LEZAMAtik BILBOra trenbide zaharretik

Erabiltzailearen aurpegia Txorierri Ezagutu 2011ko ots. 17a, 02:00

1895eko tragedia. 1895eko uztailaren 7a da. Goizeko 8:30etan Lezamako tren geltokian dozena bat bidaiari “txokolatera”-ra igo dira. Zarata eta ke artean martxan da. Apur bat berandu heldu den batek karra egin eta hartu egin du. Denen aurpegiak harrituta daude. Egia esan, egun batzuk baino ez dira trena inauguratu dela, eta oraindik ez zaie harridura aurpegia kendu. Zamudion eta Derion geldiunea, lagun gehiago igotzen dira trenera. Denak trenaz berbetan. Aurrean harro ke beltza zerura botaz “Lezama” lokomotora, atzetik formal-formal 3 bidaiari-kotxe eta furgoi bat. Derio ostean ezkerraldera biratu du, Asua erreka gurutzatu eta Artxandako maldak hasi da igotzen. Bihurgune handiak, eguzkia atzetik zein aurretik joz. “Igoko deituz honek aldapak?” dio batek, “Bajatu behar ku, eta bultzeu” besteak txantxetan. Denetara 34 lagun. Artxanda gora doaz, apurka-apurka. Fogoneroak nahiko lan dauka ikatz-egurra makinara sartzen.
Istripua izan zuen “Lezama” lokomotoraren bikia
San Roke ermita parean trena gelditu egin da. Bertan harro biak dagoz eta trenari beste 3 bagoi lotu dizkiote, 18 tona harri. Berriro martxan eta tunela. Karra doaz leihoak ixtera, baina berandu, “olline” barrura sartu eta soinetik kendu ezinik dabiltza, goizean garbirik erara jantzitako soinekoa lohitu zaiola eta, haserre dabil andrea. Bilbo bistan dutela aldats behera hasi da trena. Begoña pasa eta arin doa trena. Egia esan, arinegi doa. Makinistak nahiko lan du orain galgari tiraka. Trenak pisu gehiegi daroa, ezin eutsi, “kanteran hainbeste harri hartu ez bagendu”. Baina jada ezin da ezer egin, geroago eta arinago, Zurbarango tunela igaro ondoren, bidaiariak konturatu eta oihuka hasi dira, batzuk ate eta leihoetatik martxan botatzen dira, handik lasterrera tren osoa karriletik kanpo jausten da, hiru metroko altueratik. Lehen klaseko kotxea atzeko furgoiaren azpian geratu da, beste bagoiak hankaz gora. Amaitu da bidaia, odola da nagusi. Tragedia kontsumatu da. 13 hildako eta 18 zauritu tren inguruan. Salbatu direnen artean makinista. Fogoneroa kiskalita hil da. Andra batek bere umea leihotik bota du, umea salbatu egin da, ama ez. Egun tristea Txorierrirentzat. “1894-1994. Bilbotik Lezamarako Trenbidearen I. Mendeurrena” liburutik egokitua
2002an, antzinako trenbidetik Ehun eta piku urte pasa dira tragedia egunetik. Lezaman trena hartu dugu, ez du ke beltzik botatzen, ez du lehengo zarata egiten, martxan ere ezin da hartu. Leihatilatik lantegiak, pisuak, txaletak, lantegi gehiago ikusgai. 1895 urte hartako pasaiariek ez zuten ia ezer ezagutuko, baserriren bat akaso, Zamudioko eliza eta dorretxea, eta gutxi-gehiago. Derion trena utzi dugu, oinez jarraitu beharko dugu eta. Gasolindegiaren ostean bidetxo bat dago ezkerretara, trenbidea gurutzatu eta eskuinetara joz etxe barri batzuk eta baserri zahar bat (Ditxine eta Baztine) aurkitu ditugu (1). Hortik aurrera oraingo trenbidea, Sondikarantz doana, ezberdina da, geroago egindakoa. Baina guri antzinako bidea interesatzen zaigu.
(1) “Ditxine” baserri aurrean banatzen dira antzinako trenbidea eta oraingoa.
Baserri aurretik pasa eta ezkerretara (hegoalderantz) doan bidexka bat hartuta, ez da erreza topatzea, baina zuhaitz eta sastraka artean, urez betetako eremu bategaz egingo dugu topo. Horixe zen trenbidea. Laster landa bat gurutzatu dugu. Orain dela gutxi, bertan zegoen lubakiaren zuloa bete egin dutenez ez da gehiegi nabaritzen, baina belar mota ezberdinak salatzen du “zeozer” zegoela. Landa ostean ez da erraza egiten berriro “bidea” aurkitzea. Baina hortxe dago, albo bietan zuhaitz handiak, erdian txikiagoak eta sasiak, sasi asko. Kosta egin zaigu bidea zabaltzea, baina ez dauka galtzerik, artez-artez doa aurrera, batzuetan lubakia eginez, ingurukoa baino beherago, eta beste batzuetan “betegarriagaz” altuago. Asua errekaraino heldu gara (2). Burdinazko zubi baten oinarriak ei ziren harrizko hormak aurkitu ditugu. Erreka nahiko zabala da hemen eta gurutzatu ezinean Larrondorantz egin dugu. (Erreka beste aldera joanez gero, beste hormakaz aurkituko ginateke, alde honetakoak baino hobeto kontserbatu direnak, eta trenbidea eskuinetara doala ikusiko dugu oraingo Txorierriko autobidearekin topo egin arte.
