Larrabetzun frontoirik ez, bolalekuak bai

Aikor aldizkaria 2007ko mar. 2a, 13:49

Testua eta Argazkiak: Sabin Arana

Goiko argazkia baino 100 urte lehenagoko artxiboetan hurrengoa batu zan: “Larrabetzuko urian 1816. urteko martxoaren 25ean, ni, Josef Gastelutarra, uri honetako biztanlea nazena eta behean sinatzen dodana , errege eskribauaren eta agiri honetan agertuko diran beste lekuko batzuen aurrean aurkeztu nintzan, udal kontseiluari honako hau proposatuz: Auzotarrek baimena ematen badeuste, neure kontura egingo dodala bolalekua, estalgarria eta guzti. Hori udaletxearen aurrealdean, plazarantz begira egingo neuke. Nik, Josef Gastelutarrak, ordainduko dodaz gastuak eta 14 urtetan bolalekuak emango dituan irabaziak neuretzat izango dira. Handik aurrera uriko kontseiluaren esku geldituko zan bolalekua.” Eta auzokideek onartu egin eutsien proposamena… “Antonio Zorroza alkatea, Migel Olazabalagatarra eta Goiriko Martin erregidoreak, Tomas Urizartarra fiela eta sindikatu orokorra…”. Suteak ia uri osoa suntsitu eban 1829. urtean, orduko udaletxea tartean. Beraz, argazkian agertzen dan bolalekua geroago eraikin eben. Baina gerraren ostean kendu egin eben, uriaren berriztatze lanak zirala-eta. Foteri eta Zubitaldeko zerra ondoan bolaleku pribatuak jarri ebezen beranduago. Sagardoa, txakolina pitxerra eta apustuak lirateke horren irudia. Elizalden, aldiz, bolalekua elizak berak antolatu eban, errentan jarriz. Gogoratuko dogunez, oraintsu desagertu da. Bertan aparkalekuak egin dabez. Zer egin! Argazki oinak: 1. XX. mendearen hasierako argazkia. Sakonean udaletxea eta aurrealdean bolalekua. Aurreko zuhaitzek adarrak nahiko altu dabez moztuta 2. Elizalde ezagutzen daunak ikusiko dau non egoan bolalekua. Lehen planoan, gurutzeak estalita. Gerraren aurreko argazkia dogu hau.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).