Berbalagun, euskararen ahotsa Txorierrin zabalduz

Erabiltzailearen aurpegia tximintx 2008ko ira. 24a, 00:00




Testua: Oihana Astobieta

TOTOAN Txorierriko Euskara Elkarteen Federazioak eta Mankomunitateak Berbalagun proiektua jarri dute martxan. Proiektuak helburu hau du: euskaldunak eta euskalduntzen dabiltzanak harremanetan jartzea elkarrekin, euren artean euskara modu naturalean erabil dezaten herriko edozein txokotan.

Asko dira euskaraz berba egiteko ohiturarik ez duten txorierritarrak. Batzuek ume-umetatik jakin arren, ez dute euskaraz berba egiten, eta beste askok, ostera, nagusitan ikasi dute euskara, baina gero ikasitako hori ez dute praktikatu. Arrazoiak ere asko izan daitezke: txarto egingo duten beldurra, lotsa... Edo, beharbada, norekin berba egin ez edukitzea. Berbalagun egitasmoa hutsune hori betetzen ahaleginduko da eta horretarako, euskaldun berriak eta euskaldun zaharrak batuko ditu. Batzuek hizkuntza praktikatu ahal izateko; eta besteek euren ezaupideak konpartitu ditzaten. Guztiek euskaraz berba egiteko ohitura barnera dezaten.

Baina Berbalagun proiektua ez da berria Txorierrin. Arrekikili Larrabetzuko euskara elkarteak aspaldi bultzatu zuen urian, eta Tximintx euskara elkarteak duela hiru urte jarri zuen martxan Derion. Aurtengo ikasturtean bailara osora zabalduko da proiektua, beste herrietako euskaldunek ere har dezaten parte esperientzia zoragarri honetan. Berbalagun egitasmoa TOTOANek (Arrekikili, Zorrizketan, Lagatzu eta Tximintx) eta Txorierriko Mankomunitateak antolatu dute elkarlanean, AEKren eta Udal Euskaltegiaren laguntzarekin. Era berean, babesa jaso dute Eusko Jaurlaritzatik eta Bizkaiko Foru Aldunditik.

Norentzat?
Berbalagun egitasmoa 17 urtetik gorako pertsonentzat da. Orain arteko parte-hartzaileek hainbat arrazoi aipatu dituzte Berbalagun proiektuan izena emateko: euskara praktikatzea, euskara maila hobetzea, euskara ikasten dabilenari lagundu gura izatea, lagun talde berria ezagutzeko aukera izatea, euskara plazaratzeko norberaren ekarpen txikia egitea, erdi ahaztuta duten hizkuntza berreskuratu nahi izatea.

Egitasmo honetan parte hartzeko bete behar den baldintza bakarra hau da: euskaraz berba egin nahi izatea. Eta horretarako, nahikoa da astean ordubete libre izatea. Berbalagun proiektuak euskaraz hitz egin nahi duten lagunak elkartuko ditu; non, noiz eta zertarako, parte-hartzaileek eurek erabakiko dute: kafe bana hartzeko, paseatzera joateko, seme-alabekin jolasteko, poteoan ibiltzeko, kartetan jokatzeko, mendira joateko...

Berba egin soilik?
Euskaraz berba egiteaz gain, hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera izango dute berbalagunek. Izan ere, egitasmoaren arduradunek ekintza osagarri sorta zabala antolatuko dute hilero, parte-hartzaileek elkar ezagutzeko eta euskaraz edozer egin daitekeela erakusteko: mendi irteerak, ikastaroak, bazkari-afariak, txangoak... Ikasturte amaieran, Mintza Egunean hartuko dute parte. Mintza Eguna Euskal Herri osoko berbalagunak batzen dituen jaialdia da.





Izena emateko
Tel: 635 75 35 95 (Oihana)
e-mail: txorierri.berbalaguna@gmail.com
Non: Txorierriko Mankomunitatea, Txorierriko euskara elkarteak, udal euskaltegia eta Txepetxa AEK euskaltegia.
Noiz arte: urriaren 24a

Nondik norakoak
Mintzapraktika programen mugimendua Donostian sortu zen 1993. urtean, Bagera euskara elkartearen eskutik. Geroago, Lasarte, Arrasate eta Getxora zabaldu zen. Programen inguruko lehenengo mintegia Eibarren egin zen 1998. urtean, eta handik urte batera Mintzapraktika batzordeak sortu ziren AEKn eta Topagunean (Euskal Herriko Euskara Elkarteen Federazioa). Bizkaian Berbabarri egitasmoa aurkeztu zen 2001. urtean. Egitasmoa Bizkaiko Foru Aldundiak, AEK-k, Uztarri euskaltegiak eta Topaguneak bultzatu zuten, mintzapraktika programak koordinatzeko. Bost urte geroago hitzarmena sinatu zuten Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean aritzeko, eta iaz AEK eta Topagunearen artean gauzatu zen akordioa.
Herrien eta euskalkien arabera, izen ezberdinak erabiltzen dira mintzapraktika programak izendatzeko: Berbalagun, Mintzalagun, Mintzakide, Solaskide, Zahar-berri... Gaur egun 48 mintzapraktika egitasmo daude Euskal Herrian; 2.450 berbalagun inguru.



