9 urte, 100 zenbaki

Erabiltzailearen aurpegia tximintx 2011ko urt. 28a, 00:00

Aikor aldizkariak 100 zenbaki atera ditu honezkero. Zorionak! Jarraian Aikorren bertan agertu den artikulua horri buruz.



itor Larrazabalek aurkeztu euskun AIKOR! aldizkariaren 0 zenbakia. Bederatzi urte igaro harrezkero, eta ehun ale kaleratu. Aldizkariaren orrialdeetan ehunaka azaldu dira txorierritarrak, albista zein bisitari moduan.
Ilusino handiagaz, eta ordenagailu bat eta argazki-kamera bat baino ez zituala jaio zan AIKOR! Txorierriko herri aldizkaria. Tamainu honetako proiektu bat aurrera ateratea erronka handia eta barria izan zan Totoan Txorierriko Euskera Alkarteen Federazinoarentzat. Baina otsoa belarrietatik hartu eta gainditzen joan dira hasikerako nahiz eguneroko zailtasunak, harik eta aldizkaria gurean erabat sendotu arte. Taldearen behar egiteko gogoa, erronkei aurre egiteko prestasuna, euskera alkarteen kohesino eta lankidetza, eta herritar, merkatari eta erakundeen laguntasuna eta babesa ezinbestekoak izan dira prozesu honetan. Izan be, oso sare handia osatu da aldizkariaren inguruan, eta euren kideek alkar harturik egin dabe behar urteotan.
Eskualdeko barriak ekarten dituan txoria hilean-hilean sartu da txorierritarron etxeetan, eta bidean koskortu eta sendotu egin da. Horrela, bada, 4.000 ale banatzetik 6.000 ale banatzera pasau da. Produktuak berak be aldaketa handiak izan ditu. Aldizkariaren orri kopurua handitu egin da eta zuri-beltzezko aleak kolorez bete. Diseinua be goitik behera barriztu da, irakurleei eta iragarleei produktu modernoagoa eta erakargarriagoa eskintzeko.

Helduaroa
Txoria eraldatu dauena talde plural eta zabal bat izan da, euskaltzaleez, kazetariez, hizkuntzalariez eta artistez osatua. Taldeak hainbat topaketa egin ohi ditu eta topaketotan aztertu zein izango dan txoriaren itxurea, haren mamina eta hizkuntzaren egokitasuna. Guztien lan eskuzabal eta ordainduezinari esker, helduaroan da gure txoria. Bizitzea, halan be, etenbako ikasprozesua da, eta datozan urteetan be jarraituko dau ikasten txoriak, garai barrietara egokitzeko eta helduago bihurtzeko.
AIKOR!-ren jaiotzea eta bizialdia jai handi bategaz ospatzen doguz urtero. Orain ia hamarkada bat egin genduan lehenengoa. Herritarrek emondako babesa eskertzea izan eban helburu besta horrek, baina, urteen buruan, guztiontzako hitzordu bihurtu da. Babes hori handitzen joan dalako. Aurton Larrabetzun ospatuko dogu. Ekitaldia otsailaren 4an egingo da, iluntzeko 8etan, hango eskolan. Besteak beste, Joan Mari Torrealdai kazetariak, Kherau musika taldeak, Abarka antzerki taldeak eta bertsolariek hartuko dabe parte. Aikor!lagunak, iragarleak eta euskaltzaleok be bertan izango gara.



Ales Atxutegi (Lagatzu) eta Xabier Goienetxe (Zorrizketan), sortzaileetarikoak: “Jente asko sentiduten da aldizkariaren parte; hor dago arrakastea”

Zelango testuinguruan jaio zan AIKOR!?
Euskera alkarteak jaio barriak ziran garai hatan, eta ikusi genduan beste herrialde batzuetan baegozala euskerazko herri aldizkariak, baina gurean, ez. Denporearen poderioz beste batzuek sortuko leikiela pentsau genduan, baina gazteleraz, beharbada. Eta aurrea hartu behar geuntsan horri. Aldizkaria argitaratzea erabagi genduan, euskerearen alde egiteko, euskerearen erabilerea susteteko eta txorierritarrei batasuna emoteko.

