Aurten Txorierriko euskararen eguna Derion izango da

Erabiltzailearen aurpegia tximintx 2007ko aza. 15a, 11:40
Horren inguruko elkarrizketa egin diote Laura Martinezi Aikor aldizkarian.



Abenduaren 3an Euskara Eguna ospatuko da eta data horren inguruan hainbat ekitaldi edukiko ditugu Txorierrin azaroaren 30etik abenduaren 4ra bitartean. Euskara Egunak 7. edizioa beteko du aurten, eta Derio izango da horren eszenatokia.

Txorierritar guztiengan pentsatuz antolatu dituzue ekitaldiak: umeentzako zein gazteentzako antzerkiak, helduentzako bertso-saioa, EKO musika-ikuskizuna… Hala ere, eskoletako ikasleek ekintzetan partehartze handiagoa izatea nahi izan duzue eta nobedade batzuk egongo dira…
Bai, gure helburua, umeak ekitaldiak ikusi ez ezik ekintzetan bertan ere inplikatzea izan da, eta horretarako egun batzuk lehenago eskoletan ekintza horiei buruzko prestaketak egingo dituzte. Horiek horrela, eurei zuzenduta dauden ekitaldien aurretik ekintzen aurkezpena egin dezatela pentsatu dugu. Euskara Eguna aurten Derion ospatuko dugunez, bertako eskolako umeak izango dira beste eskoletakoei aurkezpena egingo dietenak, eta datorren urtean dagokion herriko umeak izango dira aurkezleak. Beste alde batetik, Lau teilatu abestia hartu eta Txorierrirekin lotutako hitzak jarriko dizkiote abestiari bertsogintzan dabiltzan gaztetxoek, ume guztiek ikas dezaten. Era berean, eskola bakoitzak hizki batzuk hartuko ditu ‘euskara’ hitzetik, eta eskoletan kartulina desberdinetan margotuko dituzte. Gero, eszenatokian guztion artean osatuko dute ‘euskara’ hitza, ume guztiek Lau teilatuko “txorierritarren bertsioa” abesten duten bitartean.

Batzuk eskola pribatuetako umeek ezin dutela Txorierriko Euskara Egunean parte hartu kexatu dira…
Lehenengo eta behin, aztertu beharko litzateke Txorierriko zenbat ume dauden eskola pribatuetan, eta portzentajea oso txikia izango litzateke, ziur asko. Gure filosofia hau da: gauzak bertokoentzat antolatu behar ditugu, eta eskola publikoetan dauden ume guztiak Txorierrikoak dira, salbuespen barik. Badakigu, idealena Txorierrira ikastera datozenentzat eta ikasle guzti-guztientzat ekintzak prestatzea dela , baina kasu honetan kopuruak itzel igoko lirateke eta antolakuntza aldetik ezingo genioke aurre egin.

Ekitaldiak eskolako ordutegitik kanpo egitea konponbidea izan liteke.
Baina eskarmentuagatik badakigu jende gutxi hurbiltzen dela eskola-orduetatik kanpo antolatzen diren ekitaldietara. Herri bereko umeak hurbil litezke, baina beste herrietakoak, ostera, oso gutxi. Ekitaldiak eskolako ordutegiaren barruan egiten badira, berriz, mugimendu eta partehartze itzela egoten da.

Zein helburu du aurtengo Euskara Egunak?
Urtero duena. Tristea da Euskara Eguna egin behar izatea, baina uste dut urteetan egiten jarraitu beharko dugula. Helburua jendea euskararen inguruan kontzientziatzea da, umeek euskarari buruz hitz egin dezatela egun batzuetan behintzat, euren artean euskaraz egin behar dutela kontura daitezela… ez dakit horrekin lortzen den ala ez. Urtean zehar hainbat kanpaina egiten dira euskararen inguruan, eta gauza txiki horiekin zerbait handia lortuko ahal da! Guk, behintzat, horren itxaropena dugu.



Aurreko edizioei begira, zelan izan da partehartzea?
Ekintzen arabera. Batzuk oso arrakastatsuak izan dira; Benito Lertxundiren iazko kontzertua, esate baterako, eta beste batzuk ez hainbeste. Hala ere, aurretik sumatu ezin den kontua da hori: batzuetan ekitaldi batek arrakasta itzela izango duela pentsatzen duzu, eta ez da horrela izaten. Edo alderantziz.

Txorierri, berez, eskualde euskalduna da; hala ere, gaztelera nagusi da berton.
Kanpotar asko datozkigu bertora bizi izatera eta horiek gazteleraz egiten dute. Txorierriko populazioa gora doa etengabe eta ondorioz, eskualdea erdaldunduz doa. Kanpainak egiten dira jende erdalduna euskara ikastera animatzeko, seme-alabak D eredura eramateko… Baina gutxika-gutxika jorratu ahal dugun bidea da; ez urte batean edo bitan, baizik eta urte askotan. Beste alde batetik, bertokoak ere animatu behar dira euskaraz egitera edo dakitena erabiltzera.

Mankomunitatetik hainbat kanpaina aurrera eraman duzue –merkataritza arloan, eskoletan, udaletako barne planak, elkarteei zuzendutakoak…- baliagarriak dira horiek benetan?
Guk espero genuena baino okerrago atera diren gauzak egon badaude: seme-alaba euskaldunak dituzten guraso erdaldunei zuzendutako hitzaldiak, adibidez. Baina arrakasta izan duten hainbat ekimen ere badaude: euskararen aldeko jaietara joateko autobusak, Berdinean ere, eman euskaraz kanpaina, elkarteei zuzendutako itzulpen zerbitzua, merkataritzan aurten egin ditugun bi kanpaina bereziak…. eta abar. Gure eginbeharra Txorierri ahalik eta euskaldunena izatea da, eta hori lortzeko ahaleginetan jarraituko dugu.

Lehen aipatu duzun moduan, tristea da Euskara Eguna ospatu behar izatea.
Bai, beste hizkuntza batzuek ez dute horrelakorik behar, erdarak edo ingelesak adibidez, eta Euskara Eguna existitzen den bitartean, oraindik ere beharrizan handia dagoela esan nahiko du horrek. Beno, halako ekintzen bidez euskara erabiltzea lortzen da, behintzat… Hemendik 20 urtera Euskara Egunik ez badago, xanpainarekin ospatuko dugu. Bitartean, txorierritar guztiak antolatutako ekintzetan parte hartzera animatu nahi ditugu. Guztiontzako ekintzak daude eta ondo pasatzea eta euskara erabiltzea da gure helburua.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).