekin batera. “Futbolari buruzko materiala egon badago edozeinen eskura, baina txukundu, laburbildu eta euskaratu egin behar da. Beraz, lan handia izan dugu, baina pozik gaude liburu txukuna egin dugu-eta”.
Mikel pozik dabil klaseetan, eta ikasleek ere gustura hartu zituzten eskolak. Jon Casas sondikarrak eta Jon Ortega getxoztarrak Loiuko Lauro ikastolako talde bana entrenatzen dute eta “gauza asko” ikasi zutela adierazi dute, “bai futbolari dagokionez bai hizkuntzari dagokionez”. “Uste baino gusturago ibili ginen. Eskola astunagoak espero genituen, teoria gehiegi agian, baina ez zen horrelakorik izan. Eskolak arinak izan ziren eta irakasleak parte hartzeko aukera eman zigun, eta dibertigarria izan zen”. Ikasle horien arabera, ez da arazo handiegirik egongo futbolean gaztelerazko ohitura aldatzeko. “Gure ikastolan behintzat euskaraz egiten dugu eta horri jarraipena emango diogu ikastaroari esker”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).