Oso ondorio onak atera ziran 2008an egindako azterketatik: besteak beste, komunikabiderik irakurriena AIKOR! dala Txorierrin, eta herritarrek gustura hartzen dabela.
Eskualdean ez dago komunikabiderik etxeetan gureak beste eragina dauenik. Txorierrin badagoz 19.000 biztanle, eta guk 6.000 ale banatzen doguz; eragin handia dau horrek euskaldunengan zein erdeldunengan. Ganera, hemengo gaiak lantzen dituan beste komunikabiderik ez egoteak interesa sortzen dau. Beste alde batetik, kolaboratzaile-sare handia osatu da aldizkariaren inguruan: batzuek buru-belarri lagundu euskuen proiektua martxan jarten, beste batzuek gugaz jarraitu dabe bederatzi urte honeetan, eta beste batzuek geroago egin dabe bat egitasmoagaz. Horregaitik jente asko sentiduten da aldizkariaren parte, eta oso positiboa da hori. Ahalik eta aldizkaririk pluralena egiten ahalegintzen gara, mueta askotako lagunak ateraten dira gurean eta, momentu baten edo bestean, Txorierri osoa egon da bertan ordeztuta.

Aldaketak egon dira bederatzi urtean: zuri-beltzetik kolorera pasetea, diseinua aldatzea... Badago beste erronkarik?
Lortu doguzan zabalkundeari, onarpenari eta maila ekonomikoari eusten badeutsegu, bide onetik jarraitzen dogula esan gurako dau horrek. Baina badogu erronka inportante bat: aikor.com. Webgunea gehiago landu behar dogu, eta erabilgarriagoa egin, erreferente bihurtu daiten edozein txorierritarrentzat. Bertan topa daiazan, eguneratuta, edozein informazino mueta, albisteak, zerbitzuak...

Badago formula magikorik bizirik irauteko?
Beharra eta aurrera egiteko gogoa izatea. AIKOR! oso baliabide gitxigaz sortu genduan, baina urteek aurrera egin ahala autofinantzazino maila altua lortu dogu, aldizkaria sendotu dogu eta beste proiektu batzuei heldu deutsegu. Taldea mugitua eta inkonformista izateak ekarri dau hori guztia. Zabala eta parte-hartzailea izatea be inportantea da, leku askotan besoak zabalik hartzen zaituelako, aldizkaria propiotzat joten dabelako. Eta, noski, merkatariei euskarri egokia eskintzea, gurean euren jarduerearen barri emoteko.

Irakurleek emon dabe eritxia

Jesus Manuel Landa, Sondika liburu-denda (Sondika): Oso euskarri egokia da merkatariontzat, geure jardueraren barri inguru hurbilean emoten dogu-eta. Txorierri mailan berezko dogun komunikabide bakarra da, herriak eta herritarrok batzen gaitu, eta jenteak goitik behera irakurtzen dau, iragarkiak barne. Horrela, bada, liburu-dendara beste herrietako jentea etorten da material bila. Galdetzen deutsedanean, iragarkia AIKOR! aldizkarian ikusi dabela esaten deuste. Argi daukat zergaitik ipini iragarkia kanpoko komunikabide edo gida batean, nire bezeroak Txorierrin bertan badagoz? Ganera, hainbat ale uzten deustez hilero liburu-dendan, eta egun batetik bestera desagertu egiten dira. Jenteak gustura hartzen dau.

Aitor Larrazabal, SD Lemona futbol taldearen entrenatzailea (Loiu): AIKOR! Txorierriko aldizkariari eta beronen irakurle guztiei zorionak emon gurako neuskiez; informazino interesgarria eta geure ingurukoa eskaintzen deuskun aldizkariari hain zuzen be. Eta hori gitxi balitz, albisteak, alkarrizketak, erreportajeak, pertsonaiak... geure hizkuntzan hurbiltzen deuskuz, euskeraz. Etorkizunean be holan jarraitzea espero dot, eta 200. alea kaleratzen dozuenean, barriro be zorionak emotea.

Andoni Atxutegi, Ipar-Alde Derioko abesbatzaren bozeramalea (Derio): Txorierrin gaur egun dagoan aldizkaririk jatorrena da, eta euskera arloan gehien behar egiten dauena. Izan be, gurean beste komunikabide batzuk badagoz be, hareetan erakunde ofizialen ekintzak baino ez dira azaltzen; edo industriara zuzenduta dagozan agerkariak dira. Ganera, ezin dira euskera hutsean argitaratu, gure bailaran erdeldun asko dagozalako. Horren haritik, interesgarria iruditzen jat AIKOR! aldizkariak euskera arloan egiten dauen lana, euskera hutsean dogun komunikabide bakarra dalako, eta euskaldunon helburua bete dauelako: euskerea bai beharrean bai atsedenaldian erabiltea. Arlo guztietan arrakasta handia lortzea opa deutsuet.

