Baserri antzokia Derion, ametsetik erralitatera

Erabiltzailearen aurpegia tximintx 2010ko ots. 5a, 00:00

Txorierriko euskara elkarteek Derion egin nahi dugun Baserri antzokiaren proiektua aurkeztu zen azken Aikor jaian, eta azken Aikor aldizkariak ere badakar horren berri. Hona hemen aldizkariak dakarrena:



Urte amaierea baino lehenago Txorierriko Baserri Antzokia eregiten hasteko asmoa dago
Kafe Antzokiak kultura eta aisialdirako guneak dira, herri eta eskualde askotan aspaldidanik martxan dagozan proiektuak. Txorierrik be laster eukiko dau bat, baina gurea bereziagoa izango da, kafea baino baserria izango dalako. Baserri Antzokiaren proiektua TOTOANek, Mankomunidadearen parte-hartzeagaz, jarri dau abian, eta eskualdeko zein inguruko euskaltzaleen topagune bihurtzea dau helburu.

Baserri Antzokia TOTOAN Txorierriko Euskera Alkarteen Federazinoan barruan orain dala hiru urte sortu zan proiektua da. Euskerea eta euskal kultura ardaztzat dituan topagunea gure bailaran eregitea bideragarria ez eze beharrezkoa be bada, egitasmoaren arduradunen ustetan. Izan be, gurean, moeta honetako giro euskalduneko gunerik ez dago gaur egun, eta gazteek be ez dabe nora joan asteburuetan. Ganera, Baserri Antzokia erreferentziazko topaleku bihurtu ahal da bertoko eta inguruko euskaltzaleentzat, Federazinoak dauan indarra kontuan hartzen bada. “Euskera eta euskal kultura sustetako instituzinoek Irakaskuntzan eta erakunde ofizialetan egindako beharrari segida emonez, iniziatiba pribaduek, euskera alkarteek eta hainbat euskaltzalek ekin eutsan gainerako esparruak euskalduntzeari, eta honegaz batera euskal guneak sortarazoteari: Bilboko Kafe Antzokia, Ondarroakoa, Donostiakoa...”, azaldu dabe. “Toki horreetan legez Txorierrin be, euskerearen erabilerea bermatu eta herri zein eskualde guztiak dituan erroak eta sustraiak ahalik eta ondoen mantentzeko, derrigorrezkotzat joten da euskal guneak sortzea bakotxaren bizilekuaren inguruan. Osterantzean, gune honeen faltak uri handietara joatea dakar; eta horregaz batera, herrietako jentearen deserrotzea eta bertako kultura galtzea”.
Baserri Antzokia taberna-jatetxe-antzoki tankera dauan azpiegitura izango da, eta Derion, Seminario atzean, kokatuko da. Kultura eta enpresa proiektu moduan jaio da eta handik ateraten diran irabaziak euskal kulturan inbertituko dira. Euskal kultura modu zabalean ulertuta, Baserri Antzokian euskeraz egiten diran ekintza guztiek eukiko dabelako lekua: kontzertuak, antzezlanak, erakusketak, bilerak, kirola, erakustaldiak, ospakizunak, txapelketak...
Beste herri batzuetako egitasmoakaz alderatzen badogu, hainbat berezitasun izango ditu. Horreetako bat itxurea da. Industriak soloari aurrera egin badeutso be, Txorierri nekazal eskualdea da izatez eta baserria dau nortasun-zeinu. Horregaitik ez da kasualidadea proiektuaren arduradunek eredu hau aukeratu izana eraikinaren diseinurako. Kultura egitarauari jagokonez be, beste Kafe Antzokiek eskaini ezin dabezan ekitaldiak eta baliabideak eskaini ahal izango ditu. “Barruko instalazinoetatik aparte, eraikinak kanpoan be eukiko ditu azpiegiturak. Horri esker, barruko zein kanpoko ekintzak antolatzeko aukerea egongo da. Esate baterako, jentea barruko jantokian bazkaltzen dagoan bitartean, harri-jasotzaileen edo aizkolarien erakustaldiak antolatu daitekez kanpoan. Edo bertsolarien, dantzarien... emanaldiak”.