“Gura dugu eta euskara hutsean egingo dugu. Kito”

Berbalagun egitasmoa orain bost urte jarri zuten martxan Larrabetzun, eta Isabel Etxebarria “Xiberu” da arduradunetako bat.



Euskaldun zaharra zara? Berria?
Euskaldun berria.

Noiz hasi zinen euskara ikasten?
Hamalau urte nituela. Haiek beste garai batzuk ziren. Koadrilako gehienak batera euskaldundu ginen, eta “berbalagun” egitasmoa era ezin naturalagoan gauzatu genuen: gura dugu eta euskara hutsean egingo dugu. Kito.

Zergatik jarri zenuten martxan Berbalagun egitasmoa urian?
Arrekikili euskara elkartetik bultzatu zen orain dela bost urte. Beste herri batzuetako egitasmoen berri bagenuen, eta, beste alde batetik, urteak generamatzan Larrabetzuko erdaldunak euskara ikastera animatzeko ideiarekin. Ezagun euskaldun batzuk konbentzitu genituen bariku arrastietan euskara gutxi zekitenekin osteratsu batzuk egiteko, eta handik aurrekoa historia da jadanik.

Noiz batzen zara zeure taldeko lagunekin? Zertarako?
Astean behin batzen gara ordubetez, kafea hartzeko orduan.

Beste ekintza osagarririk antolatzen duzue?
Hasieran ikastarotxoak antolatu genituen, norberaren trebetasunak eta ezaupideak elkarri erakusteko. Eta, bide batez, afaritxoak-eta egiten genituen.

Zelango ekarpena egiten dizu euskara ikasten dabilenari laguntzeak?
Pena ematen du ikusteak jendea zenbat ordu sartzen dabilen euskara ikasten, eta ikasitakoa zein gutxi aprobetxatzen duen. Haiei laguntzeak ekarpen hau egiten dit: nahiz eta herri euskaldun batean bizi, jendeak euskaraz egiteko duen beldurra ken daitekeela sinestea.

Zenbat berbalagun zarete Larrabetzun?
Kopurua aldatzen doa urterik urte. Gainera, urte bi daramatzagu euskara tailerra egiten. Hori Berbalagun egitasmoaren osagarria da. Iaz 20-25 bat lagun ibiliko ginen egitasmoan. Jendea animatu nahi dut Berbalagunera etortzera, euskara tailerrera etortzera... Baina, batez ere, euskaraz egitera, gure esku dago-eta.


BERBALAGUN EGITASMOA TXORIERRIN



Jakingo dozuen moduan, Txorierriko Mankomunitateak 2007 urtean hurrengo 4 urtetarako Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia onartu eban, 2007-2010 urteetarako plana hain zuzen be, eta horretarako hainbat txorierritarren iritziak jaso genduazan, nondik nora jo erabaki ahal izateko.

Iritzi horreen artean, nagusienetako bat txorierritar askok euskara jakin badakiela, baina gero ez dabela erabiltzen izan zan. Ba omen dagoala zeozelango lotsa, beldurra, konfidantza eza… eta horri zelan edo halan aurre egin behar geuntzala.

Ganera bertoko euskaldun zahar askoren artean be, badago euskeraz txarto berba egiten daben sentsazinoa, euren euskera txarra, zatarra edo antzeko zeozer dalakoan.

Horrexegatik, eta gure hizkuntza Txorierriko kaleetan gehiago entzun ahal izateko Berbalagun egitasmoa Txorierri osora zabaldu gura izan dogu, orain arte bai Derion bai Larrabetzun martxan izan dan egitasmoa izanik, nahi daben txorierriztar guztiek norbaitegaz euskaraz berba egiteko parada euki dagien, eta gure euskera eskoletatik aparte beste edonon be entzun eta erabili dagigun.

Animatu zaiteze bada taldeetan parte hartzera eta euskera erabiltzera. Badakizue, “PIXKA BAT ES MUCHO”.

Sorkunde Aiarza Begoña, Txorierriko Mankomunitateko Euskara Arduraduna

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).