Olga Loroño, Txepetxa AEK euskaltegiko irakaslea (Larrabetzu): Ehun ale pasa dira AIKOR! hasi zanetik, eta gaur egun aldizkari sendotua, heldua da. AIKOR!-en arrakastea interes desbardinei erantzuteko gauzak konbinaten jakitean datza; hurbiltasuna eta protagonistak ezagutzea garrantzizkoa da eta, zalantza barik, horrek ekarten dau prentsea euskeraz inoiz irakurtzen ez dauena be AIKOR!-era hurreratzea. Eta ingurukoak agertzeaz gain, garrantzia emoten deutso gure egunerokotasunari, hurrekoari, ageriko egiten dau.
Beraz, zorionak AIKOR! 100 ale bete dozuzalako, eta zorionak txorierritarroi hilero-hilero posible egiten dogulako etorkizunari begirako aldizkari bizia izatea.

Gorka Carro, Txorierriko Mankomunitateko presidentea eta Sondikako alkatea: Zorionak emon gura deutsuedaz aldizkaria egiten dozuen guztioi, orain arte bezain ongi jarraitu daizuen beharrean. Lehen zenbakia argitaratu zanetik Txorierriko herri guztietan banatu da hilero. Dagoeneko ehun ale kaleratu dozuez, webgunea martxan ipini, bloga... eta proiektu aberats honek sendotuta eta bizirik jarraitzen dau. Gazteek euskeraz sortzea nahi dogu eta AIKOR! aldizkari euskalduna da, euskeraz bizitzeko tresna sendoa. Posible egin dabenei eskerrak emotea besterik ez jat gelditzen. Bide luzea izan da, baina hasiera besterik ez. Gogoan izan etorkizuna euskeraz datorrela!

Bego Vicario, EHUko irakaslea eta zinemagilea (Lezama): Nork esango, abentura hau abiatzeko lehen urratsak egin ziranean, bidean agertutako oztopo guztiak gainditu eta oraindino helduko zanik gure AIKOR! hau. Etxean hartzen dogun bakotxean, ale barri hori bera da ahalegin haren oroigarria, eta aldizkariaren eukiak haren emaitza doia.
Etxean garenon artean badira artikulu mueta faboritoak, baina guztioi gustaten jakuna aldizkariaren tonu hurbila da, artikuluak, gaia dana dalakoa izanda, beti lagun ezagunen batek idatzitakoak diralako, eta orokorrak diran barrietan be, gure inguruan bertan gertatzen danaren barri jakiteko erea emoten dogulako. Eta ganera, euskeraz…zer gehiago, bada? Beste ehun ale!

Malen Amenabar, bertsolaria (Larrabetzu): AIKOR!, txorierritarron aldizkaria. Hilero gure etxeko gutunontzia bisitaten dauena. Geure inguru hurbilekoari buruzko informazinoa emoten deuskun leiho zabala. Orain bederatzi urte hasi; eta gaur, gero eta zabalduago dagoana. Hamaika alkarrizketa, dokumentu, eretxi, erreportaje... gordeten dituan altxorra. Euskeratik eta euskeraz egina, etxean eta etxekoentzako. Halanda be, deskribapen luze bat alperrekoa dala uste dot. Azkenean AIKOR! ondo egindako lan baten emaitza dalako. Ehungarren ale hau beste askoren aurrekoa izan daitela... Zorionak.

Joseba Zarate, Elizalde gurasoen alkarteko kidea eta udal euskaltegiko irakaslea, (Zamudio): Jakizue badirala bederatzi urte Txorierriko bailara zahar honetan AIKOR! munduratu jakula, nork esango zeuen orduantxe honaino ailegauko zala. Hasiera guztiak umetxoen modukoak dirala, halantxe izan ziran hareek be "zorotxu" batzuen burutazino kaskagogor baten frutua, kasu. Halan da be, ez gaitezan "ohitu" zentzu onean esanda, hilero "paisajeko"moduko gauza eukiten gure AIKOR! maitea, hortxe berton egon litekelako geure okerrik handiena. Geure ardurea horixe bera mantentzea da, geure aspaldiko berba zaharren modulez, sekula santan desagertuko ez dan ondorengoentzako herentzia parebakoa dogulako. Orduan, "Jagon Maite dozun hori" ba!

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).