Anguleri jauregia
Baliteke Zugaztitarren dorretxe zaharra kokaturik zegoen lekuan XVII. mende erdialdera eraikitako jauretxea izatea. 177an berreraikia izan zen. Jauregi honek Meabetarren armarria du ikusgai etxe osteko ate gainean.
Orain, etxetzarretik iparralderantz doan gurpidea hartuko dugu. Gaztelumendi aurrez aurre dugu: inguruan pinuak, arkaziak eta haritzak. Azken haritzean zurezko hesi bat gainditu eta trokarroko beresirantz goaz. Gurpidea bidezidor bihurtzen da eta sahats eta haritz artetik errekara helduko gara. Zeharkatu eta aldapan behera joango gara ezkerreko barrenetik gaztainondo, haritz, arkazi, arte eta lizar artean.
Ostera, 20 bat metro behera eginez, arkaziak nagusi diren gune bat ikus dezakegu. Halaber, hesi ondotik jarraituz eta beste errekatxo bat zeharkatu ondoren pinudia aurkituko dugu. Beti errekaren ezkerraldetik beherantz jarraituko dugu, arkazi, hurritz eta haritz artean, aipatutako errekatxo biek bat egin arte.
Ekialderantz jarraituz, erreka pinudian sartzen da. Bi hesi gainditu eta gero txabola bat aurkituko dugu. Beronen ipar-ekialderantz dagoen gurpidetik beste errekatxo bat zeharkatu eta metro gutxitara S. Joan baselizaren hondakinak topatuko ditugu.
Bolunburu baserria
XVI. mendeko estiloko eraikina, abeltzaintzarako egina; beheko aldean korta, lehenengo solairuan bizilekua eta bigarrenean lastatia ditu.
Bideari jarraituko diogu Alaio auzunera heldu arte. Hemen Errepublika garaian egin eta ia erorita dagoen auzo eskola bat ere ikusi ahal izango dugu. Hemendik hego-mendebalderantz dagoen baserrira jo behar dugu. Bertara goazela, bi edo hiru aldiz alanbrezko hesiak zeharkatu beharko ditugu Gangoiti baserrira ailegatzeko.
Baserri honen mendebaldera dagoen trokarrora abiatuko gara errekarekin topo egin arte. Errekaren ezkerraldetik jarraituko dugu. Pinu ugari badago ere, pagoak, haritzak, lizarrak eta makalen bat ikusi ahal izango ditugu.
Pinuditik irteterakoan, Goikola auzunetik 500 metrotara aurkitzen gara. Segi erreka bazterretik eta eskuinetara ikusten dugun lehen baserria Ametza da.
Testua: Itxaso Marina
"Bidatzak eta ibilbideak Larrabetzun zehar" liburutik ateratako informazioa
Aikor!08 (2002ko iraila)