Aikorrizketan (II)

Erabiltzailearen aurpegia tximintx 2009ko aza. 5a, 00:00

Hilero Aikor! aldizkarian Juan Luis Goikoetxeak ekarten dabezan Txori eta Lukiren istorioak. –Egun on Txori! –Halan ekarri Luki! –Lezamako istripua zer neska? Itzelezko danbadea hormearen kontra! Hileko bat-eta! Zaurituetarikoak bion ezagunak! Zelan paseu leiteke hori? –Eztaipanipa! Tren gidariari, hil danari botatzen deutsie batzuk errua, arinegi joan dalako. Jendeak zer daki? Kontua da 2009an lanean hildako 70. behargina izan dala. –Istripu hau, neskato, zoritxarrez, ez da lehenengoa. Badakizu Bilbon badana kalea “Lezamako trenbide zaharra” deritxana. Handixe pasetan zan antxinako Lezamako trena, 1898an inauguratu zana. Zorigogorrez, 1900ean, urten egin eban errailetatik, eta 1901ean lokomotora bat lehertu jakon. Arrazoi horregaitik-eta, aldatu egin zan; oraingo trenbidea ez da ordukoa. Gaurkoa, 1908an inauguratu zan. Holakoak kontauta, bataren batek kaminoa seguruagoa dala esan leike. –Bai zera, Luki. Ez da urte askorik itzelezko istripua ikusi nebala Larrabetzutik Lezamarako bidean. Derioko Institutura etozan lau ikasle kotxean –denpora sobra barik– eta Larrabetzutik Lezamarako zatian astoa plantau jaken bide erdian belarri eta guzti, ez arre, ez iso. 120 zaldiko autoak astoa jo eta zentailea laseko triskantzea: gazteak arrakalaz beterik, besoren bat apurtuta-eta, baina sugertez, bizirik. Astoa, ostera, burua haizetako kristaletik barrura, hilik. –Ostean, haze nahastea asegurukoakaz- eta, ez? –Asegurukoak epaiketarako datuak batzen ibili ziranean (h)arrantza eta honantza, istripua ikusi eban amama moinodunak konteu eutsien asto difuntuak sarri-sarri gurutzatzen ebala kaminoa auzoko asto emeari bisita egiteko. –Asto horrek, Txori, bihotza eukan belarriak baino handiagoa. Bego zeruetako lantzarrean aske ze, solte dagoan astoa bedar txarrera eztoa. (Phelixier).

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).