Rafa Rueda, abeslaria: “Gero eta gusturago sentitzen naiz bakarlariaren paperean”

Aikor aldizkaria 2007ko ots. 16a, 15:21
Testua: Gotzon Barandiaran
Aikor! aldizkariaren 5.urteurrena ospatzeko ekitaldian Mikel Urdangarin eta Rafa Ruedak lau kantu eskaini zizkiguten. Orduan Mikelek jarri zuen ahotsa, oraingoan, Rafak. Larrabetzun, lehenengoz, Goikoelexaldeko jaietan ezagutu zintugun, Broken Bihotz taldean. Bai. Duela 14 urte edo izan zen. Diskoa kaleratu berria genuen eta uda horretan kontzertu dezente egin genituen. Sasoi horretan asko ibiltzen nintzen inguruko herrien jaietatik eta Goikoelexaldekoak famatuenetarikoak ziren. Akelarre taldearen teloneroak izan ginen. Gaur egun herri txikietako jaiak nola aldatu diren ikusita, edadea gora doala datorkit burura. Horren ostean, sortu zenuten PILT. Zerk eragin zeuen estilo aldaketa hain nabarmena? Broken Bihotz taldearen partaide guztiak -ni izan ezik- aldatzen joan ziren apurka-apurka eta azkenean gelditu ginenok musika estilo gogorragoak entzuten genituen sasoi hartan. Azkenean, estiloarekin batera, izena ere aldatzea erabaki genuen. Eta horrela sortu zen PILT. PILTek zenbaterainoko arrakasta izan zuen? Lehenengo diskoarekin itzela izan zen, batez ere Hil da jainkoa abesti horregatik. Suerte handia izan genuen Radio 3eko lokutore bati barruraino sartu zitzaiolako eta emisora horretan egunero hasi zirelako taldea jartzen. Horrek estatu osoko hainbat hirietan jotzea ekarri zuen eta, euskaraz kantatzen zuen taldea izanik, dezente jotzen genuen Euskal Herritik kanpo. Hurrengo diskoekin lasaitu zen apur bat, baina zalego fidela lortu genuen Euskal Herrian eta Espainian, eta hori ez da batere erraza. PILTekin esaten ez duzun zer esateko sortu zenuen Kea diskoa? Batez ere beste musika estilo bat jorratzeko sortu nuen bakarkako proiektua. PILTekin lau disko egin eta ordurako hainbat kanta gordeta nituen, estiloagatik taldean lekurik ez zutenak. Banenbilen zerbait ezberdina egiteko gogoarekin eta, laugarren diskoaren bira amaituta, momentu egokia iruditu zitzaidan proiektu berriarekin hasteko. Indarra alde batera utzi eta armonia eta melodiarekin gehiago gozatzea nahi nuen. Kea diskoarekin plazaratu zendun musikaren ikuskeraren eraginez deitu zintuzten Zaharregia txikiegia, agian, Ehunga-rrenean hamaika , Txuma Murugarren eta Mikel Urdangarinekin lanak egiteko? Guztiekin neukan erlazioa aurretik eta elkarrekin lan egitearena komentatzen genuen inoiz. Beste estilo leunagoetan gauza nintzela ikusteak ere, beharbada, eragina izan zuen baina beti ibili naiz tankera guztietako proiektuetan murgilduta eta, nahiz eta jende askori arraroa iruditu, niretzat ez da bat ere arrotza izan. Saredun eskua diskoa Kea diskoaren garapena da edo beste norabide baterantz egin duzu? Garapen naturala dela esango nuke. Sonoridade aldetik beste norabide bat eman nahi izan diot, teklatuaren erabilerarekin batez ere, baina kantugile moduan Kea diskoaren ildo bera jarraitzen du. Gero eta gusturago sentitzen naiz bakarlariaren paperean eta, nahiz eta asko daukadan ikasteko oraindik, bide onetik noala uste dut. Erabat ezberdina da taldean edo bakarka aritzea, are gehiago estiloa diferentea denean, eta sendotasun hori denbora eta egiteak baino ez dizu ematen. Horretan gabiltza. Musikari profesionala zara. Baina posible da Euskal Herrian musikatik bizitzea ala? Gauza asko egin behar dituzu. Proiektu batekin bizitzea oso zaila da baina sartuta nagoen proiektu guztiak oso gustukoak ditut eta gainera musikatik bizitzeko aukera ematen didate. Ziurrenik, proiektu batekin ibiliko banintz ezinezkoa izango litzateke musika ogibide izatea baina horretan ere suertea daukat, nahiz eta arriskua hor dagoen beti. 2008an diskoa grabatu behar duzula irakurri dugu. Bai. Proiektu berezia izango da eta gogo handiarekin nago lanean. Urte oso bat daukat aurretik gogor lan egiteko ondo atera dadin. Betidanik ilusioa egin didan proiektu bat gauzatzeko aukera etorri zait eta aukera aprobetxatzea espero dut.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).