Harreman sozialetarako gunea
Besteak beste, Baserri Antzokiak helburu honeek ditu: Txorierrin euskal giroa biztea, kultur ekintza euskaldunak bultzatzea, euskal alkarte eta euskaltzale guztien indarrak batzea eta euskerearen erabilera sendotzea eta areagotzea. Horretarako, kalidade handiko ostalaritza, dibulgazioa eta kultur zerbitzuak emongo dituan gunea jarriko da martxan. “Eskualdean, giro euskaldunean harreman sozialak susteteko zentroa izatea gura dogu. Ildo horretatik, arreta berezia jarriko da gazteengan, eurentzako giro euskalduneko topaleku bihurtu daiten”.
Edozelan be, Baserri Antzokiak txorierritarrei ez eze bertora behar egitera datozanei be eskainiko deutsez zerbitzuak. Eraikina Teknologia Parkeko lurretan altzauko da, eta horrek beste jarduera-eremu bat ekarriko deutso proiektuari: enpresak. Teknologia Parkean zein alboko industrigunetan milaka lagunek egiten dabe behar, eta, era berean, asko be badira, behar kontuak dirala-eta, Txorierriraino hurbiltzen diran atzerritarrak. “Euskal kulturea sentidu zabalean ezagutzeko aukerea emongo deutsegu, eta, ahal dogun neurrian, euskerea eta euskal kulturearen inguruan dabezan beharrak aseten ahaleginduko gara. Beraz, beste edozein agertoki baino askoz zabalagoa izango da gurea”.
Lehenengo sektorea jarduera nagusia izan zan urteetan zehar Txorierrin, eta harek be lekua eukiko dau azpiegitura barrian. Halan, dastatze-salmentarako txoko bat zabalduko da, bisitariek zein bertokoek ezagutu daiezan Txorierrin ekoizten diran nekazaritza-produktuak. Ganera, bertoko produktu horreek menuak egiteko orduan be erabiliko dira. “Nekazaritzak presentzia indartsua euki dau gurean orain dala gitxi arte, eta ha mantendu gura geunke, galdu ez daiten”. Sektore honi bultzada berezia emongo bajako be, ez da Baserri Antzokian erakusleihoa eukiko dauan bakarra. Bigarren sektoreko enpresek be euren eskaintza teknologikoa aurkeztu ahalko dabez bertan.

Zabala eta plurala
Baserri Antzokiaren proiektua aurrera eroateko, komisino bat eratu zan TOTOANen barruan eta egitasmoa Txorierriko Mankomunidadeari aurkeztu eutsien. Mankomunidadeak begi onez hartu dau proiektua hasiera-hasieratik eta prest azaldu da alkarteari laguntzea eta babesa emoteko. Hausnarketa luze baten ondorioz, Baserri Antzokia Fundazinoa sortzea erabagi zan. “Formula hau aukeratu genduan, abantaila handiak dakarzalako: ekimen pribaduak, publikoak eta enpresetakoak buztartu daitekez eta gure helburu nagusia dana –euskerea eta euskal kultura bultzatzea- bermatu eta blindau egiten dau, batzuk aitatzearren”. Fundazinoaren patronatua TOTOANEk eta Mankomunidadeak osatzen dabe, baina aukerea be badago han enpresen ordezkari bi sartzeko. “Patronatu egitura honek bermatu egiten ditu guztien parte-hartzea, egituraren zabaltasuna eta pluraltasuna, kontuen gardentasuna eta helburuekiko atxikimendua”.
Izan be, proiektu zabala izatea gura dabe sustatzaileek, ideologia politiko bakoa eta euskalduntasuna ardatz bakarra dauana. Hori dala-eta, gura dauan guztiak hartu daike parte bertan bere ideakaz, beharragaz edo diru-ekarpenagaz. Sentidu horretan, finantziazino bide ezbardinak zabalduko dira. “Proiektu errentagarria izatea gura dogu, eta euskal kultura eta aisia bultzatzeak bertoko merkataritza bultzatzeak dakarzan onura berberak ekarten dituala erakustea”.


Eraikin jasangarria

Baserri Antzokia urte amaierea baino lehenago eregiten hasteko asmoa dago, eta, danak aurreikuspenen arabera urten ezkero, datorren urte amaierarako egongo da amaituta. Egitasmoaren sustatzaileek jakin badakie txorierritar bakotxari eraikina bere herrian altzetea gustauko litxakiola, baina, hainbat aukera aztertu ostean, Derio horretarako herririk egokiena dala erabagi dabe. “Alde batetik, Txorierriko “uriburutzat” joten dalako; eta bestetik, oso ondo dagoalako komunikauta. Ganera, proiektuak garatzen dabilz komunikazinoak hobetzeko, eta denporeagaz guk garraio-sistema propioa eskaintzea be posible izan daiteke”. Era berean, Derioko Udalak erraztasunak emon zituan eraikina bertan altzetako.
Baserri Antzokia 5.400 metro karratuko konplexua izango da. Eraikinak solairu bi eukiko ditu: beheko solairuan eszenatokia, barra, pista eta jantokia atonduko dira; eta lehenengo solairuan gela batzuk egongo dira, han euskal kulturaren inguruko ekimenak susteteko. kanpoaldean parkinga, zelaia eta txoko bi eregiko dira, besteak beste; txokoak enpresek zein kultura eta kirol alkarteek erabili ahalko dabez.
Txorierriko Baserri Antzokia proiektu aitzindaria izango da, eta energia barriztagarrien alde egingo dau. Halan, eguzki-energia baliatzeaz ganera, geotermia energia-sistema erabiliko da berokuntzarako.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).