Jürgen Wolf, Tandem fundazioko hizlaria: “Berbalagun proiektuek hizkuntzarekin harreman emozional

Erabiltzailearen aurpegia tximintx 2007ko aza. 13a, 11:00

Wolfek euskaraz hitz egiteko beldurra kentzen lagundu zigun joan den hilabetean. Tailerra Derioko Berbalagun taldeak antolatu zuen eta alemaniarrak gakoak eman zizkigun lotsa kendu ahal izateko.

Alemaniarra zara, baina euskalduna ere bai.
Nortasun-agirian alemaniarra naizela dakar, baina nik hainbat hizkuntza ezagutzen ditut. Ondorioz, ez dut neure burua ezer berezitzat jotzen. Gizakia naiz, alemaniarra eta euskaldun berria ere bai. Dena dela, aspaldi honetan ez dut asko euskaraz hitz egin, jendeak aprobetxatzen baitu nirekin alemanez aritzeko.

Noiz ikasi zenuen euskara?
Duela 20 urte, Madrilen. Euskal Herrira 1988. urtean etorri nintzen lehendabiziko aldiz. Neskalagunak Bilbora etorri behar zuen, garai hartan egiten zebilen tesia dela-eta. Ni ere animatu nintzen bertora etortzera, baina Bilbora baino, Donostiara joan nahiago izan nuen.

Derioko Berbalagun Tximintx euskara elkartearen ekimena da. Zertan laguntzen dute proiektu horiek hizkuntza baten ikaste-prozesuan?
Hizkuntza horretan hitz egiteari diogun beldurra kentzen, gramatika praktikan jartzen, gauzak hobeto gogoratzen… Horretaz aparte, hizkuntza pertsona bihurtzen da, hau da, hizkuntza horrekin harreman emozionala izaten laguntzen digute. Eta beste mundu batean murgildu ere egiten gaituzte. Euskaldunen mundua beste mundu bat da, eta Berbalagun bezalako ekimenek mundu horretara eramaten gaituzte.

Eta nola galdu euskaraz hitz egiteko lotsa?
Ba, ekimen horiek erabat baliagarriak dira. Ikasten dabilena babestuta sentitzen da: beste pertsona biren aurrean hitz egingo du, baina horiek ez diote hainbeste zuzenketa egingo. Elkarrizketa nagusi da, eta zerbait ulertzen ez badu, galdetzen du lasai asko. Era berean, besteek hitz egiteko orduan erabiltzen dituzten esamoldeak-eta bereganatzen ditu. Horrek asko laguntzen du, izan ere, gauza bat da hizkuntzaren gaineko teoria ikastea, eta beste bat, hizkuntza hori erabiltzea.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).