(2) Asua erreka gurutzatzeko zegoen zubiaren aztarnak.
Trenbidearen zati bat honek hondatu du).Inguru guzti honek oihana ematen du gaur egun, eta zubiaren aztarnak Ameriketako inken tenpluenak bezain gaitza aurkitzea. Larrondotik hegoalderantz joanez, industrigune batzuk pasatuz eta behar den bide asfaltatua hartuz, aitzinako Larrondoko presa famatura heltzen da. Hainbatek ikasiko zuten bertan igeri egiten. Autobide azpitik pasatu, aldapatxoa igo eta Bidekrutze auzora heldu gara (3), Usena ondoan. Aldapatxoa amaitzen den lekuan antzina Bidekrutzeko tren geltokia zegoen. Gaur egun zaila egiten da imajinatzea, hemen lubaki handi bat zegoen, goian harrizko zubi polit bat zuela, eta bertan, kurban, tren geltokia. Badira urte batzuk dena eskonbrokaz bete zutela eta bidea asfaltatu. Goian ezkerretara jo dugu, ekialdera, sarrera partikularrak ebitatuz behera egin ostean ezkerretara doan bide asfaltatu luze eta artezak trenbide zaharrean gaudela diosku.
(3) Bidekrutze auzoan bideak luze eta artez jarraitzen du.
Txankele baserrira heltzean asfaltoa amaitu egiten da. Saiatu garen arren, sasiek ez digute utzi aurrera egiten eta ezkerretara eginez muinora igo dugu eta Igiliz baserritik berriro errekara jaitsi. Hemen (4) trenbideak ikusgarria den bihurgunea egiten du eskuinetara, errekari bidea uzteko tunel antzeko bat zegoen (argazkian orain dela 10 urte) eta gainetik altuera gainditzeko harriz eta lurrez egindako itzelezko obra. Baina... Gaur egun ez dugu aurkituko ez tuneltxoa eta ezta gainekoa, kontatu digutenez orain dela 5 edo 6 urte, urak baltsa handia egin eta dena aurretik eraman zuen. Horregatik errekaraino jaitsi behar izan dugu, berau saltatu eta berriro trenbidera igo. Hemendik aurrera dena da errazago.
(4) Orain dela hamar urte ateratako argazkia. Gaur egun tuneltxoa desagertu egin da.
Beste bihurgune bat aurkituko dugu beste erreka bat gainditzeko (5), merezi du errekaraino jaitsi eta ura pasatzeko tuneltxoa ikustea.
(5) Errekako uraren pasabidea. Trenbidea goitik doa.
Aurrerago Artxanda-San Roketik Olaraino doan errepidea gurutzatu behar dugu, Mendikoetxe baserri parean (6). Bidea ez galtzeko etxe barri baten goiko aldetik pasatu gara, trenbidea landuta dagoenez solo baten bazterretik joan gara une batez. Ur depositu baten ostean, gaueko lanen aztarnak topatu ditugu bertan, bidea erdi asfaltatuta dago. Ez dago galtzerik. Apur baten geldituta orain dela 100 urte bazter honetatik “txokolatera” igoten imajinatu nahi dugu. Ez da erreza.
(6) Zuhaitz artean Mendikoetxe baserrira heldu aurretik.
Ezkerretara etxe bat utzi eta laster goazen bidea “amaitu” egin zaigu. Norabidea mantenduz mendi barrurantz egin dugu. Basa artean, non zapaltzen dugun kontuz gabiltzan bitartean zulo ilun baten aurrera heldu gara (7). Trenaren antzinako tunelaren ahoan gaude. Linternak atera eta sartu egin gara bertan. Ura eta lokatza dauden arren ez da gatxa egiten duen hormatxo baten gainetik ibiltzea. Linternaz argiztatuz sabaian denborak egindako estalaktitak ikusi ditugu. Erditik aurrera ezina egin zaigu jarraitzea, urez beteta dago eta.
(7) Tunelaren sarrera Txorierri aldetik.
Atzera egin eta Artxandara igo ondoren, tunela lehengo Nogaro (Euskal Sena jatetxea gaur egun) azpitik doala konprobatu dugu. Tunelaren irteeraren bila joan gara beste aldera. Granja zahar baten atzean, kostata baina aurkitu dugu (8). Apurka-apurka Begoñaraino doan “Via vieja de Lezama” kalea da jarraitu beharrekoa. 1895eko bidaia amaitu dugu.
(8) Tunelaren sarrera Bilbo aldetik.
------------------------------ Amaitzeko esan beharra dugu ezezaguna bezain ederra den antzinako trenbide hau oso erraz eta kostu gutxigaz paseorako ibilgarri jarri daitekeela. Zati bat oraingo autobideak jan zuen (mapan 2tik 3ra), beste zatia (1etik 2ra) laster desager daiteke industrialdea bertatik zabalduko delako. Beste aldetik Bizkaiko Aldundiak bere bidegorri planen barruan Artxanda-Bidekrutze (3tik 7ra) zatia egokitu beharra aipatzen du eta Bilbo-Mungia bidegorri proiektua ere badauka (14 km-ko 9. ardatza izendatzen duena). Ea laster Deriotik Bilbora behintzat oinez edota bizikletaz joateko leku zoragarri hau erabili dezakegun. Bidea egina dago, egokitu behar besterik ez.
Testua eta argazkiak: Jose Angel Mentxaka Aikor!06 (2002ko ekaina)

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).