Ari, ari, ari

Erabiltzailearen aurpegia tximintx 2011ko mar. 30a, 00:00

Korrika goizaldean ailegauko da Txorierrira apirilaren 16an, zapatuan. Larrabetzutik sartu eta ibar osora zabalduko da, gure herriak zehartuz. Txorierritarrok euskerearen testiguaren zain izango gara.

Txepetxa AEK euskaltegiko arduradunek Korrika 17ren gaineko zehetasunak emon euskuezan hilaren hasieran, Urribarri Lezamako Topalekuan. Euskerearen aldeko lasterketa erraldoia apirilaren 7an aterako da Trebiñutik eta hilaren 17an ailegauko da Donostiara. Hamaika egunean, eta gelditu barik, euskerearen lekukoa eskuz esku pasauko da Euskal Herri osoko geografiaren zehar. Bi mila kilometro baino gehiago, “Maitatu, ikasi, ari... euskalakari” lelopean. Egunez zein gauez. Ehun milaka euskalakari, tipi-tapa. Baina zer da euskalakaria?
Euskalakaria euskerea maitetu, ikasi eta erabili egiten dauena da; euskerea ikasten dabilena, euskeraz sortzen dauen artistea, euskeraz diharduan enpresaria, euskerea sustaten dauen herritarra, euskerearen aldeko neurriak hartzen dituan herri-ordezkaria... Belen Gana Txepetxa AEKren arduradunak gogorarazo deuskun legez, euskerea maitetu baino egiten ez daben asko dagozalako gaur egun, eta maitetutetik ikastera pasau behar da, eta ikastetik erabiltera, euskeraz aritzera, euskerearen aldeko ekimenak egunero bultzatzera, euskerearen alde behar egiten dabenei laguntza eta babesa emotera...

AEK-k urteak daroaz alfabetatze-beharretan murgilduta, Euskal Herri osoan, eta horren haritik hainbat ekimen jarri ditu abian: euskera eskolak, ikerkuntza, material didaktikoaren sorkuntza, mintzalagun programak, kontzientziatze kanpainak eta kultur ekitaldien antolakuntzea, banaka batzuk aitatzearren. Halan, 500 irakasle baino gehiago ditu 100 euskaltegi eta gau-eskola baino gehiagotan banatuta. Korrika 17ri esker bilduko dituan ekarpenak egitasmo horreek guztiak aurrera ateraten jarraitzeko erabiliko ditu AEK-k. Eta batez be Iparraldeko eta Nafarroako beharrei erantzuteko, bertako euskaltegiek eta gau-eskolek ez dabelako inondik be behar dabezan diru-laguntzak jasoten.

Euskalaklip
Euskal kultura bultzatzea eta euskerea gizartearen esparru guztietara zabaltzea AEKren helburuak be badira. Horren haritik Korrika Kulturalak euskerazko arte eszenikoak sustatutea, euskal sortzaile barriei bidea egitea eta jente-aurrean aurkeztu daitekezan beharrak sortuten laguntzea ditu helburu. Ekimen honen inguruan hainbat ikuskizun sortu eta Euskal Herriko aretoetan aurkeztu dira aurton, eta barrikuntza bi be egon dira: Euskalaklip eta Euskalaketa lehiaketak. Tximintx Derioko euskera alkartea animau egin da eta bideoklip dotorea egin dau Euskalaklip lehiaketarako. Bideoklipa helbide honetan dago ikusgai: www.aikor.com/txokoa/tximintx/. Txepetxa euskaltegiak be euskalaklipa eskegi dau www.aikor.com/txokoa/txepetxaaek webgunean.
Beste alde batetik, Txorierrin hainbat kultur ekimen euki doguz martxoan: erropa desfilea, Hori Bai Larrabetzuko gaztetxean, eta umeei zuzendutako antzezlanak, esate baterako. Eta apirila be ekitaldiz beteta etorriko jaku: Korrika txikia, Laburbira film laburren emonaldia, afariak, bazkariak, umeentzako jolasak... Hamaika aukera eukiko dogu Korrikaren zain gagozala. Txorierritarrok be euskalakari!

Badator!

Apirilaren 8an, barikuan
Goizean: Institutu eta eskolen arteko Korrika txikia, Derion. Ostean, bertsoak, antzerkia...
21:00: Afaria, Aurregoiti Loiuko jatetxean.

Apirilaren 9an, zapatuan
Goizean: Umeentzako jolasak, Derion.
Eguerdian: Bazkaria Arteaga Derioko jatetxean. Ostean, Karaoke Txapelketea.
21:00: Afaria, Altzaga Erandioko ikastolan.

Apirilaren 10ean, domekan
Goizean: Umeentzako jolasak, Alonsotegi Loiuko enparantzan.

Apirilaren 14an, eguenean
19:00: Laburbira film laburren emonaldia, Derioko Gurea Aretoan. Tximintxek antolatua.

Apirilaren 15ean, barikuan
Korrika txikiak, eskoletan.
21:00: Bertso afaria, Lubarrieta Zamudioko jatetxean: Uxue Alberdi, Miren Amuriza eta Etxahun Lekue. Lagatzuk eta Zorrizketanek antolatua.

Apirilaren 16an, zapatuan. KORRIKA EGUNA
Goizaldean: Txokolatea, Erandion, Sondikan, Derion, Zamudion eta Larrabetzun.
Goizean: Umeentzako jolasak, Ikurrina plazan, Sondikan.
13:00: Triki-poteoa, Sondika.
14:30: Bazkaria, Ola Sondikako jatetxean. Ostean, Taberna Ibiltariaren emonaldia.
Eguerdian: Bazkaria, Larrabetzuko eskolan. Ostean, erromeria Hori Bai gaztetxean.

Apirilaren 17an, domekan
Autobusa, Donostiara.

Oharra: Ekitaldietan izena emoteko, Korrika batzordeetara edo Txepetxa AEKra jo behar da.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).