Euskaraz irakurri, gozatu eta oparitu

Erabiltzailearen aurpegia tximintx 2013ko mai. 15a, 00:00

Aikor aldizkarian agertutako artikulua.

Txorierriko euskara elkarteek “Irakurri, gozatu eta oparitu” kanpaina jarri dute martxan Topagunearekin batera. Egitasmoa adin-tarte guztietako txorierritarrei dago zuzenduta, eta, besteak beste, irakurketa sustatzea eta euskararen erabilera gozagarria bultzatzea ditu helburu.
Kanpaina Altzora euskara elkarteak bultzatu du Sondikan; Tximintx euskara elkarteak, Derion; Lagatzu euskara elkarteak, Zamudion; Zorrizketan euskara elkarteak, Lezaman; eta Arrekikili euskara elkarteak, Larrabetzun.



“Irakurri, gozatu eta oparitu” egitasmoari Liburuaren Nazioarteko Egunean –apirilaren 23an- eman zitzaion hasiera eta ekainaren 30era arte iraungo du. Aipatutako herrietako udal liburutegietan euskarazko liburu bat maileguz hartzen duenak fitxa bat jasoko du, hura itzultzen duenean. Fitxa horretan bere iritzia eman beharko du liburuari buruz: zer da gehien gustatu zaiona, zergatik, zerbait aldatuko lukeen... Fitxa bete ostean, liburuzainak % 25eko balioa duen erosketa-txeke bat emango dio, eta txekea euskaraz dagoen beste edozein liburu erosteko erabili ahalko du. Irakurlea Txorierriko euskara elkarteetariko baten kidea bada, % 50eko balioa duen erosketa-txekea jasoko du.
Txekeak Sondikako liburu-dendan erabili ahalko dira, Arinka Derioko liburu-dendan, Zamudioko liburu-dendan eta Elkar argitaletxeak Bilbon dituen dendetan. Horrezaz gainera, ekainean Larrabetzun egingo den Literaturia azokan ere egongo da txekeak trukatzeko aukera. Bestalde, maiatzean eta ekainean liburutegiek 30 euroko erosketa-txeke bana zozketatuko dute egitasmoan parte hartu dutenen artean. Era berean, egitasmoaren funtzionamendua azaltzen duten orri-markatzaileak banatuko dituzte.
Kanpainan txorierritar guztiek har dezakete parte, euren adina edozein dela ere: eskoletako eta institutuko ikasleak, euskara elkarteen bazkideak, Berbalagun proiektuan dabiltzan lagunak, euskararen ikas-prozesuan dagoen edozein pertsona eta liburutegien erabiltzaileak, adibide banaka batzuk jartzearren.

Helburuak
Egitasmoaren arduradunek azaldu dutenaren arabera, “Irakurri, gozatu eta oparitu” kanpaina hainbat helburu ditu bere baitan. Hala, irakurtzeko ohitura sustatzeaz gainera, euskararen erabilera gozagarria ere bultzatu nahi dute. “Egitasmoak kulturak eman dezakeen plazeraren aldarrikapena egiten du, eta euskara kontzeptu horien bien arteko lokarri bihurtzen du”. Elkarteetako bazkide diren herri eta auzoetako euskaltzaleak liburutegi publikoen erabiltzaile aktiboak bihurtzea ere badute helburu, eta elkarlana sustatzea kanpainan parte hartzen duten guztien artean: euskara elkarteak, liburutegi publikoak, tokiko hedabideak, liburu-dendak, irakurleak, ikastetxeak... Gainera, uste dute egitasmoa ekarpen bat izan daitekeela liburuen ekoizpena eta salmenta areagotzeko, eta euskal idazleek sortzen jarrai dezaten laguntzeko.



Herritarrek ideia batzuk eman dizkigute

Asier Bidaurrazaga, Sondika

Udalbatza bahituaren kasu pollita, Karlos Linazasoro
Irakaslea naizen aldetik, urtean zehar eskolan erabiltzeko, “gazteen begiekin” irakurri behar izaten ditut liburu asko. Bitartean liburu arin eta dibertigarriak irakurtzea dut atsegin. Azkenengo irakurri dudana hau da. Hasieratik amaierara barre-algaraka irakurtzeko modukoa da, istorio ironiko eta absurdo hutsa, gi-zakiok elkar ulertzeko ditugun zailtasunak erakutsi nahi dituena.

Amagoia Guezuraga, Zamudio
Arotzaren eskuak, Alberto Ladron Arana
Eleberria da gehien gustatzen zaidan generoa. Liburu honek misterioa eta gai historikoa lotzen ditu, eta erraz irakurtzen da. Korapiloa Nafarroako baserri batean hasten da eta II. Mundu Gerrako gertaera eta ondorioekin lotzen da.

Itsaso Dominguez, Lezama
Riomundo, Jon Maia
Zerk definitzen du Euskal Herria? Gure historiak, guk geuk akaso, euskaldunok. Gurean, barrez, maketoak edo trenak ekarritakoak izan dira beti “besteak”, gutarrak ez direnak. Liburu honetan, Jon Maiak euren ikuspuntutik kontatzen digu istorioa, tripetatik aurkeztuz Errepublikatik Trantsiziorako garaiak. Gordin eta era berean goxo, benetan gomendagarria!

Jon Rementeria, Lezamako gaztelekuaren arduraduna
Kutsidazu bidea Ixabel, Joxean Sagastizabal
Liburu hau aukeratu dut bertan hainbat balore erakusten direlako. Era berean, agerian uzten du aukera asko daudela euskara ikasteko nahiz bere erabilera bultzatzeko.

Uxue Hernandez, Larrabetzu
Marta ispiluaren aurrean, Teresa Calo
Nik nerabezaroari buruzko liburuak ditut gustukoen, gazteon gorabeherak irakurrita, gehienetan neu sentitzen naizelako protagonista. Misterioei eta gaixotasunei buruzkoak ere asko gustatzen zaizkit. Liburu hau 17 urteko neska bati buruzkoa da. Gazte hura anorexiaz jota hil zen, eta orain dagoen leku horretatik, bere bizitzaren azken hilabeteak gogoratzen ditu ispilu baten aurrean.

Alazne Arriortua, Derio
Ehun metro, Ramón Saizarbitoria
Zure bizitzako azken ehun metroak izan daitezke. Zer bururatzen zaizu, zer oroitzen duzu? Nobela honekin, murgil zaitez gaur egun pil-pilean dagoen gai batean: polizia-jazarpena. Interesgarria da oso idazleak gaiaren inguruan eskaintzen digun ikuspuntu-aniztasuna, kontatzeko teknika modernoak erabiliz. Beraz, irakurtzea gustatzen bazaizu, ez ezazu gal eleberri eder honekin gozatzeko aukera!

Leire Claramonte, Larrabetzu
Nur bilduma, Toti Martinez de Lezea
Asko gustatzen zait bilduma hau, liburu bakoitzean gai desberdin bat dagoelako. Horrela interesgarriagoa da. Gainera, han agertzen diren pertsonaiak benetan existitzen dira.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).