Sechu, nondik dator galegorako duzun zaletasuna?
Nik ez nuen gaztetan galegoz hitz egiten. Behin, 13-14 urte nituela eta garai hartan Jose Luis nintzela, galego irakasleak liburuen ordez beste tramankulu batzuk ekarri zituen klasera. Biribilean eseri ginen eta erdian kandela bat ipini genuen. Castelaoren izpirituarekin egin genuen berba eta amaieran banan-banan galdetu zigun: “falas galego?”. Beste guztiek baietz erantzuten zuten bitartean, “no falo galego, pero falare” pentsatu nuen nik. Eta azkenean, Portuges-galego filologia ikasi dut, kar, kar.
Zergatik hasi zinen idazten?
Nire ustez, “Nunca mais” mugimendua giltzarria izan zen Galizian. Sormen kolektibo izugarria zabaldu zen orduan eta bakoitza bere esparruan mugitu zen, gauzak egiten. Ni liburu hau idaztera bultzatu ninduen mugimenduak.
Baina Made in Galiza ez da zure lehenengo argitalpena.
Poesia kaleratu dut, baita nobelak ere. Eta lanen batek saria jaso du. Baina Made in Galiza ipuinei esker lortu dut orain arte lortuta ez nuena: galegoz irakurtzen ez duten galegoengana heltzea. Izan ere, Galizian jende gutxik irakurtzen du galegoz; ghetto baten antzekoa da eta hori gainditzea lortu dut. Era berean, beste gauza bat ere lortu dut liburuari esker: Kurdistanen egon naiz, Euskal Herrian...
Ez diguzu ohiko aurkezpena eskaini.
Aspalditik dut magia eta esoterismorako zaletasuna. Eta esan behar dut ardi-hezitzailea naizela “Circo de pulgas Carruselo” egitasmoan. Gainera, hizkuntzarekin lan egiten dugunontzat, eta batez ere gazteekin, helduleku onak dira umorea eta magia. Magiak hizkuntza gatazkari begiratzeko beste bide batzuk eskaintzen ditu eta horiei helduta errazago egiten zait jendearen aurreiritziak eta muga psikologikoak gainditzea.
Nola ikusten duzu Galizia eta galegoaren etorkizuna?
Hauteskundeetan PP-k lortu duen gehiengoa dela-eta, badakit kanpotik begiratuta ez dagoela baikorrak izateko arrazoi handirik. Baina lehen aipatu dudanez, “Nunca mais” mugimenduaren ostean beste mugimendu zabal bat eratu zen, orain arte islatu ez dena, baina etorkizunean eragina izango duena. Baikorra naiz. Galiziako autonomiaren aldetik ezin dugu ezer espero, trabak jartzea besterik ez. Hala ere, mugimendua gero eta nabariagoa da kalean. Galegozaleak portugesera hurbildu dira, eta Portugalen, eta bereziki Brasilen, indarra aprobetxatu nahi da.