AUTOGESTIOA da Bidea

Aikor aldizkaria 2007ko mai. 9a, 09:18

Gutun hau Ali Etxartek, Marijo Ugaldek, Maripi Agirrek eta Eunate Guarrotxenak idatzi dute.

Gertu ditugu udal-hauteskundeak.Ohi denez sasoi horretan gure politikari eta agintariak gugana zuzentzen dira gure beharrak eta kezkak zeintzuk diren arduraturik. Botoak lortzen dituztenean, hor konpon Marianton, beste lau urte Guadiana lez. Eta sistema demokratikoa, antza, horretan datza. Ostera guk hiritarrok demokrazia zertan datzan badakigu hauteskunde sistema hau ezarri baino lehen. Gure asmoa ez da demokraziaren inguruko zirrikitu eta eztabaida filosofikoetan sartzea, hiritarron, jende xumearen, demokraziaren aldeko esfortzuak goraipatzea eta errebindikatzea baizik. Ildo horretatik jarraituz, demokrazia eratzeko ezinbesteko den hazia azpimarratu nahi genuke: AUTOGESTIOA. Eta autogestioak bere baitan eramaten duena: PARTEHARTZEA. “Auto” hitzaurreak “norbera” esan nahi du. Eta “gestio” hitzak, kudeaketa edo zerbait lortzeko bidea esan nahi du. Autogestioa beraz, talde edo pertsona batek bere interesak eta beharrak ezagutzeko kapazitatea eta ahalmena lantzen dituen prozesua da. Eta antolakuntzaren bitartez defendatzen ditugu gure helburuak eta beharrak, beste taldeen interesak eta beharrak ere aintzat hartuz eta defendatuz. Horrelako antolakuntza egoeran sortzen dira elkartasuna eta errespetua. Gaur egun, zoritxarrez, ahazten ari gara balore hauek. Autogestioaren ardatz nagusia, bestalde, partehartzea da. Hitz honek konpartitzea, sortzea eta laguntzea ditu oinarri. Autogestioa beraz, giza praktika lez, aukera ona da gure errealitatea ezagutzeko, aldaketa sortzeko, eta etorkizun hobeago bat pentsatzeko. Larrabetzuarrok ondo dakigu zer den autogestioa. Izan ere autogestio adibide interesgarriak aipa daitezke. Gure Eskolako Jantokia eta Hori Bai. Urte asko darama herri honetako jendeak indarrak batzen eta lan handia egiten gure hitza, nahiak eta beharrak aurrera eramateko. Oztopoak Instituzioetatik datoz. Alde batetik, gure Udaleko agintariek herriko umeen osasuna eta heziketaren gainetik, herriko merkataritzaren gainetik eta nekazarien gainetik enpresa pribatu eta boteretsuen alde jotzen dute. Gazteen ahotsaren gainetik, antolakuntza eta kulturaren gainetik, gazteen apaltasunaren bidean Gaztelekua egin nahi dute. Gorago dauden Instituzioak ere bide beretik doaz. Presioa eta mehatxuak dira nagusi hauen hitz eta ekintzetan. Indar handiak ditugu kontra, “demokratak” hain zuzen ere. Baina denon partehartzearekin autogestioren hazi erraldoia jarriko dugu. Aupa HORI BAI! Aupa ESKOLAKO JANTOKIA!

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).